'Cerro Bayo'

Beste denboraldi bat Patagonian

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zuzendaria eta gidoigilea:Victoria Galardi. Aktoreak:Adriana Baraza, Ines Efron, Veronica Llinas, Nahuel Perez Biscayart, Guillermo Arengo. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 86 minutu.

Gontzal Agote

Haizeak zakar jotzen du Patagoniako bazter guztietan, oraindik ez du elurra bota, baina denak horren esperoan daude, eski denboraldiari behar bezalako hasiera emateko. Gertaera handia da hangoentzat; inguruko erregina aukeratuko dute, eta beroki dotoreak ateratzeko tenorea da. Patagoniarrek eskia praktikatuko dute, eta atzerritarrek, berriz, snowboarda. Urteak joan urteak etorri gauza gutxi aldatu dira munduko bazter galdu horretan.

Topiko turistikoetatik aparte, Patagoniako egunerokoa erakutsi nahi izan digu Victoria Galardik bere bigarren lan luzean. Ez du eremurik basatienetan bizi diren abeltzainen bizimodu gogorra modu epiko batez kontatu, Villa La Angostura herrixkan bizi den familia itxuraz normal baten gorabehera arruntak.

Lehen begiratuan giro onean bizi dira, inguruko patxadan, bakoitza bere arazo txiki-handiei tamaina hartu nahian. Kide bakoitzarengana pixka bat hurbilduta, fatxada horren atzean ezkutatzen den zikoizkeria ikusteko aukera izanen dugu. Egungo indibidualismoaren paradigma da familia horrena; inoiz ez zaie denei elkarrekin ikusiko, barne oreka ordenatu batean bizitzera kondenatuta baitaude.

Nolanahi ere, drama potoloetatik aldendu eta sinpatiaz begiratuko die zuzendariak bere pertsonaiei, bekatu txiki horiek ulertarazi nahiko balitu bezala. Horretarako, Cerro Bayo-k komedia arinaren tonua hartuko du, zenbaitetan modu arriskutsu batez AEBetako telesailen eredura hurbiltzeraino. Eta horrela pasatuko da film txiki hau, hanka puntetan, zarata handirik egin nahi izan gabe, Patagoniako istorio minimoen beste bilduma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.