Harrizko horma bat dirudi, baina harri itxurako horma paper bat da benetan. Miren Doiz artistak (Iruñea, 1980) urteak daramatza kalean zein hustutako etxeetan topatutako materialak berrerabiltzen, eta, dioenez, behin eta berriz egiten du topo harri paperaren moduko simulazio saiakerekin. «Konstante bat da». Beste zerbait dira gauzak maiz. Zeramikazkoa dirudien ile apaindegiko konketa bat, adibidez, zeramika itxurako erretxinazkoa da benetan. Eta beste zerbait ez badira, beste lekuren bat irudikatzen dute bestela. Inguru erabat industrial bateko etxe baten horman aurkitutako baso lanbrotsu baten irudikapena bezala, kasurako. «Simulazioaren munduan bizi gara». Hondakin horiexek dira bere artelanetarako lehengaiak. Ez diren horiek. Bilbo Arteko egoiliar izan zen iaz, eta bertan egindako lanak biltzen dituen erakusketa zabaldu du orain Bilbo Artek Bilboko Uribitarte kalean duen aretoan. Aukera batzuk (zabor eta simulakrotik abiatuta) deitu du bilduma, eta maiatzaren 31ra arte egongo da ikusgai.
Pinturak berak ez ezik, pintatzeko jardunak ere hasieratik piztu izan dio arreta Doizi. Iruñeko Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen lehen ikasketak, Arte Ederrak ere ikasi zituen gero EHUn, eta Bartzelonan master bat ere egin zuen ondoren. Madrilen bizi da egun, eta, artista ez ezik, unibertsitateko irakasle ere bada. Eta, nolabait ere, oihaletik hasi eta errealitate osora zabalduz joan den jardun bat izan da harena.
«Uste dut ordua badugula diziplinekin obsesionatzeari uzteko», azaldu du. «Baina egia da urte luzez pintura hedatua egin izan dudala nagusiki. Oihala deseraikitzen aritu nintzen, eta zuzeneko interbentzioak ere egin izan ditut hormetan, baina nik Bilbon ikasi nuen, eta beti egon da eskulturaren erreferentzia hori ere, hemen eskultura oso garrantzitsua izan delako. Orain arteko nire erakusketarik piktorikoenetan ere, beti txertatu izan ditut objektuak: pintatzeko ekintzari lotutako elementuak, adibidez. Brotxak erabiltzen nituen, pintura biltzeko erabiltzen diren poteak eta halakoak».
Eta zabalduz eta hedatuz joan da joera hori urteekin. «Hogei urte daramatzat hondakinak baliatzen», onartu du. «Hasieran, nire jardunak sortzen zituen hondakinak erabiltzen nituen. Azken batean, zu zeu ere etengabe ari zara hondakinak sortzen. Hor ikusten duzu kadmio edo kobalto urdina konketatik behera joaten, urarekin nahasita». Orain, ordea, askoz ere zabalagoa da artea sortzeko darabiltzan elementuen zerrenda.
Topatutako materialekin osatutakoak dira Doizek Bilbon jarritako obra guzti-guztiak. Tartean badira zur puskak, zapatak, sokak, lanbasa idorgailuak, kalkulu orriak, horma paperak, larrialdietarako trafikoko triangelu laranja apurtutakoen zatiak, metal puskak, kristalak, tutuak, pala baten hondarrak, norbaitek tarratatutako gerraren aurkako afixak, loreontzi puskak, eraztundun artxibagailuak, altzari hondakinak, autoko alfonbrak…
«Bestelako kezka batzuek gain hartu diote pinturari buruzko hasierako kezka hari, eta esango nuke hondakinak etengabe ekoizten dituen gizarte turbokapitalista hau aztertzen dutela nire azkenaldiko lan gehienek»
MIREN DOIZ Artista
«Bestelako kezka batzuek gain hartu diote pinturari buruzko hasierako kezka hari, eta esango nuke hondakinak etengabe ekoizten dituen gizarte turbokapitalista hau aztertzen dutela nire azkenaldiko lan gehienek». Baina ez dira krisi global, sozial eta ekologikoak bakarrik, onartu duenez, denbora batez krisi sakona bizi izan baitu artearen munduarekin berarekin ere. Eta, dioenez, krisi horien guztien pilaketaren ondorio ere bada Bilboko erakusketa.
Autonomia eta iraupena
«Niretzat, artea da nire autonomia gune nagusia», ebatzi du Doizek. «Benetan oso gauza gutxi erabaki ditzakegu bizitzan, baina artearen esparruan nik hartzen ditut erabaki guztiak, eta ez nago horri uko egiteko prest, nahiz eta, era berean, oso latza den herri honetan artearen munduan bizirik irautea; ikaragarrizko hauskortasuna du gure bizibideak».
Hiru gune ditu erakusketak. Lehena eta azkena dira aretorik txikienak, eta hor ikusten da argien Doizen ikuspegi piktorikoa. Hain zuzen, bereak pinturarik gabeko obra piktorikoak direla zehazten du erakusketarako prestatutako testuak. Izan ere, ez dago horman zintzilikatutako margolanik, eta, halere, pinturaren logikarekin sortutakoak dira haren piezak. Lerroak ikus daitezke. Kolore masak. Konposizioak.
Erdiko aretoa da erakusketako lekurik handiena, eta baita argiki eskultorikoena ere. Beste bi aretoetan bezala, hor ere badira hormara zein zorura zabaltzen diren elementuak, baina badira hormatik kanpo ia era buruaskian ikusteko sortutako piezak ere. Baina Doizek dioenez, erabat eskultore denean ere, ez du uste sekula pinturatik erabat apartatu denik. «Niretzat, eskulturetan ere kolorea da garrantzitsuena: eskulturen formak ere kolorearen bidez erabakitzen ditut, adibidez, oraindik ere nire ikuspegia pintorearena delako».
Euskarazko bisita gidatua egingo dute bihar, asteazkena, eta hilaren 29an egingo dute gaztelaniazkoa. Horrez gainera, Itsaso Iribarrenek eta German de la Riverak performance bat egingo dute maiatzaren 14an, eta erakusketari buruzko liburuaren aurkezpena ere egingo dute. Maiatzaren 21ean izango da hori.