Lan egiteko molde arrunten marjinan mantentzeko hautua egin zuen Elena Asins artistak (Madril, 1940-Azpirotz, Nafarroa, 2015). Artelanak sortzeko orduan, sorkuntza artearen munduari lotuta egin ordez, testuinguru zientifikoari lotuta egiten zuen. Izan ere, zientziaren arloko sortzaileekin aritzen zen gehienbat; izan fisikari, matematikari edota filosofo. Kalkulu teoriak eta algoritmoak erabiliz sortzen zituen bere proiektuak, eta, gainera, 1970eko hamarkadan aitzindaria izan zen bere sorkuntza prozesuetan ordenagailua erabiltzeagatik.
Donostiako Kutxa Kubo aretoan Asinsi eskainitako erakusketa bat zabaldu berri dute: Egitura, espazioa, denbora. Artistak sortutako lanen aukeraketa bat da; 73 obra bildu dituzte, eta horietako asko pieza batez baino gehiagoz osatuta daudenez, orotara 130 pieza inguru daude aretoan —marrazkiak, pinturak, eskulturak, bai eta bideo instalazioak ere—. Asinsek egitura, espazioa eta denbora bere lanetan nola lantzen zituen azaltzea da erakusketaren helburu nagusia, hiru kontzeptu horiek haren pentsamendu estetikoa ulertzeko beharrezkoak direla ulertuta. «Hiru ideia horien arteko ibilbide luze eta sakona da erakusketa», azaldu du Juan Pablo Huercanos komisarioak. Maiatzaren 24ra arte egongo da ikusgai.
Kutxa Fundazioak Madrilgo Reina Sofia museoarekin elkarlanean prestatu du erakusketa. Izan ere, Asinsek, hil aurretik, oinordeko unibertsal izendatu zuen museoa; hori dela eta, Asins zendu zenean haren ondasun guztiak jaso zituen museoak: haren obra guztiak, Azpirotzen zuen etxea eta bi auto. «Ardura handiagoa dugu, beraz, haren legatuaren gainean», adierazi du Reina Sofia museoko kabinete instituzionaleko zuzendari Carlos Urrozek. Gaineratu du Kutxa Kubokoa dela gaur egun artistaren lanez osatutako mostrarik handiena.
Zirriborroetatik hasita
«Ikerketa prozesu baten emaitza hutsa dira». Horrelaxe definitu ditu Huercanosek artistaren lanak. Asinsek gustuko zuen egindako lanen prozesuak erakustea, hasi lehen zirriborroetatik, eta azken emaitzaraino. Gauzak horrela, makina bat obra bildu zituen bere bizialdian. Erakusketan ere pieza asko bildu dituztela azaldu du komisarioak, baina gaineratu du artistaren «unibertso bisuala» ahalik eta ondoen ulertzeko asmoz bildu dituztela.
«Asinsen obrak ikerketa prozesu baten emaitza hutsa dira»
JUAN PABLO HUERCANOS Komisarioa
Erakusketa kronologikoki antolatzea erabaki dutela kontatu du komisarioak, mostrari zentzua eman nahian. Egiturari, espazioari eta denborari lotutako obrak, beraz, artistaren garai desberdinei lotuta daude: egiturarenak 70eko hamarkadakoak dira, espazioarenak 80koak, eta denborarenak 90etik aurrerakoak. Egiturari erreferentzia egiten dion lehen lana 1968ko marrazki bat da —ez du izenbururik—. Huercanosen hitzetan, Asinsen «aurreko unibertsoa» ulertzeko balio dezake marrazkiak, baina baita gerora etorriko zena iragartzeko ere. Obra horren ondoren sistemekin lanean hasi zen, lerro bertikalekin sortutako sekuentziak eginez. 1973ko beste marrazki bat da horren erakusle; tolesten eta zabaltzen doazen marra finez osatuta dago. Modu horretara sortutako zenbait sekuentzia ikus daitezke, denak aretoko pareta berean bilduta.
«Lan exijentea eta zorrotza» egin zuen Asinsek pieza horietan, komisarioaren ustez. Hain zuzen, konposizioa eratzeko, zenbakien arteko erlazioetan oinarritzen zen artista. 70eko hamarkadan zehar sortu zituen mota horretako lan gehienak.
Mozart eta Bach
Urteek aurrera egin ahala, ordea, haren lanek hedadura handiagoa hartu zuten. Egitura geometriko berriekin lanean hasi zen Asins, eta horrela sortu zuen Laukote prusiarrak (1978-1979) marrazki seriea, adibidez. Orduan ere lerro bertikalekin jolasean aritu zen artista, eta seriearen amaierako piezetarako lerro bertikalak gehitu zituen. Wolfgang Amadeus Mozarten Laukote prusiarrak izeneko konposizio batetik atera zuen Asinsek seriearen izena. Artistak harreman handia zuen musikarekin, eta bere sorkuntza batzuetan islatzen zuen hori.
Kanonak seriea Johann Sebastian Bach konpositorearen kanonetan inspiratuta sortu zuen. 1980an hasita, hogei urtez aritu zen artista serie horretarako piezak sortzen. Besteak beste, collagea eta pintura uztartu zituen serie horretan.

80ko hamarkadan, formatu berriekin esperimentatzeko asmoz, objektu liburuak deiturikoak ondu zituen sortzaileak. Itxuraz liburu bat diruditen piezak dira, baina barruko orriak tolesgarriak dira, eta zabaldu egiten dira —batzuk bi metro baino gehiago—. Orri bakoitzean, irudi geometriko baten hedapenak egin zituen Asinsek, aldaketa modu garbian ikusi ahal izateko. Orri horietako batzuk ikusgai daude aretoan. Horietako batean artistak bere aitaren heriotzaren berri izan zuenekoa ere azaltzen da. «Nire aita hil da», irakur daiteke irudi geometriko baten ondoan.
Amaitutako lanez gain, beste lan batzuen sorkuntza prozesuan egindako zirriborroak ere jaso dituzte erakusketan; «prozesu piezak» dira, Huercanosen hitzetan. Horietako asko inoiz erakutsi gabekoak direla ere gaineratu du. Komisarioaren ustez, pieza horiek erakusteak emaitza nola lortu den ulertzeko aukera ematen dio bisitariari, eta, gainera, Asinsek urteen poderioz izandako garapena ere azaltzen dute.
Eskulturara hurbiltzea
1990eko hamarkadaren amaieratik aurrera, planoetatik bolumenera saltoa eman zuen artistak. 2000. urtera bitarte hainbat eskultura sortu zituen. Azpirotzen eman zituen hainbat urte Asinsek, eta, bertan zela, monumentu megalitikoekiko interesa sortu zitzaion; interes horretatik tiraka, menhirren kontzeptura hurbiltzeko saio bat egitea erabaki zuen. Harriz sortutako kuboak dira, ertzen bat ebakita dutenak. Bestalde, Menhirrak (1995) deitutako eskultura multzoa ere ikusgai dago Kutxa Kubon.

Erakusketa nolabait biribiltzeko, artistak 2010ean eta 2011n sortutako lau animazio daude ikusgai. Asinsek bere ibilbidean zehar izandako bilakaera ikus-entzunezkoetara eramateko ideia izan zuen, eta horren emaitza dira proiekzioak. Gorka Alda musikariak —Asinsekin behin baino gehiagotan aritu zen elkarlanean— jarri die soinu banda proiektu horiei.