Bestelako argiak jaialdia “gogoetarako, gozamenerako eta emozioetarako” espazio bat izango da, eta kalea izango du agertoki nagusi. Ikus-entzunezko artean oinarritutako hainbat jarduera eskainiko dituzte, hiriko zenbait tokitan. Iruñeko Udalak antolatu du jaialdia, hirugarrenez.
Jaialdiaren egoitza nagusia Ziudadela izango da, eta proposamen garrantzitsuena, Tökkö ikus-entzunezko instalazioa. Led argiko 150 disko handirekin osatutako pieza bat da, eta, disko horiek zapaltzean, argia eta soinua sortzen dute. Gotorlekuaren erdigunean jarri dute, eta bertatik pasatzen direnek soinu-paisaiak proposatu ahal izango dituzte. Instalazioak naturaren soinuak islatuko ditu, eta sentimenduak eta emozioak irudikatuko ditu.
Horretaz gain, Ziudadelaren sarrerako tuneletan argi instalazioak jarri dituzte. Horiek zeruak eta hodeiak simulatuko dituzte, eta jendea bertatik pasatzerakoan, aktibatu egingo dira hainbat elementu. Hala, argiarekin eta itzalarekin jolastuz, oinezkoei esperientzia berriak eskainiko dizkiete.
Ziudadelako Labean, berriz, arte eskolak egongo dira: 12 artistek tailer esperimentalak egingo dituzte. Toki berean, Hermanos Oligo antzerki konpainia valentziarrak Tribulaciones de Virginia lana eskainiko du, gaurtik hilaren 30era arte, egunero, 19:30etan. Azkenik, urtarrilaren 1era arte III. Bideoarte Erakusketa egingo dute: filmak proiektatuko dituzte hiriko hainbat tokitan; Eslaba kalean, Gaiarre antzokian eta Condestable Civivox aretoan, besteak beste.
Jarduerak gaur hasiko dira, baina atzo egin zuten jaialdiaren irekiera ikuskizuna, Kondestable Civivox aretoan. Cabezafuego musikariak eta Beatriz Sanchez marrazkilari eta multimedia artistak elkarlanean sortutako Bumaye! izeneko ikuskizunak eman zion hasieran festibalari.