«Jende guztiak ditu deabruak, kontua da jakitea deabru horiek zenbateraino diren jasangarri». Joel Dickerren La Vérité sur l’affaire Harry Quebert nobelako aipu hori bere liburu berriaren lehen orrialdean jaso du Kepa Iribarrek, istorioaren mamiarekin ongi lotzen dela iritzita. Izan ere, Erleen azken ziztada eleberrian ere «deabru asko» dagoela azaldu du idazleak; iraganari eta gerrari lotutako «deabruak dituen jendea», zehazki. Nobela beltza eta historikoa uztartu ditu Iribarrek bere bigarren lanean, eta, hala, iraganaren arrastoak eta gaur egungo gertakariak trama beltz baten bidez josi ditu kontakizunean. Erein argitaletxearekin kaleratu du liburua, eta, Inazio Mujika editorearen ustez, «tentsio narratibo handiko thriller bat» ondu du.
Idazleak Getarian (Gipuzkoa), bere sorterrian girotu zuen bere lehen eleberria, 72 ordu (Erein, 2022) —Elkanoren mundu biraren omenezko lehorreratze jaiaren bueltan—, eta agertoki bera hautatu du lan berrirako ere, nahiz eta ez den bakarra. Bi garai, bi denbora lerro tartekatu ditu testuan; izan ere, Bigarren Mundu Gerrako gertakariak gaur eguneraino eramaten dituen hari batek josten du kontakizuna. Iraganeko istorioa 1944an abiatzen da, gerra bukatzear dela, Bidasoa ibaiaren ertzean, muga pasabidean. Gaur egungoari, berriz, Getarian gertatutako bahiketa batek ematen dio hasiera. «Bi garai horiek lotzeko ahalegina da nobelaren garabidea, eta iraganaren eta orainaren arteko ispilu joko bat planteatzen da», azaldu du Mujikak. «Biak lotzen dituen misterio baten inguruan mamitzen du trama guztia».
Hain zuzen, bahiketa argitu behar duten bi pertsonaiek lotzen dituzte bi hariak: Aitor Letamendia detektibeak eta Edurne Rodriguez Ertzaintzako ofizialak. Biak ala biak lehen liburutik berreskuratu ditu idazleak, eta «konplot baten erdian harrapatuta» ageri dira lan berrian. Iribarrek esplikatu duenez, iraganeko gertakari askok eragina dute orainaldiko trama beltzean. «Bi pertsonaiek bahiketa hori askatu, konpondu beharko dute, eta konturatuko dira kasuan aurrera egiteko denboran atzera egin beharko dutela, eta Bigarren Mundu Gerrako gertaera horiek ezagutu beharko dituztela gaur egungoa argitu ahal izateko».
«Bi pertsonaiak konturatuko dira kasuan aurrera egiteko denboran atzera egin beharko dutela, eta Bigarren Mundu Gerrako gertaera horiek ezagutu beharko dituztela gaur egungoa argitu ahal izateko»
KEPA IRIBAR Idazlea
Tartean, talde nazi bat ere ageri da istorioan, eta haren «memoria iluna» da kontakizunaren giltza, Mujikak aurreratu duenez. Horien guztien bidez, hainbat gai jartzen ditu liburuak mahai gainean, hala nola errua eta barkamena, oroimenaren zama, justiziaren eta mendekuaren arteko tentsioa, arrazakeria atzo eta gaur... «Gure gizartearen itzalak agerian jartzen dira, eta oso boladan dauden gauza batzuk ere bai: ultraeskuinaren gorakada, emigrazioaren tragedia, boterearen gehiegikeriak...».
Horiek guztiek hainbat galdera sorrarazi dizkiote editoreari: zenbat iraun dezake iraganaren pozoiak?, zer gertatzen da egia lurperatzen denean? «Ez dugu ahaztu behar historia ez dela beti iraganeko kontu bat; batzuetan, gure alboan entzuten dugu erleen burrunba hori». Alde horretatik, liburuak isiltasunaz, memoriaz eta memoriarik ezaz ere egiten du gogoeta, Mujikaren hitzetan.
Eguneroko bat
Aurreko liburua idazteak utzitako zapore gozoa izan zuen Iribarrek bigarrenari ekiteko akuilu. «Ordukoan, istorioa etorri egin zitzaidan, eta ondoren etorri zen idaztea; ez zen erabaki kontziente bat izan. Hau alderantziz izan da; lehenengoaren prozesu guztia gustatu, eta erabaki nuen bigarrena idatzi nahi nuela, eta helduleku bila hasi nintzen». Albistegietan puri-purian zeuden hiru auzik eman zioten istorioa irudikatzen hasteko bidea: Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak, Bidasoa ibaian itota hildako migranteen kasuek, eta bateko eta besteko hauteskundeetan ultraeskuinak izandako gorakadak. «Horiexek izan ziren nire heldulekuak: gerra, ultraeskuina eta migrazioa».
Istorio bat sortzeko bere prozesuaren nondik norakoak ere aletu ditu idazleak, eta azaldu ezen, gero irakurleak dena batera jasoko badu ere, berak hiru geruza bereizi dituela lan egitean: batetik, «kateatuko duen trama beltz bat» sortzea; bestetik, hori kontatu bitartean agertuko diren gaiak; eta, azkenik, horiek toki jakin batean kokatzea. «Lehen nobelan oso gustura aritu nintzen nire inguruari beste begirada batekin begiratzen, eta ez kokalekuak ez pertsonaiak ez nituen agortuta ikusten».
Bestalde, azaldu du oso garai interesgarria iruditzen zaiolako jo duela Bigarren Mundu Gerrara. Hari hori soldadu alemaniar gazte baten egunerokoaren bidez dago kontatua, eta egungo tramarekin tartekatuta ageri da. Hain zuzen, idazleak aitortu du egunerokoa idazteak eman ziola buruhauste gehien. Batetik, bi harietako atalak tartekatuta hasi zelako idazten. Eta, bestetik, soldadu haren larruan sartu beharra zeukalako. «Ariketa zailena izan da gerrara doan 1940ko hamarkadako 16-17 urteko alemaniar gazte baten larruan sartzea eta bere sentipenak kontatzea. Konturatu nintzen ezin nuela hori tartekatuz idatzi, oso zamatsua egiten zitzaidala. Hala, erabaki nuen lehenik eguneroko guztia idaztea». Ondoren joan zen atalak tartekatzen, eta egungo istorioari jarraitzeko beharrezkoa zen iraganeko informazioa txertatzen. Bi hariak txirikordatuta jasoko ditu irakurleak.