Zuzendariak: Judith Colell, Jordi Cadena. Gidoigilea: Jordi Cadena. Aktoreak: Aina Clotet, Claudia Pons, Lydia Zimmermann, Hans Richter, Jordi Jordi Gracia, Nausicaa Bonnin, Mari Pau Gigem. Herrialdea: Katalunia.
Gontzal Agote
Aurtengo Zinemaldiaren katalogo potoloari erreparatuta, sail ofizialean Espainia delako horrek bost pelikula dituela irakurtzen ahal da. Kopuru horrek hainbat hausnarketa interesgarri egiteko atea zabaltzen du, baina honako hau ez da lekua. Hala ere, letra txikia irakurrita, ikusiko dugu horietatik lau Katalunian ekoitzi dituztela eta bakar bat Madrilen; segurismoaren azken harribitxia, El gran Vázquez. Argigarria oso.
Halakoak ez dira kasualitate, aspaldian Katalunian lurralde kolonialetako zinemarik interesgarri eta ausartena egiten ari dira. Garai bateko Bartzelonako Eskolako kimuak ugari eta indartsu atera ziren, eta Jose Luis Guerin eta enparauen inguruan belaunaldi oso bat ari da koskortzen. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugarekin etengabe jolasean, metropolian egiten den bide itutik aldendu eta askoz ere emankorragoa den beste bati ekin zioten.
Loraldi horren azken fruitua Judith Colell eta Jordi Cadenak elkarrekin egin duten narrazio filmatua da. Arrisku txalogarria hartuz, egitura zurruna aukeratu eta jatorri literarioa baliatu dute erabateko protagonismoa duen off-eko ahotsaren bitartez. Bi parte ditu filmak, lehenean nabarmena da Michael Hanekeren itzal luzea: zuri-beltz dotorea, kamera finkoa, burgesiaren egunerokoa eta bat-batean ezkutuko bortizkeria. Bigarren partean, berriz, eztanda etorriko da, eta baliabideak guztiz aldatuko dira.
Halako apustu estilistikoek kontatu nahi dena estali ohi dute. Zorionez, kasu honetan ez da halakorik gertatuko; labur eta lehor Elisaren istorio lazgarrien berri du ikusleak. Hortik aurrerakoak, interpretazioak, hausnarketak eta abarrekoak, norberak egin beharreko lanak dira.
Bide independentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu