'riKARDO iii ETA NI'
Horman Poster eta Dxusturi Teatroa taldeak indarrak baturik iritsi zaigu Rikardo III eta ni. Funtsean, Shakespeareren tetralogia historikoaren azken tragedia hartu eta horren gaineko entsegua irudikatu digute hiru aktorek Zuberoako dantzari baten laguntzaz.
Gauza jakina da aktoreek ondo baino hobeto ulertu behar dutela zer esaten duten eta oso bistakoa dela Ingalaterrako idazlearen jatorrizko testuak endredatuak suertatzen zaizkigula bai antzezle bai publikoari. Egun, hala gertatzen zaigu literatura unibertsaleko gainontzeko idazle klasikoen antzezlanekin eta horregatik bada teatro garaikidearen lan-ildo bat, non sortzaileak egokitzapen eta gaurkotze lanetan saiatzen diren bertsio ulergarriago baten alde. Eta askotan, izan tragedia edo izan komedia, bertsio berriak umorera jotzen ohi du, dibertimendua eta entretenimendua lortu nahian. Iraganeko adibide batzuk gogoan iltzatuak ditugu edadetuok: Els Joglarsen Odisea (1979), La Cubanaren La Tempestad (The tempest, 1986) eta, baita ere, berriagoak diren Ron Lalaren Folia (2013) eta Gabriel Chame Buendiak clown estilozko Othelo eta King Lear, besteak beste.
Rikardo III eta ni antzezlanak Leire Ucha (bikain), Ion Zumelaga, Eneritz Artetxe Aranazi euren burua luzitzeko parada ematearekin batera, jatorrizko obran sartu-aterak egiteko parada eskaintzen die. Batzuetan jatorrizko eszenak gorpuztuko dituzte, beste batzuetan, berriz, joko metateatralean arituko zaizkigu argumentua argitu, laburtu edota hobekuntzak iradokitzen.
Eszenografia landua eskaini digute. Oso egokia deritzogu argien disposizioari, sepia kolore aukeratu izanari, papera eta kartoiaren erabilerari, jantzien diseinuari. Soinu banda hasieratik 30 minutu pasatu ostean hasten da, eta denborak aurrera egin ahala ikuskizuna hobetzen eta aberasten joaten dela erakusten duen beste seinale bat da hori. Oso efektiboak dira Horman Poster-ek hainbeste maite duen txartelen maneiua, eta bereziki barregarria izan da bertsolariaren ariketaren eszena.
Rikardo III-ri buruzko euskal bertsio hau adeitsua da, erraz ikustekoa, ondo pasatzekoa, pixka bat dummies-entzako testuen izpiritu gozo eta kokinez asmatua.
Stephen Frearsen 2022ko The Lost King-en bezala, erregearen izaera krudela kolokan jartzen du, historia eta istorioen artean jolasti.
Bukatzeko, ni nago benetako estreinaldia Arriagakoa izango dela eta atzokoan urduritasuna zebilela oholtzan. Ni nago ordurako exekuzioa perfektua izango dela eta hortik aurrera ibilaldi luzea izango duela. Irribarrea aurpegian marraztuta atera ginen.