Zinema. Estreinaldiak

Beste film batzuk

2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun

'Incendies'



Zuzendaria: Denis Villeneuve. Aktoreak: Lubna Azabal, Melissa Desormeaux-Poulin, Maxim Gaudette, Remy Girard, Abdelghafour Elaaziz, Allen Altman. Herrialdea: Kanada. Urtea: 2010. Iraupena: 130 minutu.

Ekialde Hurbileko gatazka beste modu batean ekarri nahi du gurera film honek. Denis Villenueve Wajdi Mouawaden antzezlan batean oinarritu da, Libanon eta inguruetan gertatzen den istorio hau egiteko. Jean eta Simon Marwan anaia bikiak dira. Denbora luzez hitz egin gabe egon ondoren, ama hilegingo da, eta sorpresa handia hartu dute. Notarioak gutun-azal bana eman die, eta horren bitartez jakin dute hilik uste zuten aita oraindik bizirik dela eta ezagutzen ez duten beste anaia bat dutela. Jeannek Libanora jotzea erabakiko du, familiaren jatorriaren bila. Handik gutxira Simonek bat eginen du harekin. Lurralde horretan errealitate berri eta gogorra ezagutuko dute. Filmak Kanada ordezkatu zuen Oscar sarietan, eta Valladolideko Semincin gidoirik onenaren saria irabazi zuen.

'Cuestión de principios'



Zuzendaria: Rodrigo Grande. Aktoreak: Federico Luppi, Norma Aleandro, Pablo Echarri, Maria Carambula, Pepe Novoa, Oscar Nuñez. Herrialdea: Argentina.Urtea: 2009. Iraupena: 115 min.

Anekdota txiki batetik abiatzen da film argentinar hau: Castilla zaharra erretiroa hartzeko zorian dago, eta ez du sobera maite Silva bere nagusi berria. Halako baten, aldizkari zahar bat gordetzen duela ohartu da, hain justu bere nagusiari bilduma osoa izateko falta zaion ale bakarra. Baina Castillak ez saltzea erabakiko du, dena salgai ez dagoela erakusteko. Hori ikusirik, Silvak jokabide maltzur bat hasiko du, eta gero eta tentagarriagoak diren eskaintzak eginen dizkio Castillari, hark ere dirua printzipioen gainetik dagoela erakutsi nahi baitio. Roberto Fontanarrosa idazle argentinarraren narrazio labur batean dago oinarrituta filma, eta Fontanarrosak berak hartu du parte gidoiaren idazketan, Rodrigo Grande (Presos del olvido) zuzendariarekin batera.

'Torrente 4. Lethal Crisis'



Zuzendaria: Santiago Segura. Aktoreak: Santiago Segura, Kiko Rivera, Tony Leblanc, Cañita Brava, Barragan, Xavier Detell, Enrique Villen, Francisco Gonzalez.Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011.Iraupena: 93 minutu.

Sinesgaitza bada ere, Torrente frankizia da azken urteotan zinema espainiarrak eman duen sailik errentagarriena. Hori dela eta, normala da laugarren bat egitea. Nobedaderik handiena da hiru dimentsioetan ikusten ahalko direla Torrente eta gainerako lagunen gorabeherak. Santiago Segurak urrats berri bat egin du landismoa ordezkatu nahi duen segurismoan, eta istorio berri honetarako laguntzaile ezin hobea kontratatu du, Kiko Rivera, Isabel Pantojaren eta Paquirri toreatzaile zenaren semea. Hori aski ez, eta telebista munduko «ospetsu» andana fitxatu ditu, Belen Estebanengandik hasita. Gauza jakina da Segurak negozioetarako duen abilezia, eta pentsatzekoa da film honekin milioi batzuk poltsikoratuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.