Bi saxo, bi mito

David Murray saxo jotzailea, atzo, Donostiako Trinitate plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
David Murray saxo jotzailea, atzo, Donostiako Trinitate plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko uztailaren 24a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

DONOSTIAKO 61. JAZZALDIA

Taldeak. David Murray Quartet eta Joe Lovano’s Paramount Quartet. Eguna: Uztailak 23. Tokia: Trinitate plaza.

Hasi dira Jazzaldiko Trinitateko kontzertu liluragarriak. Ikusleria fidela pozarren, pozez zoratzen dagoeneko, kontzertuak hasi aurretik bagaude ere; giro bikaina alegia. Bi saxo jotzaile ospetsuak omenduko dituzte taula gainean, euren emanaldien aurretik. Batetik David Murray (1955, Oakland, AEB) eta bestetik Joe Lovano (1952, Cleveland, AEB), saxo jotzaile bikainek jasoko dute Jazzaldiko saria. Hain zuzen, gure artista kutuna den Iñaki Salvadorren eskutik jasoko dituzte sariak. Bata eta bestea hunkituta agertu dira, apal-apal, eta esker onez ikusleriaren aitzinean.

Saxoa jotzeko era sendoa du Murray jaunak; kontrastez beteriko doinuak ateratzen dira haren tresna dotoretik. Lirismoa alde batetik, eta leherketa eroa bestetik, non arnasarik hartu gabe nota korapilatuak ateratzen diren arrapaladan. Gure iruditerian dugun saxoaren doinu sentsualaren txinpartek inguratu gaituzte, jazza puri-purian. Murrayk 1975ean alde egin zuen Kaliforniatik, New Yorkeko kale kantoietara saxoaren eta jazzaren garapenaren bila. Abangoardia eta free jazza zena ordurako klasiko bihurtuta zeudela esan genezake. Denboraren poderioz, jazz musikari berritzaileenek aise liluratzen gaituzte, aldapa neketsurik gabe entzuten eta ulertzen ditugu. Luke Stewart Mississippiko gazteak kontrabaxuarekin txunditzen gaitu, teknika zoragarria erakusten digu, eta jakituria zabal baten jabe dela ageri du, batez ere arkuarekin jotzean; abangoardiaren lurrina zabaltzen du.

Marta Sanchez piano joleak fintasun ikaragarria, sormen berezia eta nortasun handia erakutsi ditu. Hunkigarria eta era berean serioa da Madrilen jaiotako emakume honen piano joaldia. Garaikidea eta sendoa da.

Francesca Cinellik errezitazio-performance pare batean murgildu gaitu bere ahotsarekin. Batean sentsualki, eta bestean bere amari eskainitako gorazarre gisako eleketan.

Russell Carter ondo baino hobeto ibili da bateriarekin; arin. Laukoteak laudorioak baino ez ditu jaso duela bi urte sortu zenetik. Eta Trinitatean entzun duguna bikaina izan da, ziurtatzea baino ez zitzaigun geratzen. 

Joe Lovano eta Jazzaldia

Badirudi Lovanorik gabeko Jazzaldirik ez dela posible azken urteetan. Hemen dugu aurten ere. Gainera, Jazzaldiko saria jaso du. Baina sarritan ikusita ere, iruditzen zait gero eta ederragoa dela haren saxo tenorraren doinua; gero eta moldagarriago ari dela, jostagarriago, eta azukrerik gabeko sentiberatasun ederra azaltzen digula eskuzabaltasunez. Oso ona jo duzun jazz rock, free eta bebopa....Dena da kalitatezko musika ederraren emaitza zure saxoaren galbahetik pasatuta.

Sopranoa zirudien saxoa ere jo du, baina iruditu zait zurezkoa zela, ez zela metalezkoa, eta horrek esan nahi du ez zela saxo bat, antzeko zerbait baizik. Doinu bereziki gozoak eta egurren antzeko doinuak jotzeko erabili du saxo hori.

Julian Lage aurreko urtean ikusi genuen Jazzaldian solista gisa. Sekulako maisua dugu. Sentibera da, eta gitarraren doinu erabat garbiekin ezinezko eskalak sortzen ditu gitarra elektrikoarekin. Mila eratako eskalak gora eta behera, dorikoak, pentatonikoak, mixolidiarrak eta unean asmatutakoak; nahi duena egin dezake musikari horrek! Irudimen amaiezina du Lage jaunak, eta nortasun fin eta dotorea kutsatzen die laukoteko musikariei. Gau zoragarri hau gozatu digu guztioi.

 Calhoun jaunak bateria jotzean erakusten du Afrikako arima duela New Yorken jaioa den arren. Danbor hotsak, jolasak, errepikapenak eta kontraste erritmikoz jositako perkusioak eskaini dizkigu. Alai, eskuzabal eta erabat zehatz agertu zaigu.

Santi Debriano sendo agertu da kontrabaxuarekin, baita oso gustura ere, jazz rock doinuak jo dituztenean. Panamako musikariak trebezia izugarria du, baita teknika paregabea ere. Solo bikainak oparitu dizkigu.

Zer gehiago eska diezaiokegu Donostiako 61. Jazzaldiari. Trinitateko hasiera bederen, bikaina izan da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA