Maitemintzea burua galtzea omen da, baina gizarteak ez du inolaz ere ikusi nahi eroa maitemindurik. Gai tabu hori hitzez eta irudiz irudikatzen du El infarto del alma liburuak, zeina 1994an Txilen argitaratu zuten. 2021ean Ediciones Comisurak berrargitaratu zuen zirrikituetan galdutako foto-liburu ederra da. Argitaletxe bat hasten den urtean ospitale psikiatriko baten bueltan testu hibrido galdu bat argitaratzea ez da erabaki komertziala, maitasun keinu zoroa baizik. Kalitatezko argitalpen guztien atzean ez al dago liburuaz maitemindu den editorea? Betidanik editorearen lana, batik bat gaur egun, berak ikusten duen edertasuna besteek ikusaraztean datza. Liburuan, argazkiak Paz Errazuriz argazkilariarenak dira (Santiago, 1944), eta hitzak Diamela Eltit idazlearenak (Santiago, 1949). Lau eskutara ondu zuten El infarto del alma. Argazki guztiak bikoteenak dira, eta testuak, askotarikoak: prosa poetikoa, gutunak, saiakera laburrak eta testigantzak. Pinocheten garaian Errazurizek disidente sexualei egindako argazkiak oso ezagunak dira, eta bere ibilbidean nazioarteko sari ugari jaso ditu; Londresko Tate museoak eta New Yorkeko MOMAk bere lanen artean dute. Diamela Eltiten Vaca sagrada (1991) liburuak ezagun egin zuen Txiletik kanpo, eta 2018an Txileko Literatur Sari Nazionala jaso zuen. Eltitek izan du harremanik arte bisualekin: diktadura garaian CADA (Colectivo Acciones de Arte) taldeko partaide izan zen, Fernando Balcells soziologoarekin, Raul Zurita poetarekin eta Lotty Rosenfeld eta Juan Castillo artistekin batera.
Erotasuna eta maitasuna
R.D.Lang psikiatra eskoziarrak, antipsikiatria mugimenduaren pentsalari garrantzitsuenetariko batek, esan zuen medikuntzan psikiatria zela gaixoarekin etsaiaren harremana ezartzen zuen espezialitate bakarra. Antipsikiatriak psikiatria tradizionala deseraiki nahi zuen ospitale psikiatrikoaren izaera errepresiboa azaleratuz. Argazki liburuan Putaendo herrian dagoen Philippe Pinel ospitale psikiatrikoko pazienteen argazkiak daude. 1940an eraiki zuten, tuberkulosiak jota zeudenentzat, eta 1968an ospitale psikiatriko bihurtu zuten. Diamela Eltitek aurrenengo testuan hara lehendabiziko aldiz iritsi zeneko esperientzia kontatzen du. Aldez aurretik Paz Errazurizen argazkien bidez ezagutu zuen, baina han egoteak berebiziko eragina izan zuen idazlearengan.
Hainbeste bikote maitemindu ikusteak txunditzen du. Berak dio idazle dela hitzekiko duen maitasunagatik, eta bertan nolako bulkada dagoen hitzen bidez hausnartu nahi du. Maitasuna eta gaixotasuna harilkatzen dituen saiakera bat bihurtzen da liburua, hein batean. Tuberkulosi garaian ospitale psikiatrikoan bizi duena, debekua eta pasioa uztartzearekin alderatzen du ikuspegi erromantikotik. Azken finean bere testigantzan, literalki. Andre Breton eta surrealisten amor fou idealizatua ere badugu. Eta idazleak hain testuinguru latzean zaurgarritasuna, zaintza eta maitasuna ikusten ditu. Gizarteak baztertzen eta desio ez dituen gorputz zaurgarriek mugimenduan jartzen dute maitasuna. Eta argazkietan subjektu maiteminduak ditugu soilik. Argazkilariak elkarrizketa moduan atera ditu argazkiak, ez dira subjektu pasiboak. Jabetze moduko bat da ateratako erretratua, ikusleari esango baliote bezala: «Begira, bikotea gara!». Ospakizun eta ezkontza konbentzionaletan inoiz ikusiko ez diren bikote ez-konbentzionalen argazkien bilduma bat da liburua.
Gaixotasunaren errepresentazio etikoa
Halako egitasmoa korapilatsua da. Nola irudika daiteke botererik ez duena eta gero nola idatz daiteke gizartetik at daudenei buruz? Bazterturik dagoen gaixoa munstro gisa irudika daiteke argazkian, alabaina, ez du halakorik egiten Paz Errazurizek. Ez dago botere harremanik argazkilariaren harremanean. Ezaguna da Susan Sontagek Diane Arbusen argazkilaritza kritikatu zuela errepresentazioaren etikaren ikuspuntutik. Bere ustez, freak moduan irudikatu zituen. Kontraesankorra badirudi ere, Susan Sontag eta haren semearen argazkia atera zuen Arbusek kritika zorrotz hori egin baino lehenago. Sontagen kritika zuri-beltza da, ñabardurarik gabekoa.
Badira kasuak non argazkilaritza errepresentatuaren egoera penagarria eraldatzeko tresna boteretsua den. Esate baterako, El infarto del alma liburuaren aurrekari gisa ikus daitekeen Sara Facio eta Alicia D'Amico argazkilari argentinarrek Julio Cortazarrekin egin zuten Humanario argazki liburua (1976). Egitasmoaren helburua Buenos Airesko ospitaleen baldintzak hobetzea zen. Bertako argazkiak gogorrak dira, gaixoak inolako zaintza gabe baitaude. Ez dira subjektu autonomo, eta askok ez dute ia harremanik argazkilariarekin, baina testigantza sozial eta politikoa eskaintzen dute argazkiek. Asmatutako izenburuak azaltzen duen moduan, humanitatearen parte dira erretratu lazgarri horiek. Humanario ez da berrargitaratu, eta gaiagatik arras zaila izango da berriz ere plazaratzea. Julio Cortazarren testua, Estrictamente no profesional, beste liburu eta antologien bidez hedatu da, eta ezaguna da argazkirik gabe. Bertan Cortazarrek erotasunaren eta zuhurtasunaren arteko muga zurrunen kontra idazten du. Saiakera hori gogoan irakurtzen da Diamela Eltiten ekarpena, eta haren sakontasuna eta edertasuna ditu.
Maiz anekdota bakarrak bizitzaren konplexutasuna azaltzeko gaitasuna du. Joseba Sarrionandiak honako hau kontatu zuen hitzaldi batean: bere lagun bat korrika egitera joaten zenean, Arrasateko ospitale paretik pasatzen zen. Egun batean, egoiliar batek patiotik gelditzeko eskatu dio, hitz egiteko asmoz. Elkarrizketaren bukaeran bota dio: «Nola dakizu ni ez nagoela zure aldean eta zu nire aldean?». Egia da bizitzaren uhinen arabera edonor izan daitekeela beste aldean, azken finean ez dagoela beste alderik, baizik eta humanitatearen alde bakarra. Horrexegatik hesiak, hormak eta gela giltzapetuak asmatu dira beste aldea eraikitzeko, besteei egotziz giza kondizioa.