Musika

Big Daddy Wilson bakarlari estatubatuarra Arrasate Blues jaialdian arituko da

Zortzigarren aldia izango du jaialdiak, eta, 'zero kilometro' filosofiari eutsiz, bertako taldeak ere bildu dituzte programazioan, nazioarteko ahotsekin batera. Bihar hasi eta hilaren 16ra bitarte, hamahiru kontzertu izango dira udalerrian.

Big Daddy Wilson jaialdian ariko da larunbatean. ARRASATE BLUES
Big Daddy Wilson jaialdian ariko da larunbatean. ARRASATE BLUES
Hegoi Amabizka Gamiz
2026ko uztailaren 8a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala dio ETS taldearen Musikaren doinua kantak: «Punk doinua zein blusa edo ska musika/ berdin du erabakia musikaren zentzua». Abesti horrek ondo isla dezake Euskal Herriko musika eszenaren aniztasuna zein aberastasuna. Arrasaten (Gipuzkoa), esaterako, bluesak hartuko ditu kaleak egunotan, beste urte batez Arrasate Blues jaialdia antolatu baitute. Joan den astean egin zuten atariko kontzertuaren ondotik, bihartik hilaren 16ra bitarte Euskal Herriko zein nazioarteko artistak bilduko dira udalerrian, eta Big Daddy Wilson artista estatubatuarra izango da izen nagusietako bat. 

Zortzigarren urtea izango du jaialdiak. Uztailean herriari bizia emateko helburuarekin ekin zion Ibai Arte merkatari elkarteak bideari, 2019an, eta, zero kilometro filosofiari jarraituz, hasiera-hasieratik egin dute Euskal Herriko taldeen aldeko apustua. Joan den astean, hilaren 2an heldu ziren lehen blues doinuak herrira, Alvaro & Paul bikoteak egindako kontzertuan —pianoa, ahotsa eta harmonika uztartu zituzten—. Eta horren ondotik, doako beste hamahiru kontzertuz osatutako programazioari ekingo diote bihartik aurrera. Hain zuzen, AC Band talde arabarraren txanda izango da bihar, eta hurrengo eguneko arratsalderako egitaraua ere prestatu dute, besteak beste, Jonas Molina, FEMMM, Red House Revival eta Jac Electric taldeekin. 

Larunbata izango da jaialdiaren egun handia. Goizean eta arratsaldean hainbat talde gipuzkoarrek zein bizkaitarren joko dute, hala nola Bluehat, Crazy Jumpers eta Gonzalo Portugal musikariek. 22:30ak heltzean, alabaina, Big Daddy Wilson bluesman estatubatuarraren txanda izango da. Aurten Back to the Roots 2026 bira egiten ari da Europan zehar, eta bira horren barruan emango du Arrasateko kontzertua. 

Bluesaren eta soularen ahots garaikide ezagunenetariko bat da Big Daddy Wilsonena (Ipar Carolina, AEB, 1960). Haren kantek ez dute soilik maitasunik eza jorratzen; bizipen pertsonalak eta bere baitan zein inguruan antzemandako sentimenduak ere izaten ditu hizpide Wilsonek bere hitzetan. 1979an AEBetako armadan eman zuen izena, eta Mendebaldeko Alemaniara bidali zuten. Bertan deskubritu zuen bluesa, eta hala ekin zion bere ibilbide profesionalari. 

Nazioarteko bakarlariari euskal musikariek hartuko diote erreleboa igandean, Paul San Martin eta Lluis Coloma bikotearen zein Monica Duran buru duen Angry Lovers taldearen proposamenek hartuko baitute oholtza. Eta Nuria Lopez Garcia konpositoreak emango dio amaiera jaialdiari, hilaren 16an.

Tokiko artistak oinarri

Aurten ere Euskal Herriko taldeei lekua egin diete antolatzaileek, eta, hala, Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Lapurdiko ordezkaritza zabala izango da jaialdian. Debagoienari dagokionez, zehazki, eskualdeko zortzi musikari arituko dira oholtza gainean. Angry Lovers arrasatearrak ez ezik, Arrasate eta Bergarako zenbait musikarik osatutako Bluexei taldea ere jaialdian ariko da —haiek irekiko dituzte uztailaren 10eko eta 11ko gaueko jam session-ak—.  

Nazioarteko zein tokiko artisten arteko oreka nabarmendu du Jon Apraiz jaialdiko zuzendariak: «Arrasate Blues zortzigarren ediziora heldu da; sendo, urtez urte nazioarteko izen handiak ekartzea lortzen baitu, baina tokiko izaerari ere bere horretan eutsita».  

Halaber, tradizionalki gizonen presentzia handiagoa izan duen genero batean emakume artistek lekua izateari garrantzia eman nahi izan diote antolatzaileek. Apraizek azaldu du aurten «hamalau emakume inguru» izango direla oholtza gainean, hala nola Monica Duran, Ines Goñi edo Noa Egiguren. 

Azken bi hamarkadetan, blues jaialdiek leku nabarmena lortu dute Euskal Herriko udako kultur eskaintzan. Soraluzen (Gipuzkoa), Bilbon eta Tolosan (Gipuzkoa) urtero hartzen dituzte bluesaren bueltan aritzen diren talde eta bakarlariak, eta, horri esker, genero horrekiko publiko fidel bat sortuz doa. Testuinguru horretan, Arrasateko jaialdiak ere bere tokia aurkitu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA