Maria Mur Consonni argitaletxeko kidea eta Iratxe Retolaza literatur kritikari eta editorea albo banatan jarrita zituela aurkeztu du Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) bere hirugarren eleberria: beste zerbait. Nobela «queer eta mutantea» da, argitaratzailearen hitzetan; baita «erresistentzia ariketa literario bat» ere: «Jose Esteban Muñozen Utopia queer liburuari jarraikiz, Sarriugarte queer distiraren bila dabilela esan liteke. Hetero heziketak utzitako zaurietatik abiatuta, harreman logika berriak nahi ditu plazetatik».
Amorrutik idatzita dagoela nabarmendu du Murrek, baina ba omen du festa eta jarrera ukiturik ere: «Pertsonala eta kolektiboa uztartzen ditu. Oso punk kutsukoa da». Nerabezaroaren pasarteek «hunkitu» egiten dutela ere esan du, eta aitortu negar egin zuela lehendabizikoz irakurri zuenean: «Norberaren oroitzapen propioetara eramaten zaitu».
Beste pauso bat
Beste bi eleberriren egile da Sarriugarte: Erraiak eman zuen argitara 2014an, eta Azala erre 2018an, biak Elkar argitaletxearekin. Eta beste zerbait-en nondik norakoak, hain zuzen, bi haien aldean azaldu ditu egileak berak: «Biek dute orainaldia abiapuntu, eta bien egitura ere antzekoa da: atzera egin eta azaldu nola iritsi naizen honaino. Banuen gogoa hurrengo pausoa emateko».
J. Martinaren kantu batetik hartutako hitzek eman diote izenburua eleberriari. Liburuaren lehen orrialdeetan ageri da aipua: «Baina nik badaukat/ beste zerbait/ argitzen dit gogoa/ zorroztu ere bai/ eta ikusten dut banaizela/ miseriatik at bizitzeko gai». Leitmotiv baten antzeko zerbait izan da Sarriugarterentzat: «Ideia hori izan da testu guztiak batu dituena. Hori izan da nire lan ildoa».
Eleberriaren egitura
Txatalez txatal josita dago eleberria; berorietan bizipen afektiboak, heziketa esperientziak eta irakurketa feministak kiribiltzen dira. Ahotsak, formak eta tonuak ere aldatuz doaz batetik bestera. Txatal horietarik asko espresuki sortutako testuak dira, baina badira azken bi urteetan ondutakoak ere. Denen artean ibilbide bat osatzen dute, «etxetik hasi eta beste norabaiterainokoa». Zortzi ataletan banatuta dago liburua; hurrenez hurren: Introa, Etxea, Amorrua, Desira, Desjabetzeak, Jabetzeak, Beste norbait eta Epilogoa.
«Lekukotzak biltzeko ariketa hori askotan egiten da queer memorian, eta oso esperientzia emankorra izan da. Erregistro narratiboa dute»DANELE SARRIUGARTE Idazlea
Badira, gainera, atal guztiak zeharkatzen dituzten ildoak ere. letra xehez izeneko pasarte sortan, esaterako, narratiba eta fikzioa landu ditu Sarriugartek. Afektuen bibliografia eta Iritzia ildoetan, berriz, saiakerara jo du egileak, eta bere erreferenteei tokia egiteko baliatu ditu: «Elkarrizketak agerrarazteko bidea izan dira, baita narratibako zatiei beste toki batetik begiratzeko modua ere». Iritzia sortan, bestalde, BERRIAn hilabetez egunez egun idatzitako bere piezak ere azaltzen dira.
Lekukotzak ere bildu ditu idazleak: «Lekukotzak biltzeko ariketa hori askotan egiten da queer memorian, eta oso esperientzia emankorra izan da. Erregistro narratiboa dute. Elkarrizketa bat dago, baina bakarraren ekarpena entzuten da. Ahots bera izanagatik ere, ahots bat baino gehiago izateko erabili dut».
Retolazak ere literatur ibilbidean kokatuz azaldu du beste zerbait eleberriaren berritasuna. Sarriugartek literaturan emandako lehen urratsak gogoratu ditu lehendabizi: «Sari bati esker idatzi zuen Erraiak. Aitortza eta oihartzun handia izan zuen harekin, eta, beraz, oso bizkor hartu zuen kontzientzia plaza jakin bateko idazle izateaz. Bertan, hetero egituratik mintzo da, eta amorruz eta kolpez kontatzen ditu hetero bortxak». Azala erre-n, berriz, arte esparrura jo zuen Sarriugartek, eta argazkilari saritu bat egin zuen protagonista.
«Oraingo protagonista hainbat ahotsetatik egina da. Sekulako ariketa iruditzen zait, pertsona bat zenbat diskurtsok eraikitzen duten erakusten baitu»
IRATXE RETOLAZA Editorea
Oraingo eleberria besteak ez bezalakoa dela nabarmentzeko, ahotsari heldu dio Retolazak: «Aurreko bi eleberrietan ahots bakarra ageri zen. Oraingo protagonista hainbat ahotsetatik egina da. Sekulako ariketa iruditzen zait, pertsona bat zenbat diskurtsok eraikitzen duten erakusten baitu».
Ahotsari lotuta, beste bereizgarririk ere antzeman dio Sarriugarteren nobela berrienari: «Badago hetero heziketak sortutako minaren edo ezinegonaren kontaketa, baita amorrua ere. Baina aldaketa horretan gehien nabaritu dudana ahots amultsu eta adiskidetzaile bat izan da, baita arrakala horiek josteko ahalegin bat ere, komunitariotik». Hori, hain zuzen, «mutatzen ari den idazlearen» erakusgarritzat jo du.
Consonni argitaletxeak bilduma berri bati eman dio hasiera Danele Sarriugarteren beste zerbait eleberriarekin: euskaraz sortutako nobelena. Urte honen bururako, hain zuzen, Antxiñe Mendizabalen liburu bat eta Ixiar Rozasen beste bat argitaratuko dituzte.