Emma (Zendaya Coleman) eta Charlie (Robert Pattinson) ezkontzear daude. Liburu denda bateko saltzailea eta museo bateko zuzendaria dira, hurrenez hurren, eta kafetegi batean ezagutu zuten elkar. Bi urte igaro dira ordutik, eta aste gutxi barru egingo dute zeremonia. Egunak joan egunak etorri, urduritasuna areagotuz doa, bai eta zalantzak ere; izan ere, uste dute elkar ezagutzen dutela, baina gau batean, lagun batzuekin hitz egiten ari direla, inoiz aitortu gabeko sekretuak kontatuko dizkiote elkarri. Barre artean azaleratu dituzte guztiak, Emmarena izan ezik: ezustean harrapatu ditu gainontzekoak. Aitorpenak hankaz gora jarriko du bien arteko harremana, eta Charliek galdera bat izango du une oro buruan bueltaka: «Zenbateraino ezagutzen dut nire bikotekidea?».
Zuzendariak argi zuen hasiera-hasieratik ez zuela romcom edo komedia erromantiko bat egin nahi. Filmaren hasiera publikoarentzat «emozionalki hunkigarria» izan zedin nahi zuen, eta pixkanaka «deserosoa» bihurtu: «Maitemintzen zarenean film batean bezala sentitzen zara. Film erromantikoa da, zalantzarik gabe, baina tonua aldatzen duten hainbat elementu txertatu nahi izan ditut». Gainera, elkarrizketa batean adierazi zuen publikoarengan ere sortu nahi izan duela zalantza: zenbateraino ezagutzen du nork bere bikotekidea?
Ezkontza hizpide
Bikote gazte baten ezkontza da filmeko ardatz nagusia. Hori horrela izanik ere, zuzendariak ez du iritzi sendorik ekintza horren inguruan: «Erritualari zerbait polita ikusten diot. Hala ere, herrialdearen arabera, ekintza horren helburuak aldatu egiten dira. Hots, beste erabilera bat ematen diote; esate baterako, hainbat dirua lortzeko ezkontzen dira». Hortaz, kapitalismoari zuzenki lotuta dagoela uste du: «Diru kopuru izugarri handia gastatu behar da ezkontzeko. Gainera, sekulako industria dago negozio horren atzean: argazkilariak, lekua, janaria, gonbidatuak, jantziak... Erritual sakratu baten barruan egiten duten diru tranpa bat da».
Horrez gain, filmean ez dira elizan ezkontzen, eta horren inguruko zenbait adierazpen ere egin ditu zuzendariak: «Bien arteko maitasunaren ospakizun bat islatu nahi izan dut, hau da, bizitza honetan bidelagun izan nahi dutela».
'the drama'
Zuzendaria eta gidoilaria: Kristoffer Borgli. Aktoreak: Zendaya Coleman, Robert Pattinson, Alana Haim, Mamoudou Athie. Argazkia: Arseni Khachaturan. Generoa: drama. Herrialdea: AEB. Iraupena: 106 min. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:Â

'petrus'
Zuzendaria eta gidoilaria: Helena Bengoetxea. Parte hartzaileak: Joseba Lekuona, Simeon Hidalgo, Elsa Plano. Generoa: dokumentala. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 94 min. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Joseba Lekuonak harriak zizelkatzen ditu, artearen merkatu esklusibo batentzat. Simeon Hidalgo, berriz, erretiroa hartu duen irakasle bat da, eta Petrus maisua zenari egindako museo bat zabalik egon dadin saiatzen ari da. Elsa Plano, ostera, herriko alkatea da. Hiru pertsonaia horien bizitzak gurutzatu egingo dira, eta erakutsiko dute egunerokoa nola bihurtzen duten erresistentzia modu.
'mata'
Zuzendaria eta gidoilaria: Rachel Lang. Aktoreak: Eye Haidara, Josephine Japy, Raphael Personnaz. Generoa: thrillerra. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Nigerren dago Mata agentea, zaurituta, eta Antoine lankidea galdu du berriki. Bidean, Alpeetako misio batean parte hartzea eskainiko diote, eta onartzea erabakiko du. Aldi berean, lankidea nola desagertu den ikertzen segituko du. Haren ustez, nagusiek informazioa ezkutatzen diote. Beraz, giro horretatik aldenduko da, eta bere kabuz abiatuko du ikerketa.
'corredora'
Zuzendaria: Laura Garcia Alonso. Gidoilariak: Laura Garcia Alonso, Pol Cortecans. Aktoreak: Alba Saez, Marina Salas, Alex Brendemuhi. Generoa: drama. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 96 min. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Eliteko korrikalari bat da Cris, baina krisi psikotiko bat izan du berriki, eta lehiaketetatik aldendu beharko du. Ingurukoek ez dute jakingo nola lagundu; ahizpa Nataliak, baina, bai. Haren babesleku bihurtuko da, eta egoera onartzen lagunduko dio, baita bizitza estilo berrira egokitzen ere.