Irudigileak

Betebeharretan profesional, ordainetan amateur

Ezer ez da dirudien hori irudigileen munduan. Lanbide eder bat delakoan hasten dira haiek irudigintzan, eta nola gaur egungo egiturak hala funtzionatzeko ohitura zahar orokortuak prekaritatera eta ezegonkortasunera kondenatzen ditu.

Irudigileak kinka larrian. BERRIA
Irudigileak kinka larrian. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko urriaren 19a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ainara Azpiazu Axpi prestigio handiko ilustratzaile, komikigile eta muralgilea da. Ibilbide oparoa egina du langintza horretan, bereziki haur eta gazte literaturan. Haren lanari espresuki erreparatzen diote nola gurasoek hala irakasleek, eta bada haren sormena graduondoko lanerako gai eta iturburutzat hartu duen ikaslerik, Donostiako irakasletza eskolan. Hain zuzen, hantxe bertan aritu da Axpi ordezkapen lan bat egiten, zertan eta atezain. Ilustrazioa utzi gabe, soldatapeko lan bati heldu nahi lioke.

Ez da beharbada euskal irudigilearen erretraturik ohikoena, baina ongi defini lezake lanbide horren garaiotako errealitatea. Arrakastatsuenak ere kontraste horretan daude harrapatuta, zuritik beltzerako tartean amalgamarik aurkitu ezinik: batetik, zaleen balioespena, eta, zenbaitetan, baita sariak ere; bestetik, berriz, ziurgabetasuna, prekaritatea, lan administratibo bihurren zama eta, nahi baino gehiagotan, hilabetea pasatzeko lain batu ezina.

Euskal kulturan egile gutxik lortzen du bere sormen lanetatik soilik bizitzea, eta irudigileak ez dira salbuespena. Lortzen dutenek ezinbesteko makulutzat dauzkate lanen dibertsifikatzea, marrazki estiloen malgutasuna eta irudigintzaren ingurumarian egin litezkeen lan osagarriak, baldin eta iraungo badute. Beste asko erdibidean gelditzen dira: soldata ziurtatzeko moduko lanbide bat hartu, eta aisialdia eta desorduak eskainiz egiten dute aurrera irudigile gisa.

Axpi ez ezik, Arrate Rodriguez, Adur Larrea eta Mikel Santos Belatz ere aritu zaizkio BERRIAri irudigileen ezinak aletzen, nor bere ertzetik.

Irudia hitzaren menpe

Sormen lanen lehen txinparta bisuala izaten da sarri. Idazle askok aitortua du hori, baina edizio munduak arrunt bestelako sistema bat ezartzen du: liburuetan hitzak markatzen du bidea, eta irudia haren lagungarri eta osagarri izaten da. Axpi: «Esango nuke azpitik gaudela. Soziologiako terminoak erabilita, diglosia handia dago. Eta marrazkilaria izateaz gainera emakumea eta euskalduna baldin bazara, diglosia guztiak dituzu batera». Bestelako koxka bat ere erantsi dio zerrendari, haur eta gazte literaturan aritzen direnei dagokiena: «Infantilizazio aparteko bat dago. 8 urteko haurrentzat lan eginagatik ere, nik ez ditut 8 urte». Lan bat egin eta argitaratze hutsarekin konformatu beharraz ari da: «8 urterekin ilusioa egingo lidake, baina Europako profesional onenekin trebatu naiz, eta hori iseka moduko bat da azkenerako».

Egileen diru iturri nagusia egile eskubideak izaten dira liburuetan, eta salmenta prezioaren arabera finkatzen dira. Arau finkorik ez dagoen arren, egilearentzat %10ekoa izatea da ohikoena —liburua hamar euroan jarri bada salgai, erositako liburu bakoitzeko euro bat hartuko du egileak—. Proportzio horrek gutxitan egiten du gora egileak bat baino gehiago direnean, eta, hortaz, elkarren artean konpondu behar izaten dute egileek, zenbaitetan %10 hori erdi bana eginda.

Egile eskubideak egileen artean banatzeaz bestelako formularik ere bada, Larreak aipatu duenez: «Tartean diru laguntzarik baldin badago, eta diru laguntza hori nik jaso badut, egile eskubide guztiak idazleari uzten dizkiot, orekatzeko, baina marrazkilariaren baitatik ateratako erabakia izaten da».

«Tartean diru laguntzarik baldin badago, eta diru laguntza hori nik jaso badut, egile eskubide guztiak idazleari uzten dizkiot, orekatzeko, baina marrazkilariaren baitatik ateratako erabakia izaten da»

ADUR LARREA Irudigilea

%10eko diru sariaren logika horretan, baliteke okerren ordainduak albumak izatea, bereziki ale gutxiko tiradak egiten direnean. Rodriguezek, esate baterako, gutxitan heltzen die albumei: «Album bat ondo egiteko sei hilabete behar ditut, eta ordainetan jasotzen dena ez da hilabeteko soldata prekarioa ere». Ahalegin handia eskatzen duen lan mota bat ere bada, irudiari testuaz haragoko narrazioa eskatzen baitio, koherentziaz gain.

Kalkulagailua beti aldean eraman beharraz mintzatu da Belatz. Proposamen bati baiezkoa eman aurretik, datuak behar izaten ditu: besteak beste, zenbatean salduko den, zenbateko tirada egingo den eta zenbat ilustrazio bilduko diren lanean: «Horren guztiaren arabera, %10ekoa zer izan litekeen kalkulatzen dut, eta, askotan, ezetz esan behar izaten dut, orrialdea 20 euro eskasean gelditzen da eta». Gerezi Garaia Lucio Urtubia anarkistaren bizitzan oinarrituriko bere komikia hartu du hizpide. Marrazkia eta testua, dena egin zuen Belatzek. Proiektuari ekindakoan, 2.000 euroko aurrerapena jaso zuen bere egile eskubideetatik, eta hilabeteak eman zituen ordainik gabe lanean, harik eta urte eta erdiren buruan lana amaitu zuen arte: «Imajinatu nuen funtzionatuko zuela, eta halaxe izan zen: zazpigarren edizioan dago orain, eta urtero puskatxo bat jasotzen dut egile eskubideetan. Baina funtzionatu izan ez balu, akabo. Askotan, handiagoa da ilusioa ordaina baino».

Panorama latza

Egileek arazo estrukturala ikusten dute beren egoera prekarioaren atzean. Azalpenak ematen hasita, Axpik Lurdes Iriondoren gaineko dokumentala aipatu du argigarri gisa: «Iruditzen zait garai hartako markoan ezarrita gaudela. Diktadura batetik ateratzean, borbor izugarria zegoen, baina ez sorkuntza aldetik bakarrik. Egile haiek herri oso bat zeukaten haiekin». Garai hartan funtzionatu zuten bezala funtzionatzeko eskatzen zaiela uste du Axpik, hau da, sarritan musu truk edo baldintza kaskarretan aritzea. Aldea, ordea, handia da: «Guk ez dugu haiek atzetik zeukaten sostengu sozial eta sinboliko hori, inondik ere. Orain kultur egitura batzuk ezarri dira, baina horiek ez dute euskal kultura oinarritik bultzatzen. Kontrara, horren kontura edaten dute sostengua eman beharrean». 

Gaurko estrukturaren arabera, irudigileak bere kasa egin behar du lan, langile autonomo gisa, kide bakarreko enpresa gisa erregistratuta edo Maison des Artistes egiturak eskaintzen duen figuren pean, adibidez. Irudigileak, bere arloari dagokion lana egiteaz gainera, bere gain hartu behar izaten ditu lan administratibo-juridikoa, lanaren sustapena eta bestelako zeregin ugari ere. Axpi: «Irents ezazu ezegonkortasun hori guztia, eta gero, agian, laguntzatxoren bat iritsiko zaizu instituzioetatik. Horixe esaten zaigu». Tratuak ez dira beti egokienak, Axpik dioenez: «Instituzio eta udaletan ez dira beti konturatzen zer zailtasun ditugun soldata bat ateratzeko, eta, batzuetan, ez dizkigute baldintza errazak jartzen».

Administratiboki zoko heze, ilun eta txar bat egin dute kulturan dabilen jendearentzat, eta hor sartzea nahi dute? Suizidio bat da. Zoritxarrez, batzuk suizidatzea behar du sistema honek»

AINARA AZPIAZU 'AXPI' Irudigilea

17 urte eman ditu autonomo gisa, eta hilabete eta erdi atezain; oraintxe bukatu zaio kontratua. Lanerako programak eta autonomo kuota ordainduta, minus zortziehun euroan hasten omen zuen hilabetea, eta ez zuen aukerarik langabezia saria jasotzeko. «Administratiboki zoko heze, ilun eta txar bat egin dute kulturan dabilen jendearentzat, eta hor sartzea nahi dute? Suizidio bat da. Zoritxarrez, batzuk suizidatzea behar du sistema honek».

Ezinegon horri konpetentzia gehitu behar zaio, batez ere amateur gisa dabilenarena. Belatz: «Lanbide honetan hasiberria denak, beharbada gurasoekin bizi delako edo, prezio irrigarriak eman ditzake, eta horrek kalte handia egiten digu profesionalki aritu nahi dugunoi».

Rodriguezek kartelgintza du arlorik gogokoena ilustrazioan: «Formatu handikoa da; irudi bakar baten bitartez nahikoa kontatu behar duzu, baina pasatu gabe, eta komunikatu. Euskarri perfektua da». Ekinaldi asko eta asko daudenez, Euskal Herrian kartel faltarik ez dela dio Rodriguezek. Haren irudiko, ordea, «kartelen estetikaren kultura» eskasa da: «Kartel itsusi eta kaskar asko ikusten ditut aspaldi honetan, horietarik asko adimen artifizialaren bidez eginak. Baina jendea lasai gelditzen da, eta horrek sekulako kaltea egingo du». Belatzek ere agertu du kezka hori: «liburuen azaletan ere gero eta gehiago sartzen ari da. Gure marrazkietatik elikatzen da, eta, oraingoz, alegala da; Europak zerbait esan beharko du».

«Lanbide honetan hasiberria denak, beharbada gurasoekin bizi delako edo, prezio irrigarriak eman ditzake, eta horrek kalte handia egiten digu profesionalki aritu nahi dugunoi»

MIKEL SANTOS 'BELATZ' Irudigilea

Hizkuntzak baldintzatuta

Irudia hizkuntza oroz libre dagoela ulertzen du jende askok, baina, praktikan, ez da halakorik gertatzen; are gutxiago euskaraz ari direnen artean. Axpi: «Europako ilustratzaile onenekin trebatu naiz, eta Bolognan, haur eta gazte literaturan munduko azokarik garrantzitsuenetako bat den horretan, finalista izan naiz. The New York Times-eko jendea ere etorri zait nire lanaz interesatuta, eta, halere, batzuentzat beti izango naiz euskaldun etiketapekoa». Beste ertz bat ere badu kritika horrek: «Euskara lehenesten dut beti, euskalduna naizelako, eta irudigile euskaldun gisa, gauza askori egin diot uko, baina hori ez da inon ageri». Axpirentzat hizkuntzarena borroka kolektibo bat da: «Herri batek profesional onak izatearen aldeko borroka bat da, baina batzuetan egitura honek zama besterik ez dakarrela iruditzen zait».

Rodriguezek hau gehitu du: «Konturatu naiz Euskal Herrian erdaraz lan egiten duten irudigileek ez dituztela ezagutzen euskaraz ari diren egileak, nahiz eta toki berean bizi. Hori oso fuertea da. Pintura edota testurik gabeko irudia ere landu dut nik, eta, hala ere, nire lana euskararen markoan sartuta dago beti, onerako eta txarrerako».

Belatzek ez dio aparteko arazorik ikusi egilearen hizkuntzak hartzen duen tokiari: «Euskararen munduan sartuta, lan gehiago etortzen zaizu, kopurutan bederen, baina ez da itxaferoak botatzeko ere». Nolanahi dela ere, toki bakarrean lerratzea txarra iruditzen zaio Belatzi, eta uste du denetik egitea dela bizirik irauteko antidoto bakarrenetakoa: «Modu horretan, beti ateratzen da zer edo zer. Baina sareetan eta toki guztietan egon behar duzu beti, zutaz ahantz ez daitezen».

Profesional izateak dakartzan kalapitetan, marra gorri ugari identifikatu ditu Axpik, eta ezezkoak ematen ere ikasi du. Alta, kexu da marra gorri horien berri ez delako zabaltzen: «Inon ez da azaltzen zer eskaintza lotsagarriak egiten zaizkigun, eta, batzuetan, agerian jarri beharko lirateke».

Lana eskaintzeko bidaltzen dizkioten zenbait mezu elektronikotan, esate baterako, ez omen diote diru konturik aipatzen: «Galdetzearen zama nire teilatura dator, nik ez baitut debalde lan egiten oro har. Ataka estuan sentitzen naiz. Egin egiten dut,noski, baina zamatsua da».  

«Doan ez da ezer egin behar. Enkargu bat urririk egiten duzun bakoitzean, esanda uzten duzu zuk bezala besteek ere egin dezaketela diru ordainik gabe»

ARRATE RODRIGUEZ Irudigilea

Bide beretik, doan aritzeak dakartzan ondorioez mintzatu da Rodriguez: «Gauza bat da marrazkiak egitea, eta beste bat enkarguak egitea. Doan ez da ezer egin behar. Enkargu bat urririk egiten duzun bakoitzean, esanda uzten duzu zuk bezala besteek ere egin dezaketela diru ordainik gabe. Zuregatik egin nahi ez baduzu, egin ezazu besteengatik».

Irudigileak elkartzea eta talde gisa jardutea lagungarri izan daiteke presioa egiteko, baina horretan ere badago ezina. Axpi: «Oso kolektibo txikia da irudigileena, baina oso profesionalizatua, eta gauza hauek oso kontuan hartzen dituzte. Badut konfiantza haiekin». Zorionez, proiektu eta bezero onik ere badela nabarmendu dute lau egileek. Gutxi diren arren, itxaropen iturri dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.