Beste film batzuk

2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

'Blog'

Zuzendaria: Elena Trape. Aktoreak: Oriol Puig, Marti Alonso, Xavier Ruano, Sara Gomez, Candela Anton, Irene Trullen, Pepo Blasco. Herrialdea: Katalunia. Iraupena: 108 minutu.

Kataluniako ESCAC zinema eskola azken urteotan egiten ari den lan eredugarriaren adibide da Elena Traperen lehen film luzea. Eskola horrek Escandalo Films ekoiztetxea sortu zuen; horrela, hango ikasleek aukera izaten dute ideiak praktikara eramateko. Dokumentalaren eta fikzioaren erdibidean, Blog filmak nerabe talde batek Interneten laguntzaz sortu duen benetako materiala du lehengai: bideoak eta testuak. Istorioaren jatorria AEBetan da; institutu bateko hamazazpi nerabek plan bat diseinatu zuten: denak aldi berean geldituko ziren haurdun. Zuzendari gazteak antzeko ideia bat garatu du, goi klaseko ikasle talde bat da protagonista, eta ingurutik desberdinduko dituen zerbait egiteko gogoa dute.

'Morning Glory'

Zuzendaria: Roger Michell. Aktoreak: Harrison Ford, Rachel McAdams, Diane Keaton, Patrick Wilson, Jeff Goldblum, 50 Cent. Herrialdea: AEB. Iraupena: 102 minutu.

Eskarmentu handi samarra du, baina Roger Michellen izena ez da batere ezaguna. Ez da harritzekoa, kontuan hartzen badugu egin duen filmik ezagunena Nothing Hill dela. Orain J.J. Abramsen ahalguztidunaren eskutik dator, Lost telesail ezagunaren sortzailea filmaren ekoizlea izan baita. Harrison Ford eta Diane Keaton elkarrekin ikustea da Morning Glory filmaren gauzarik interesgarrienetako bat; biak aktore handiak izandakoak dira, gaur egun errentetatik eroso bizi direnak. Telebistaren gaineko komedia honetan, aktore gazte batekin banatu behar dute protagonismoa, Rachel McAdamsekin. Becky Fuller telebista ekoizlea kaleratu dute, etakonturatu da ordura arte izan duen bizimodua nahiko tristea dela.

'Monsters'

Zuzendaria: Gareth Edwards. Aktoreak: Scoot McNairy, Whitney Able. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2010. Iraupena: 94 min.

Betidanik izan da irudimena aurrekontu eskasiaren kontrako antidotorik onena. Zinema klasikoan, B saileko filmek ederki erakutsi izan dute hori, gehienbat genero beltzean eta zientzia fikzioan. Zientzia fikzio generokoa da Monsters, eta, xumea bada ere, espero baino oihartzun handiagoa ari da izaten Gareth Edwardsen lehen film luzea. Ez zaio meriturik falta zuzendariari, filma zuzentzeaz eta gidoia idazteaz gain, argazkiaren arduradun ere izan baita. NASAren espaziontzi batek istripu bat izan du, eta AEBetako Mexiko Berriko lurralde zabala kutsatu du; inork ezin du bertan bizi. Prentsa argazkilari batek hara egin beharko du, nagusiaren alaba erreskatatu eta toki seguru batera eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.