Bere baserrian sortzen zen giroarekin konparatu du Bertsozale Elkartea Jexux Muruak (Altzo). Bera ezker abertzaleko joerakoa omen zen, EAJkoa osaba, Pinocheten aldeko fraide bat ere biltzen zen eurekin; eta amak isilik egoteko eskatzen zien guztiei. Zenbat buru, hainbat aburu dio esaerak. Baina kantatzen edo bertsotan hasten zirenean, denek bat egiten omen zuten. Hala azaldu zuen Muruak, atzo EHUko ikastaroetan Miramar Jauregian egindako hitzaldian: «Bertsoak, euskarak eta herriak batzen gaituen bilgunea gara».
1987an sortu zen Bertsozale Elkartea. Murua izan zen lehenengo langilea, eta, sorrera urte hartan, bakarra. Egun, 73 langile eta 2.260 bazkide ditu elkarteak. Horiez gain, boluntario ugari aritzen dira lanean. 2008ra bitartean, ardura ezberdinak izan ditu Muruak; besteak beste, elkarteko koordinatzaile lanetan aritu da. Ondo ezagutzen ditu bertsoaren ibilbidean parez pare agertu zaizkien oztopoak. Baina guztien bertsoarekiko afizioak batuta, aurrera egin dute urte horietan guztietan, «umil eta arduratsu».
Independentziaren zerga izena jarri zioten hitzaldiari, Bertsozale Elkartearen izaera independenteari eusteko izan dituzten arazoak direla eta. Baina Muruak nahiago du beste izenburu hau: «Nola izan nor bidean ito gabe?». Bere ustez, horixe izan da hasiera-hasieratik egin duten apustua. Ahal duten neurrian, bertsolaritzan ekarpena egiten saiatu dira, bainaeuren erabaki guneak mantenduta. Haren iritziz, proiektua abian jartzeko, «ezinbestekoa izan zen pentsatzea egin genezakeen ekarpen garrantzitsuena zela».
Bertsozale Elkartea sei elkarte txikiagotan banatuta dago. Egitura banaketa horren helburua Euskal Herriko errealitate ezberdinak kontuan hartzea da. Nabarmendu du elkartean jende asko eta pentsaera ezberdinekoak direla: «Ni asko, baina gu bat». Hastapenetatik, ideologia bat eta bakarra izan dute bertan aritzen direnek: «Bertsozaletasuna da gure ideologia». Euren pasioak bizirik iraungo zuela bermatzeko asmoz elkartu ziren bertsolari nahiz bertsozaleak. Bertsolaritza sustatuz euskararen normalizazioan euren apurra jartzea zen helburu bakarra. «Guk ez genion elkarri galdetzen nori ematen genion botoa».«Politikarik ez dugu egiten», esaten zuten hastapenetan. Dena den, gero ohartu ziren politika zela, hain zuzen, egiten zutena. Izan ere, «bertsolaritza, kultura eta euskara» sustatzen zuten euren lanaren bidez. Dena den, argi azaldu du eurek ez dutela joera politiko batekin bat egiten. «Kanpotik pentsatu den zerbait izan da hori».
Elkartearen izaera independentea dela argudiatu du. «Independentzia ez da bakarrik». Haren arabera, ez dira bi kontzeptuak nahastu behar. Sarritan leporatu izan diote elkarte «itxia» direla, baina eurek, beti kontatu izan dute albokoarekin. Izan ere, «gure erabakiak inguruak baldintzatzen ditu».Elkarteak erabakitzen du zer eta norekin adostu, hori da bere iritziz «independentzia». Gainera, «askeak» dira erakundeekiko, elkarte politikoekiko edo garaian garaiko joera sozial eta etikoekiko.
Dena den, haren iritziz, oso irekiak dira: «Ez gaude barrura begira. Elkarlanerako prest egon gara beti gurekin helburuak partekatzen dituztenekin».Bertsozale Elkartea irabazi asmorik gabekoa denez, harreman onak mantentzea lagungarriazaiola uste du: «Ezgara administraziora diru eske joaten; lankidetza aldarrikatzen dugu».
Elkartearen kohesioa eta indarra nabarmendu ditu,uste baitu euren izaera deskribatzen duten hiru ezaugarri nagusiak«sinesmena, autoestimu eta konfiantza» direla. Horrez gain, ibilbide gorabeheratsuari aurre egiteko, ezinbesteko garrantzia ematen dio «burugogorrak izateari». «Horrek ez du esan nahi inorekin haserretzen garenik»,
Azaldu du alde guztietatik eraso dutela bertsogintzaren oraina eta etorkizuna bermatzea helburu dituen proiektua. «Nola liteke hori gizarte moderno batean?». Euren artean izan ohi dituzten tentsioez gain, kanpoko eragileekin ere izan dituzte ika-mikak. Adibide gisa jarri du lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusian gertatutakoa: «Lehendakariak jarri nahi zion txapela irabazleari, baina guk argi genuen bertsolaritzarekin zerikusia zuen norbaitek jartzea nahi genuela». Hori dela eta, hamabost urteko etena izan zuten Eusko Jaurlaritzarekin. Batzuetan «erosotasuna» alde batera utzi behar izan dutela kontatu du.
Oztopoak oztopo, ibilbidearen arrakasta elkarte barneko kohesioak bermatu duela uste du. Betidanik izan dituzte gora-beherak, baina, horri aurre egiteko, pentsatzen du ezinbestekoa dela kide bakoitza eroso sentitzea. «Elkar jasan behar dugu». Haren iritziz, erabakiak hartzeko duten metodoak ekarri du kohesio hori ez ahultzea. Izan ere, zuzendaritzak erabakitzen ditu oinarrizko kontuak, eta, gero, erabaki ahalmena talde txikiagoetara hedatzen da. Talde horiek askeak dira lanerako orduan. «Horrela, jendea kontuan hartua sentitzen da».
Gainera, esperientziak irakatsi die bozketak ez diela funtzionatzen erabakiak hartzerako orduan. Esaterako,probintzia batekoak besteetakoak baino gehiago badira, euren alde litzateke emaitza. «Gehiengo batek gutxiengoa zapaltzen du». Horregatik, akordioa lehenetsi dute bozketaren aurretik: «Elkar konbentzitzen saiatzen gara, eta, ez badugu lortzen, orduan egiten dugu bozketa».
Jexux Murua. Bertsozale Elkarteko koordinatzaile ohia
«Bertsozaletasuna da gure ideologia»
Bertsozale Elkartearen arrakastarako gakoak azaldu ditu Muruak. Izaera independenteari eusteko bidean, parez pare izan dituzten oztopoak kontatu ditu. «Umil eta arduratsu» egin dute aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu