Gazteak literaturara hurbiltzeko Lumafest jaialdia egingo dute Donostian

Ostegunetik larunbatera bitarte iraungo du, eta gazteak beren sormen prozesuetan laguntzea du helburu. Tailer bat, podcast grabaketa bat eta lau liburu aurkezpen antolatu dituzte.

Leire Ugadi idazlea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Leire Ugadi idazlea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko apirilaren 15a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazteek ere beren lekua izan dezaten literaturan, gazte literaturaren Lumafest jaialdia egingo dute bihar hasi eta larunbatera arte; Donostiako Santa Teresa komentuan izango da. Gazteak sormen prozesuetan laguntzea da helburua; horretarako, tailer bat, zuzeneko podcast grabaketa bat, eta liburu aurkezpenak antolatu dituzte. Han izango dira Garazi Albizua, Julen Apella eta Leire Ugadi idazleak, baita nazioarteko idazle batzuk ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatzen du jaialdia, eta bosgarren aldia da aurtengoa. Goizane Alvarez diputatuak adierazi du gazte literaturaren alde egitea «pentsamendu propioaren, sentsibilitatearen eta askotariko etorkizunak irudikatzeko gaitasunaren alde» egitea dela. 

Bihar eta etzi goizean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleak izango dira protagonista. Galtzagorri elkarteak —Gipuzkoako ikastetxeekin lankidetzan— tailer bat emango du irakurketara hurbiltzeko moduei buruz, «esplorazioa eta jolasa» ardatz hartuta. 18:30ean, mikrokontakizunen lehiaketaren saria banatuko da, euskarazko kategoriari dagokiona zehazki —gaztelerazko kategoriako sari banaketa ostiralean izango da, 19:00etan—. Eta, 18:45ean, bideopodcast bat grabatuko dute: Garazi Albizua, Julen Apella eta Leire Ugadi solasean ariko dira Amalia Ibargutxi kazetariarekin, eta idazteari eta irakurtzeari buruz hitz egingo dute, besteak beste adimen artifiziala eta sare sozialak kontuan hartuta.

Ostiralean, bi liburu aurkezpen egingo dira: Adrienne Youngen Fallen City aurkeztuko dute 18:00etan, ingelesez, eta Alina Noten Los diez mandamientos de Casey Adams 19:15ean, gaztelaniaz. Larunbatean, berriz, beste bi aurkeztuko dituzte: Nerea Llanesen Ocaso eta Aurora, 18:00etan, eta Myriam Lejardiren Maldita fortuna, 19:30ean —gaztelaniaz biak—. Antolatzaileek «gazteen komunitate» gehiago sortzea eta «pentsamendu kritikoa» sustatzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA