Bide urratzaile erromantikoak

Feillet ahizpek XIX. mendean egindako litografiak ikus daitezke Zumalakarregi museoan

Pasaiako emakume batelariak erakusten dituen litografia da erakusketan ikus daitezkeen lanetako bat. GORKA RUBIO / ARP.
Igor Susaeta.
Ormaiztegi
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Artearen historialariek diotenez, XIX. mendean emakumezkoek ez zeukaten arte akademietan izena emateko eskubiderik. «Mendea amaitu bitartean, adibidez, ez ziren onartuak izan anatomia eskoletan», gehitu du Mikel Alberdik, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko (Gipuzkoa) artxiboko arduradunak. Sasoi hartan bertan, ordea, Feillet ahizpek, Helenek (1812-1889) eta Blanchek (1815-1886), beren artea garatu ahal izan zuten, eta orduko ilustratzaile erromantiko oparoenetakoak bilakatu ziren. Parisen jaio ziren, baina 1834an Baionan laketu ziren, Pierre Jacques aitari jarraiki. Margolaria zein litografoa zen hura, eta teknika hori erabiltzen Frantzian aitzindari izandakoa. Alabek ere bide bat urratu zuten, eta, horregatik, Emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian erakusketa eskaini diete Zumalakarregi museoan. Irailaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Gehienbat, bi ahizpek egindako litografiek osatzen dute erakusketa, baina hamabi akuarela, hamahiru marrazki, zortzi liburu eta olio bat ere aukeratu dituzte, haien jarduna ahalik eta ondoen agertzeko. «Ikusgai dagoenaren erdia, edo gehiago, inoiz erakutsi gabe zegoen», nabarmendu du Alberdik. Baionako Euskal Museoaren eta Zumalakarregiren arteko koprodukzioa da, eta bi toki horietatik, Baionako Mediatekatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegitik, Bilboko Euskal Museotik, San Telmo museotik, Koldo Mitxelena kulturunetik eta Untzi museotik bildu dituzte piezak.

«Garai hartako Euskal Herriaren irudi erromantiko bat erakusten dute», Alberdiren esanetan. Izan ere, Baionatik Bilboraino eta alderantziz, lan etnografikoa egin zuten, batez ere, Helenek eta Blanchek. Litografiatu zituzten, esaterako, Irun, Tolosa, Azpeitia, Mutriku, Ondarroa, Bermeo eta Bilbo, eta toki horietako paisaia, jendeen janzkera eta ohituren berri eman.

Lan horiekin turistak erakartzeko helburua zuten, Alberdiren hitzetan. «Izan ere, orduan ari zen asmatzen turismoa, 1850aren bueltan». Blancheren senarrari, Charles Hennebutte Baionako inprimatzaile eta argitaratzaile ospetsuenetako bati, gida turistikoak kaleratzea bururatu zitzaion, eta haietan txertatu zituen ahizpek herrialde osoan zehar egindako bidaietan gauzatutako litografiak.

Alberdik azpimarratu duenez, orduan apenas zegoen emakumerik halakorik egiten zuenik. «Edo baldin bazeuden, ez ditugu ezagutzen. Beraz, erronka bat ere bada sasoi hartako lanak topatzea». Zumalakarregi museoak 1989an ireki zituen ateak, eta hango artxiboko arduradunaren arabera, beren eginkizunetako bat izan da XIX. mendeko grabatugintza ikertzea. «Gure bilduma iraunkorreko pieza da Blancheren Azkoitiko inguruak grabatua. Haren hariari segika iritsi gara erakusketa hau egitera».

Eta hariari tiraka deskubritu zuten Helenek, aitari esker —Baionako marrazki eskolako arduraduna izan zen, eta hil ondoren Blanchek ordezkatu zuen—, dezenteko lotura eduki zuela Espainiako mugimendu erromantikoarekin. Jose Espronceda poetaren La canción del pirata liburuko ilustrazioak egin zituen; Jenaro Perez Villaamilen Panorama matritense argitalpenerako bi irudi, eta El artista aldizkarian ere hedatu zuen bere artea.

Baina margolari modura ere nabarmendu zen Helene. 1839an, kasurako, Orleanseko dukeei Baionan egin zitzaien harrera arranditsu eta jendetsua margotu zuen olioan —lana ikus daiteke erakusketan—. «1839an emakumezko batek gisa horretako olio baten enkargua jasotzea gauza oso ezohikoa zen», nabarmendu du Alberdik. Parisko Pintura Saloian ere erakutsi zituen margolanak —orduko arte ekitaldi garrantzitsuena zen hura—. «Lan horiek barreiatuta daude, baina ideia ona litzateke haiek aurkitzea».

Zumalakarregira eramandako piezetako gehienak Baionako Euskal Museotik hartu dituzte. Eta, hain zuzen, han ere egongo da Emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian erakusketa, azaroa eta datorren urteko urtarrila bitartean. Rafa Zulaika museoko zuzendariaren iritziz, Baionan ikusiko denaren %75 jada Ormaiztegin ikus daiteke. «Guk Baionako gizartearekin lotura daukaten lanak ere jarriko ditugu».

Katalogoa ere bai

Erakusketari buruzko katalogoa prestatzen ari dira —Emakundek babestuko du—, eta horretan parte hartuko dute Olivier Ribetonek (Baionako Euskal Museoa), Florence Calame-Levertek (Institut National du Patrimoine), Mikel Alberdik eta Estrella De Diegok (arte kritikaria). Datozen hilabeteetarako, gainera, hainbat jarduera paralelo antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.