Sarah Hanahan; Al Di Meola; Kenny Barron Trio
Lekua: Europa Biltzar Jauregia, Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 18a.
Asmoak asmo, bizitzak bestelakoak inprobisatzera bultzatzen du askotan, eta halako kasua izen zen Sarah Hanahanena. Bere planetan ez zegoelako; kontzertua hasi baino 20 minutu lehenago iritsi omen zen hirira, eta hori gutxi ez, eta, gainera, bere banda gabe heldu zen. Dena den, kontzertu bikaina eman zuen Luca Filastroren hirukote italiarrak lagunduta. Jaialdiko Gauerdiko Jazz kontzertu saila epeldu dute egunotan, eta bat-batean, inoizko saiorik indartsuena eskaini zuten Hanahanekin, minutu gutxi batzuk lehenago elkar ezagutu zuten arren. Hanahanen lehenengo lanetatik batzuk hartu, eta inprobisazio anitzez apaindu zituzten, eta, hala, We bop! bikaina eskaini zieten entzuleei. Plazer handia da hainbesteko talentua duen gaztearen arteaz gozatzea, haren taldea seniorra izanagatik ere; berritzeko beharra baitago.
Iaz, Tomatiko eta Michael Camiloren saioa historikoa suertatu zen. Aurten, formula errepikatzeko apustua egin du jaialdiak, eta Al Di Meola figura sendoari egin diote eskaintza. 1974an musika egiten hasiz geroztik, dena eman du artista estatubatuarrak. Bere lan joriari itzulia eman zion aspaldi, gitarra akustikoarekin world music delakoan murgiltzeko guztiz. Genero musikal zabal horretan buru-belarri aritu da azken hamarkadetan, eta Mendizorrotzan aurkeztu dituen lan gehienak hark berak konposatutakoak izan dira. Saioaren gorentasuna Misterio edo Infinite Desire abestiek bermatu zuten beharbada, baina lehen minututik hasi eta amaierara arteko gozatua eman zien ikus-entzuleei. Alfonsik, berriz, aztarna sakona du jazzean, eta sonoritate herrikoia du bereizgarria. Saiorako bikote aparta osatu zuten. Sergio Martinezek lagundu zien baterian, eta halaxe biribildu zuten hirukotea.
Jazzaren historian, giltzarri
Eztabaidaezina da Kenny Barronek XX. mendearen bigarren erdian izan duen eragina. Gasteizen eskainitako saioan, geldialdi interesgarri asko egin zituen bere ibilbide luzean barrena. Urte asko eman zituen Thelonius Monk-en lanak jotzen, eta etapa horretatik Shuffle Boil pieza eskaini zuen.
Piano jole eta konpositore gisa urratutako bideak eman dio ospea Barroni, eta bere pieza ugari ere jo zituen. Cook’s Bay piezaren konplexutasun eta exekuzio distiratsua adibide ona izan daiteke. Bestalde, gutxitan eskaini ohi duen doinu bat oparitu zigun Gasteizen: Caetano Velosoren Aquele frevo axé. Era berean, aipatzekoa da bere bandaren presentzia: Kiyoshi Kitagawa kontrabaxuan eta Johnathan Blake baterian. Azken horren soloak begirada guztiak erakarri zituen.