KRITIKA. Musika

Bi helburuak beteta

2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

MUSIKENEKO PIANO IKASLEAK I

Pianoa: Claudia Manzano, Carlos Ureña, Marta Rama, Ander Siles, Asier Oroz, Henar Fernandez, Cecilia Larronde, Telmo Carvajal, Malena Lou. Egitaraua: J. S. Bachen Das wohltemperierte Klavier (aukeraketa). Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: otsailaren 24a.

Zehazki zein urtetan konposatu zuen ez badakigu ere, jakina da J. S. Bachek Ondo tenperatutako klabea-ren lehen alea 1722an osatu zuela. Honako hau idatzi zuen izenburuaren azpian: «Preludioak eta fugak tonu eta tonuerdi guztietan, biak hirugarren maiorrarekin edo ut, re, mi eta hirugarren minorrarekin edo re, mi, fa, konposatuta daude ikasteko irrikan dauden musikari gazteen praktikarako eta probetxurako, eta arte hau ezagutzen dutenen entretenimendurako». Hortaz, obrak bi helburu ditu: formakuntza eta denbora-pasa. Programa ezin hobea Musikeneko ikasleek zein Antzoki Zaharrera hurbildu ginenok musikaz gozatzeko.

Digresio historikoa Bachen obra hau existitu ahal izatea teoria musikalaren baitan sortutako eztabaida sakonaren ondorioa baita. XVI. mendean, Boezioren lanaren bidez ezagutzen ziren bi tradizio grekoen arteko talka zen nagusi musikologian: ikuspegi ptolomearrak zioen entzumenak ezarri behar zituela kontsonantzia-arauak; pitagorikoak, aldiz, zenbaki osoetan oinarritutako proportzio matematikoetatik eratorritako metodo arrazionala jarraitu behar zela. Erdi Arotik azken hori nagusitu bazen ere, arazoak sortzen zituen instrumentuen afinazioan eta praktikan, zenbaki osoek ez baitute bermatzen tonalitateen artean aldatu ahal izatea instrumentuaren afinazioa bera aldatu gabe. Vicenzo Galileik proposatu zuen, azkenik, tenperamentu berdina ezarri behar zela, sokekin hainbat esperimentu egin ostean. Horrek sortu zuen disonantzia teorikoa alde batera utziz —nola liteke harmonia zenbaki ez arrazionaletan oinarritzea?—, musikari mesede egin zion, arazo kontzeptual zein teknikoak gaindituta, instrumentuaren afinazio aldatu gabe tonalitateen arteko modulazioak egitea ahalbidetzen zuelako.

Hala, gaur egun bederatzi ikaslek instrumentu bakar batean Bachen preludio eta fugak interpretatu ditzakete bata bestearen atzetik. Batzuek oraindik pedalari gehiegi eraginez, kontrapuntua zertxobait nahasiz; beste batzuk, Fernandez eta Carvajal, kasu batera, motor barrokoaren bidean fin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.