Idazlea

Amaiur Epher: «Bidaia bat egin dut gure literaturan barna»

Nobela beltz bat idazten ari den idazle baten barneko gatazkak eta harreman sarea karrikaratzen ditu Epherrek 'Haize beltza' liburuan, eta, horrez gain, XX. mendeko euskal literaturaren historia ere harilkatu du.

Amaiur Epher idazlea, maiatzaren 5ean, Ortzaizen. PATXI BELTZAIZ
Amaiur Epher idazlea, maiatzaren 5ean, Ortzaizen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Donibane Garazi
2025eko uztailaren 8a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatz argitaletxearekin Profeten iruzurra argitaratu ondoan, Amaiur Epherrek (Izpura, Nafarroa Beherea, 1994) Haize beltza nobela plazaratu du aurtengo martxoan, Txalaparta argitaletxearekin. Tomas idazlearen barne gatazkak aipatzen ditu Epherrek. Nobela beltz bat idazten ari den idazle baten «haize beltzak» estakuru gisa harturik, XX. mendeko euskal literaturen historia eraikitzen du liburuan. 

Haize beltza idazle gazte baten istorioa da.

Tomasen istorioa da, hain zuzen ere. Idazle gaztea da, beka bat irabazi du nobela beltz bat idazteko eta ezinean ari da eginbehar horretan. Editorearekin hitzorduak ditu, eta ez du deus behar bezala aitzinatzen finkatu hitzordurako. Gainera, dena egiten du hitzordua gibelatzeko.

Tomasen barneko haize beltza irudikatzen du izenburuak.

Bai, haize beltzak aspektu desberdinak ditu nobelan. Nobela beltza idatzi nahi duelako, beltzaren kolorea derrigorrezkoa zen, eta haizeak barne gatazkak irudikatzen ditu. Bestalde, liburuan aitzinatu arau, fenomeno meteorologiko gisa ere badu protagonismoa haizeak.

Mise en abyme teknika baliatu duzu nobela idazteko orduan.

Liburua eraikitzeko xedea ariketa batzuetarik abiatu zen. Paul Austerren Oracle night irakurtzen ari nintzen, eta, jostatzeko, zati batzuk hartu eta euskaratu nituen. Sydney Orr pertsonaia nagusiarekin identifikatu nintzen, eta, poliki-poliki, pertsonaien sistema New Yorketik Baionara ekarriz, ikusi nuen bazela liburu baten egiteko manera. Mise en abyme hori de facto gertatzen da liburuan, pertsonaia nagusia idazlea baita: idazle bat ikusten dugu idazten, eta liburu bat dago beste liburu baten barnean. Joko hori gauzatuz aritu naiz gauza anitz josten.

Tomasek harreman gatazkatsua du Elena editorearekin.

Gauzak geroko uzten dituen pertsona bat da Tomas. Ez dut baitezpada idatzi esperientzia propiotik. Argitu nahi dut Garazirekin [Arrula] izan dugun harremana aberasgarria izan dela. Joan-etorri anitz izan dira, eta hizkuntzan biziki zehatza izan da. Elkarren artean ikusi dugu non elkar ulertzen genuen eta non ez, baina, liburuan, Elenaren eta Tomasen arteko harremana Tomasen izateko manerari lotua da. Ez dut uste editorea gurasokerian lerratuko zela Tomasek jarrera aktiboagoa izan balu. Eta justuki, ez dakit idazleak haurkerian erortzen diren edo haur gastatu batzuk diren, baina hor, beharbada, idazleen egoen afera sartzen da, eta ironia handiz ohar daiteke kapritxo handiko idazlea dela Tomas.

«Eñaut Etxamendiren, Antton Lukuren eta Itxaro Bordaren ekoizpenetatik edan dut, eta, liburuaren bukaeran, azken urteetako obrei buruz itzuli naiz: Itziar Ugarteren Gu gabe ere eta Miceren obra ere agertzen dira, besteak beste»

Jean Etxeparerekin hasita, euskal literaturako erreferenteen artean ibili zara.

Bai. Idazten dudalarik, beti behar ditut erreferentziak egin edo obrak zitatu. Oharkabean ateratzen zait hori, eta, Haize beltza-n, entseatu naiz ene lehen liburuan traba izan zitekeen hori fintzen edo neurtzen. Tomas idazlea denez, idatzi ez ezik, irakurri ere anitz irakurtzen du. Beraz, ez dut posible ikusten idazketa egitea beste idazlerik aipatu gabe. Istorioa bestelakoa balitz ez zitekeen hainbeste zitazio agertuko, baina hor inposatu zaizkit horiek, eta XX. mendeko euskal literaturaren historia agertzen da ez idurian. Aski kontziente nintzen erreferentziak aski finki ekarri behar nituela, eta espero dut hori harrapatzen duela irakurleak. Eñaut Etxamendiren, Antton Lukuren eta Itxaro Bordaren ekoizpenetatik edan dut, eta, liburuaren bukaeran, azken urteetako obrei buruz itzuli naiz: Itziar Ugarteren Gu gabe ere eta Miceren obra ere agertzen dira, besteak beste. Haize beltza bidaia bat da gure literaturan barna.

Hain justu, irakurlea euskal literaturara erakartzeko kezkak ditu Tomasek.

Hala da, eta hori nire kasua ere izan daiteke. Nola erakarriko dugu irakurlea idazle baten historia kontatzen badiogu? Zerk justifikatzen ahal du sei, zazpi edo hamar oren pasatzea liburu bat irakurtzen? Paul Austerrek lortzen du irakurlea erakartzea nahiz eta ez duen gauza handirik kontatzen, ez du epikotasunik ere transmititzen. Egunerokotasunaren literatura izan nahi du liburu honek, eta Tomasek bere istorioa hala idazten du, eguneroko erreferentzietatik abiaturik.

«Egunerokotasunaren literatura izan nahi du liburu honek, eta Tomasek bere istorioa hala idazten du, eguneroko erreferentzietatik abiaturik»

Inguruko erreferente kulturalak aipatzeaz gain, euskaldunen erreferentziazko tokietan ibiltzen da Tomas.

Kontakizuna Baionan kokatzen da nagusiki,  eta uste dut euskaldunok leku horiek zeharkatzen ditugun gisan zeharkatzen dituela Tomasek. Baionan euskal mundua beste mundu bat da, aparteko mundu bat bezalakoa. Egunerokotasunaren literaturak errealitatearen isla izan nahi du, eta gure errealitatea kontatu, belaunaldi baten ahots bat agerraraziz. Jean Etxepare aipatu dugu, eta hark Beribilez liburuanlekuen zeharkatzeko baliatu manera hori baliatu dut. Lapurdiko kostaldetik Iruñera, Etxeparek zuen begiradatik begiratu diet tokiei.

Justuki, Tomasek Normandiarako bidea hartzen du idazketa prozesuan kontzentratzeko.

Idazketa lotua da idazleak dituen baldintzei. Euskal literaturan, ipuingintzak presentzia handiagoa du beste literaturetan baino. Nobela bat baino fiteago idazten dira ipuinak, eta, liburuan agertzen diren heinean, idazketa baldintzei lotuak dira. Udan nihaurek egin izan ditut egonaldi batzuk, eta, Haize beltza-ren kasuan, hor naiz gehien sartu liburuan. 2023an Galizian egon nintzen aste bat, eta nire pertsonaiekin bizi nintzen. Bi egun nehor ikusi gabe pasatu ondotik, momentu batez bizitza errealera itzultzeko beharra ikusi nuen, aski esperientzia flipagarria izan zen, baina biziki aberasgarria aldi berean. Tomasek Normandian egiten duen bidaiak badu hortarik, dudarik gabe, eta bere buruaren parean, bakardade inposatu horretan, gogoetek urrunago eramaten dute sorkuntzan.

Bertzalde, deigarria da urdinaren erabilpena nobelan. Nola eraiki duzu hari urdin hori?

Austerren liburu hastapenean urdina biziki ageri da. Sydney Orrek badu fetitxismo bat urdinaren inguruan, liburutto urdinen bilduma bat egiten baitu. Horretatik abiatua nintzen urdinari balio sinboliko handia emateko. Bestalde, Diabolo Kiwi taldearekin Uhin galduak diskoa atera nuelarik, ubelaren inguruan konposatu genuen gure mundua sortzeko, eta lan egiteko manera horrek interes handia piztu zidan, eta paralelismo bat ikusi dut liburuarekin. Ondorioztatzen dut, hala ere, urdina ez dela arras blua edo azula, urdina nahiko inperfektua da, eta Tomasek, beltza idatzi beharrean, nobela grisa idazten du. Zergatik ez deitu hori literatura urdina? Grisa urdina izan baitaiteke, azken finean.

Tomasek ongi erakusten du sorkuntzan deus ez dela hutsetik asmatzen eta ingurukoengandik inspiratzen dela.

Bai, biziki ongi inguratua da: hor ditu Elena, Jon Trastu eta idazketan animatzen dutenak. Ideiak xurgatzen ditu, hautatzen du zein hartu, zein ez, mustuka bat bezala funtzionatzen du. Inguruko tenperatura hartzen du, eta besteek finki ikusten dutenaz elikatzen da. Nik lagun gehienak musikan ditut, zineman ere batzuk, eta bistan da ene kasuan ere elikatzen naizela ingurukoek aipatzen dizkidaten liburu eta filmekin: horregatik dira hainbeste erreferentzia. Tomas memoria kulturalaz axolatzen da, eta ingurukoa xurgatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.