Bi gizon ikertzen ari da Ertzaintzaren Ingurumenaren aurkako Delituen eta Hirigintzaren Atal Nagusia, egotzita delitu jarraitu bat egin izana Iruña Okako (Araba) Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoko ondare historikoaren aurka. Apirilean identifikatu zituzten bi gizon horiek. Ertzaintzaren arabera, in fraganti atzeman zituzten, kontrolik gabeko katak egin eta hainbat pieza arkeologiko eskuratu ostean. Bi metal detektagailu eta bi pala zeramatzaten gainean, baita metalezko bost pieza arkeologiko eta txanpon batzuk ere.
Gaur goizean eman du ikerketaren berri Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hainbat hilabete iraun du ikerketak, eta, azaldu dutenez, egiaztatu ahal izan dute bi gizon horiek iazko uztailetik gutxienez hamasei alditan sartu zirela aztarnategira, eta legez kanpoko 400 kata inguru egin zituztela.
Gertaeren berri izan ostean, Ertzaintzak esku hartu zuen Iruña-Veleiako aztarnategian zaintza egiteko. Hala, jakin zuten gizonak asteko zenbait egunetan joaten zirela aztarnategira, beti gauez. Metalezko objektuak bilatzen zituzten metal detektagailuekin, ondoren palekin eta aitzurrekin lurpetik ateratzeko, inolako metodologia arkeologikorik erabili gabe.
Aldundiaren kezka
Horregatik, hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiko adituek kezka agertu zuten. Izan ere, objektu historikoak eskuratzeaz gain, katak kontrolik gabe egiteak balio handiko informazio zientifikoa eta historikoa atzera-bueltarik gabe galtzea eragin dezake. Aztarnategi arkeologikoetan edozein pieza aurkitzen den bakoitzean oso garrantzitsua da aurkitutako objektuaren kokalekuari, sakonerari edo egoerari behatzea, haren testuinguru arkeologikoa datatzeko eta ulertzeko. Horretarako, metodologia egokia erabili behar da; «ikertutakoek erabilitakoaren guztiz kontrakoa», Segurtasun Sailaren arabera.
Ertzaintzaren Miñaoko atalak zuzendu du ikerketa, eta Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuak lagundu die. Bi gizonak atxilotu zituztenean bost pieza arkeologiko eta txanpon batzuk zeramatzaten gainean, eta Arabako Arkeologia Museora (BIBAT) bidali dituzte.
Adituek kezka agertu dute katak kontrolik gabe egiteak balio handiko informazio zientifikoa eta historikoa atzera-bueltarik gabe galtzea eragin dezakeelako
Segurtasun Sailak jakinarazi du honakoa ez dela izan gisa bereko lehen ikerketa. 2020an hainbat ikerketa egin zituzten Asparrenan, Garaion eta Kuartangon (Araba), besteak beste, baita Iruña-Veleian ere. Ikerketa horietako batzuetan, autonomia erkidegoen artean mugitzen ziren talde antolatuak identifikatu zituzten, ustez haitzuloetan, aztarnategietan eta balizko arkeologia guneetan bilaketak eta laginketak egiten zituztenak.
Identifikatutako bi pertsonei eginbideak ireki dizkiete, ustez arkeologia espoliazioa egiteagatik eta ondare historikoan kalteak eragiteagatik. Epaitegira joateko deiaren zain daude orain.
Segurtasun Sailak aurreratu duenez, egotzitako delitu horiengatik sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi zigorra edo urtebete eta bi urte arteko isuna jaso dezakete, Espainiako Zigor Kodearen 323. artikuluan jasotakoaren arabera. Halaber, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak arau hauste astuntzat eta oso astuntzat jotzen du aztarnategian legez kanpoko katak egitea. Lehenengoa 250.000 eurora arteko isuna jarrita zigortzen da, eta bigarrena, berriz, milioi bat euro arteko isuna ezarrita.