Bidezidorra Iñaki Segurolaren ondareari

Iñaki Segurola idazle, hiztegigile eta analistaren lan guztiak katalogatu, eta webgune batean bildu dituzte, atalez atal. Besteak beste, «transmisio lana» erraztea du helburu webguneak.

Iñaki Segurola idazle, hiztegigile eta analista. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iñaki Segurola idazle, hiztegigile eta analista. MARISOL RAMIREZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Filologo, hiztegigile, idazle eta analista oparoa izan zen Iñaki Segurola Amutxastegi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962-2022). Bizitza profesionalean hiztegigintza landu zuen batez ere, eta Orotariko Euskal Hiztegian, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan eta Egungo Euskararen Hiztegian egin zituen lanik handienak. Literaturan ere urratu zuen bidea, bereziki saiakeran. Bizirik zegoela, bost liburu eman zituen argitara: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005), Nere gorringotik (2008), Arrazoia ez dago edukitzerik (2012), Sed quia sua (2020) eta Koiteretzia eleberria (2021). Hura hil eta gutxira, seigarrena plazaratu zuen Alberdania argitaletxeak: Ganorexia (2022). Bestalde, makina bat iritzi eta zutabe idatzi zuen, besteak beste Euskaldunon Egunkaria-n, 31 eskutik blogean, Uztarria aldizkarian eta Urola Kostako Hitza-n. Uhinetan ere utzi zuen arrastoa: hirurehun kolaboraziotik gora egin zituen irratietan eta podcastetan, hala nola Euskadi Irratiko Arratsean saioko Sermoia-n. Haren ekarpen ia osoa www.segurola.eus webgunean bilduta dago orain.

«Iñaki Segurolak berak asmatutako hitzak eta batez ere 'Hankak lurrin' podcastean esandakoak batu ditugu 'Ogrotariko Euskal Hiztegia' atalean»

GARBIÑE LARREA Webgunearen bultzatzaile eta Iñaki Segurolaren alarguna

Segurolaren alargun Garbiñe Larreak gidatu du webgunea antolatzeko prozesua. Horretarako, hamar bat lagunez osatutako talde bat izan du lagun; ondoan izan ditu, besteak beste, Etxahun Kalparsoro, Kepa Matxain, Beñat Muguruza eta Andoni Imaz. Denak ere, hura baino gazteagoak. Larrea: «Hark esaten zuen bere belaunaldia ez zuela maite, baina bere belaunak bai. Taldean bildu direnak maitasunetik aritu dira, hura miresten zutelako edo harekin harremana izan zutelako». Denek ere «lanean beltzean» egin omen dute, webgunearen apailatzailearen arabera: «Orduak eta orduak pasatu dituzte irratietako grabaketak entzuten eta entzundakoa gaiaren arabera antolatzen». Hain zuzen, kategorizazioa eta sailkatzea izan da zereginik mardulena, urtarrilean proiektuari ekin ziotenez geroztik. Eta gehiena prest daukaten arren, horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, Larreak esan duenez: «Bolumenik handiena hor dago, baina gero findu egin beharko dugu lana, eztabaidak ere izan baititugu gure artean, zein gako hitz erabili eta abar. Hobetzen jarraitu nahi dugu».

'Ogrotariko Euskal Hiztegia'

Ogro ezizenez ere ezagun zen Segurola. Eta, sortu dituzten atalen artean, Ogrotariko Euskal Hiztegia nabarmendu du Larreak: «Hark asmatutako hitzak eta batez ere Hankak lurrin podcastean esandakoak batu ditugu bertan». Horrez gain, Segurolaren biografia bat, ikus-entzunezkoak, hari eta haren lanari buruz esandakoak eta Patziku Perurena idazlearekin izandako korrespondentzia ere bereizi dituzte. Webgunearen helburuaz argi mintzatu da Larrea: «Nahiko genuke denon eskura jarritako webgune honek transmisio lana egitea».

Webgunea martxan jartzeko eguna «Segurolaren espirituari jarraituz» hautatu zuen lantaldeak. Hiru egun izan omen dituzte gogoan; batetik, Segurolaren jaiotza eguna, hau da, martxoaren 8a, baina baztertu egin zuten, egun horrek «sinbolismo berezia» duelako; bestetik, hura hil zenekoa, apirilaren 15a. Baina hori ere ez zitzaien egokia iruditu. Larrea: «Haren bizitzari eman nahi diogu indarra, ez heriotzari». Azkenik, beraz, abenduaren 20a hobetsi zuten, «Ogro operazioaren urteurrena delako». Halako egun batez, 1973. urtean, ETAk Carrero Blanco almirante frankista hil zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.