Beste zortzi pastoral eta Weilen itzulpen bat argitaratu dituzte

XIII. eta XX. mendeak josi dituzten garai historikoak kontatu ditu Jakes Lafittek bere zortzi pastoraletan. Weilen 'Askatasunaren erroak' euskaratu du Beñat Castorenek

Ezkerretik eskuinera, Jakes Lafitte idazlea, Beñat Castorene itzultzailea eta Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko koordinatzailea. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Beste bi liburu gehitu berri ditu Maiatz argitaletxeak bere katalogora. Batetik, Jakes Lafittek idatzitako zortzi pastoral bildu ditu argitalpen batean (Zortzi pastorala berri), eta, bestetik, Simone Weil filosofoaren L'enracinement obraren euskarazko itzulpena ere eman du argitara, Beñat Castorenek egindako lana: Askatasunaren erroak. Abuztuaren amaieran aurkeztu zituzten bi liburuak Maiatzek Baionan duen egoitzan.

Bi liburu berri eta bi estilo aurkako. Alde batetik, tradizio handiko molde bat landu du Lafittek: pastorala. Haatik, neurri bateko aldaketa ekartzen dio Zuberoan errotu den antzerkiari, pastoralak euskara batuan idatzi baititu. Azken urteetan, hala ere, halako beste kasurik ere ikusi da, Etxalarko (Nafarroa) Carmen pastoralaren kasuan, adibidez. Euskalkiaren eta batuaren arteko eztabaidari buruz, Lucien Etxezaharreta Maiatz-eko koordinatzaileak iritzia egina du: «Nola ez interesatu pastoral berri batzuei! Ez da zerbait Zuberoari lapurtzen zaiona, baina Zuberoako eredu hori agertzen da gaitasun handi batekin zerbaiten kontatzeko».

Zortzi pastoraletik, zazpitan pertsonaia historiko baten bizia kontatzen dute (Dolores Ibarruri, Jesus Galindez, Buenaventura Durruti, Piarres Lafitte, Kepa Mendizorrotzakoa, Gisele Halimi eta Katalina Foixkoa) eta, azken batek, ordea, egoera orokor bati buruzko kontaketa egiten du: euskaldunak Araban. Dena dela, XIII. eta XX. mende arteko garaietatik pasatzen den pastoral bilduma bat da, Euskal Herriko pertsonen biziaz ere harago doana: Frantziako eta Espainiako zenbait kontakizun ere agertzen dira. Bistan dena, zortzi pastoral ezin lirateke urtean idatzi, eta Lafittek urte anitzetako lana argitaratu du aurten. Azaldu duenez, hogei bat urte dira liburuko 400 orrietan gordeak.

Gertatzen da zuberotar batzuek begi txarrez ikustea pastorala haien lurraldetik kanpo egitea. Haatik, Lafittek azaldu duen gisara, pastoralak Zuberoatik kanpo ere egiten ziren: «Pastoralak Auñamendiko probintzi guztietan egiten ziren; baina, Zuberoan bakarrik kontserbatu dituzte». Beste bi kasu ere aipatu ditu, Euskal Herrian: bata Ordizian (Gipuzkoa) egin zen Orreagako gatazkari buruzko pastorala, duela 40 bat urte; eta, bestea, Azkainen (Lapurdi) egin zena, 1903an, Karlomagnori buruz. Azkenean, borobildu du: «Zuberoan kontserbatu zuten, eta badute trebezia hori egiteko, baina ongi da pixka bat eskualde guztietara zabaltzea».

Filosofia euskarara

Weilen filosofia liburu baten itzulpena idatzi du Castorenek. «Aspaldian ez dugu dudatzen euskaraz dena erraten ahal dela; baina hori erraten bada, praktikan jarri behar da», dio Etxezaharretak. Hain zuzen ere, filosofia itzultzen denean, gehienetan, kontzeptu batzuk sortu beharrekoak dira, horraino ez baitziren euskaraz baitezpada erabiltzen. Gehitu du, gero: «Euskara aspaldian jalgia da familiako gune horretatik, baina urratsa egitea da gauzarik handien edo seriosena». Castorene horretara ausartu da, eta Simone Weilen L'enracinement euskarara itzuli du, Askatasunaren erroak bilakatu dena. Liburua testuinguru berezian idatzi zuen Weilek: Bigarren Mundu Gerla denboran, De Gaullerengana joan zen lehen lerroko erizain komando bat egiteko ideia proposatzera. De Gaullek ezezkoa eman, eta etorri behar zen gobernuaren filosofia bat egitea gomendatu zion. Lau hilabetez idatzi zuen. Baina, frantses nazionalismoa anitz kritikatzen baitzuen liburuan, errefusatu zioten.

Castorenek puntu garrantzitsu bat azpimarratu nahi izan du: «Inportantea da zerbait zehaztea: anitzek nahasten dituzte Simone Weil eta Simone Veil. Bada bat, orai egin den pastoralekoa [Simone Veil abokatu eta politikaria], eta bada beste Simone Weil bat, zaharragoa [filosofoa]». Puntu hori argiturik, Weilen filosofia bi ikuspegitan azaldu du: batetik, ekintza justuaren filosofia aipatu du, eta, bestetik, lanaren filosofia. Bukatzeko, egin lanaren zailtasunak ere azpimarratu ditu Castorenek: «Ez naiz itzultzailea, baina merezi zuen entseatzea. Denbora berean, euskara sakontzeko ere balio izan dit, zeren eta horrelako lan baten itzultzeak bortxatzen zaitu hausnartzera nola gauzak sinpleki erran, eta manera ulergarrian denentzat. Hori beti ene obsesioa izan da, estiloa baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.