Zinema. Estreinaldiak

Beste film batzuk

2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'The Watch'

Zuzendaria: Akiva Schaffer. Aktoreak: Ben Stiller, Vince Vaughn, Jonah Hill, Richard Ayoade, Rosemarie DeWitt, Nicholas Braun, Billy Crudup. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 98 minutu.

Bitxia da komedia honek proposatzen duen uztarketa. Batetik, ikusleen barrea eragin nahi duen film bat da; eta, bestetik, zientzia fikziozko hainbat osagai ditu: horien artean nabarmenena, estralurtarren agerpena. Ohioko auzune bateko biztanleetako bat hilik agertu ondoren, ingurua zaintzeko herri patruila bat sortzea erabakiko dute lau bizilagunek. Hasiera batean, inork ez ditu oso serio hartuko; aitzakia horrekin garagardoak musutruk edan nahi dituen lagun kuadrilla bat baino ez da. Halako batean, estralurtarren inbasio bat dirudienaren zantzuak aurkituko dituzte. Ben Stiller eta Vince Vaughn aktore ezagunak dira komedia honen protagonista nagusiak.

'Todo es silencio'

Zuzendaria: Jose Luis Cuerda. Aktoreak: Quim Gutierrez, Miguel Angel Silvestre, Celia Freijeiro, Juan Diego, Xoque Carvajal, Axel Fernandez. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2012. Iraupena: 119 minutu.

A manece que no es poco, egin zuen Jose Luis Cuerdak 1988an, kultuzko film bat gaur egun. Geroztik, hainbat film zuzendu ditu, eta horietako batzuek arrakasta dezente izan dute, hala nola Los girasoles ciegos eta La lengua de las mariposas filmek. Hain zuzen , Manuel Rivasek idatzi zuen istorio hori, eta bera da Todo es silencio-ren gidoiaren egilea. Filma 60ko hamarkadan abiatuko da, Galiziako kostaldeko herrixka batean. Han, bi mutiko gazte Ledaren maitasunagatik lehiatuko dira. Fins da horietako bat, eta Leda harekin maiteminduko da. Baina Finsek alde egin beharko du; hogei urte geroago itzuliko da herrira, polizia bihurtuta. Guztiz aldatuta ikusiko du ingurua; narkotrafikoak dena kontrolatzen du.

'Tinker Bell: Secret of the Wings'

Zuzendaria: Bradley Raymond. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 97 minutu.

Oraindik azaroan egonagatik ere, dagoeneko sumatzen da Eguberriak gertu daudela, eta zinema aretoetan egoera hori islatzen hasi da, egun horietarako hilabete pasa falta dela. Disney konpainiak ekoitzi duen animazio film hau horren adibide da. J.M. Barrie idazleak, Peter Pan pertsonaia sortzearekin batera, Tinker Bell pertsonaia ere sortu zuen. Haren inguruan, film sorta bat jarri zuen martxan duela zenbait urte Disneyk, eta honako hau laugarrena da; ustez, azkena ere bada. Neguko Basoa izenekoa toki debekatua da oraindik, baina Tinker Bell eta bere lagunak, debeku hori apurtu, eta basoan barrena abiatuko dira, ezustekoz beteriko bidaia batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.