Cira Crespo.
Lauhazka

Bidaia oharrak

2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

LEHENENGO EGUNA.

Ez gara oso onak mapei jarraitzen. Bueno, Ibaik bestela esango zukeen: «beste lehentasun batzuk dauzkagu, baina jarriz gero, oso onak izango ginateke mapekin ere». Nolanahi ere den, ados; jarriz gero oso onak izango ginateke mapekin, baina gaur berriro ere kotxean hizketan ari ginela, berriro ere irteeraz nahastu gara. Baina hori ere egia da, handik edo hemendik, iritsi, beti iristen gara helmugara. Gaur ere bai: Lazkaoko beneditarren artxibategira iritsi gara. Han zen Jon, gu baino lehentxeago iritsia.

Bada beti gauza interesgarririk artxibategietan (eta liburutegietan edota, orokorrean, hitzak dauden zeinahi lekutan). Gaur, eskuizkribu batzuk irakurri ditugu; hau da, eskuz idatzitako izkribuak. Eskuizkribuak bereziki dira hunkigarriak, egilea askozez ere gertuago sentitzen baituzu... badakizu han izan zela, hezur-haragi, eta luma hartu eta eskua dantzaraziz idatzi zuela testua. Irakurri dugun izkribuetako batean, 1936ko data jartzen du. Eta «Irailean» ere bai. Gerra hasi berri, baina esango nuke testua idatzi zuenak ez ziola etorri behar zuen amildegiaren tamainari ongi antzematen.

Langileentzako jatetxe batean bazkaldu dugu hirurok. Ekialdeko Europako zerbitzariak basurde platera gomendatu digu. Ibairi baino ez dio egin ilusioa aukerak.

Bazkalondoan Ibaik eta Jonek etxerako buelta hartu dute, baina nik han gelditu behar izan dut, arratsaldean ekitalditxo bat baitaukat, artxibategiko herrian bertan. Idazteari buruz hitz egin behar dut, idazle batekin. Nolaz eta ekitaldia arratsalde amaieran den, taberna batera joan naiz esan nahi dudanari buruzko apunteei azken ukituak ematera. Tabernako zerbitzaria Europako Ekialdeko emakume indartsu bat da, eskaerak paperean apuntatu behar izaten ez dituena, eta beharrezkoa den edozein hizkuntza ulertzeko gai dena. Tabernan nire apunteak begiratu ditut, gauza batzuk buruz ikasten saiatu naiz. Nahiz eta jakin ezinezkoa dela dena goitik behera prestatzea, beti saiatzen naiz. Gero normalean ez naiz guztiz konforme gelditzen, eta beti bukatzen dut euskaraz gaizki esan ditudan gauzak buruan mailukatuz; pixka bat, ez gogorregi, baina tiriki-tauki, tiriki-tauki. Zer egingo diogu, ba, ez naiz bakarra izango, seguru asko.

Herrian egin dugu ekitalditxoa. Ohi den bezala, jende atsegina, eta ideia politak atera dira. Gustatzen zait idazteari buruz hitz egitea (eta niretzat Historia zer den esplikatzea, eta Historia nola egiten dudan...). Bukatzeko, gau ekitaldia borobiltzeko, salda bero lurruntsua izan dugu. Bide batez, eskerrik asko herrietan zeinahi motako kultura ekitaldiak antolatzen dituzuen guztioi, euskal kultura eraikitzeko eta etorkizun duin bat eskatzeko funtsezkoak zarete eta, gure makina sala zarete.

Horren guztiaren ondoren, nire herriaren kolonizazioarekin loturiko abenturak hasi dira. Zergatik? Bada, burokrazia kontu batzuk direla eta, nire bidaia guztia Madrilgo bulego ministerial batetik antolatu dutelako. Egun hautetan, e-mail batzuk trukatu ditut emakume ez oso jator batekin. Hark erabaki du non egin behar nuen lo. Horretarako, seguru asko, hartu EAEko mapa eta Lazkao hori non ote zegoen begiratuko zuten, eta mapan begiratuta, nonbait, ez zitzaien hain ideia txarra irudituko, hain ideia disparatatua, ni Lazkaotik Arantzazuko santutegira lo egitera bidaltzea. Zer da ba? Mapan behatz erdi bateko distantzia ere ez! Eta hala hartu didate hoteleko logela Arantzazun. Iritsi zait e-mailez erreserba agiria; eta nik, beste e-mail batean galdetu egin behar, oso modu atseginean (barkatu eta eskerrik asko, eta behar diren hitz guztiak esanez, gaztelania oso egoki batez): «Eta nola joango naiz gauez Lazkaotik Arantzazura!?». Eta haiek erantzun: «Taxi bat hartuta». Ados.

Eta hartu dut taxia. Arantzazurainoko bidean nahiko isilik joan gara, baina iristen ari ginela, taxistak esan dit: «Badakizu hemen egin zela euskararen normatibizazioa?». Banekiela, nik. «Bada, han egon zen gure osaba». «Eta ezagutu zenuen osaba?», nik. «Bai; baita maitatu ere».

Han zen Santutegia. Bide bihurgunetsu bati jarraitu ondoren, Arantzazura iristea, gau betean, eta han ikustea, itzela, argi polit batzuekin argiztatua, misterio eta duintasunez inguratuta, ederra izan da.

Orain lo, Cira, hoteleko ohe handi horretan.

BIGARREN EGUNA.

Aitortu behar dut, azkenean, eskertu beharko diodala Madrilgo funtzionario horri Euskal Herriko distantziei buruzko bere ezjakintasuna. Hari esker, gaur goizean Arantzazu inguruetan bueltatxo bat egiteko aukera izan baitut, eta txantxangorriak, txontak eta txirriskilak ikusi. Atzoko taxista etorri da nire bila.

«Emakumeei buruzko historia egiten duzu?», galdetu dit. «Bai», erantzun diot. Eta orduan kontatu dit:

«Gure baserria hiru emakumeren artean eraman zuten, hiru emakume alargun. Batak gerran galdu zuen senarra, Asturiasko frontean. Bestea, amonarena... bueno, nire ama bikotearen azken umea izan zen, eta jaio zenean aitak etxera alaba berria ikustera joateko baimena eskatu zuen lantokian. Enpresako nagusiak baietz, ematen ziola baimena. Iruñean hartu zuen autobusa. Lehenengo ilaran eseri zen. Atzean bere herriko emakume bat zetorren, baina zorabiatzen ari zela eta, aitonak bere eserlekua eskaini zion. Gero, autobusak istripua izan zuen, eta hildako bakarra aitona izan zen. Emakumeak bakarrik gelditu ziren, eta beti duintasunez, beti umore onez eraman zuten etxea. Asko maite dut nire baserria... Badakizkizu bertso horiek? Arestirenak? Baserria gurea da oraindik».

Ez dut jakin hirugarren emakumea zergatik alargundu zen. Beste gauza asko ere ez dakizkit, jakina. Taxistak tren geltokian utzi nau. Madril helmuga daukan tren dotore bat egokitu zait; baina ni Gasteizen jaitsi naiz.

Arantzazuko basilikako irudi bat. BERRIA
Arantzazuko basilika. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.