Antzerkia

Bikotekideari ere esaten ez zaizkion sekretuak oholtzaratuko ditu Elur Etxea konpainiak

Sexu aniztasunetik abiatu, eta frustrazioak, desirak, beldurrak eta norbere kolkorako gordetzen diren kontuak aletzen ditu 'Eros eta Afroditaren aitortzak' komedia musikalak. Igande honetan egingo dute jendaurreko entsegua, Legorretan.

Miren Gojenola, Iñaki Santos, Esti Curiel eta Andoni Mutiloa 'Eros eta Afroditaren aitortzak' komedia musikaleko partaideak, Zumaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Gojenola, Iñaki Santos, Esti Curiel eta Andoni Mutiloa 'Eros eta Afroditaren aitortzak' komedia musikaleko partaideak, Zumaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Zumaia
2025eko urriaren 9a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andoni Mutiloa eta Esti Curiel aktoreek antzeztuko dituzte Elur Etxea konpainiaren Eros eta Afroditaren aitortzak antzezlaneko bi protagonisten rolak: Josu eta Eneritz. Haiekin batera, Iñaki Santos igoko da oholtzara, pianoa jo eta aldi berean eszenak argiztatzea misio duela. Mutiloa da antzezlan musikatuaren sortzaile eta gidari ia erabatekoa, baina zuzendaritza lanetarako Miren Gojenola izan du alboan. Igande honetan egingo dute jendaurreko entsegua, Legorretan (Gipuzkoa). Estreinaldi ofiziala, berriz, hilaren 24an izango da, Zumaian (Gipuzkoa). Sexualitateaz modu dibertigarrian aritzea dute helbururik behinena.

Sexu aniztasunari heltzea eta talaia horretatik antzerki pieza bat ontzea ez da gauza berria Elur Etxea konpainiakoentzat. Oinarri hori izan zuten Sex sua haien bigarren antzezlanean, eta horra itzuli dira laugarren pieza duten honetan ere. Gaia, hain zuzen, «unibertso zabala» iruditzen zaio konpainiako buru Mutiloari: «Maitasunari buruz hitz egitea bezalatsu da: ezin konta ahala ertz ditu». Ertzak ertz, harreman heterosexual monogamoetatik kanpo gelditzen denari jarri dio arreta, eta antzerki musikalak kontatzen duen istorioa zehaztuz joan ahala konturatu omen zen hura behar zuela hobetsi. Halaxe antzeman ere, hastapeneko aktore bakarrerako formatua alde batera utzi, eta emakumezko «frustratu» baten eta gizonezko «frustratu» baten arteko elkarrizketak josiz onduko zuela antzezlanaren muina.

«[Sexu aniztasunari heltzea] Maitasunari buruz hitz egitea bezalatsu da: ezin konta ahala ertz ditu»ANDONI MUTILOA Aktorea eta zuzendaria

Pertsonaia nagusietako bat, Josu, herriko gay ofiziala da; zintzoa, sentibera eta inozente samarra. 43 urte bizkarrean, eta azken urteetako hutsunea betetze alde bizitza alaituko dion bikote harreman baten bila dabil, nahi baina ezin. Eneritz, berriz, bi seme-alabaren ama da; bere frustrazio sexualari aurre egiteko, ezkutuan harremanak izaten ditu senarra ez diren beste gizonezko batzuekin. Ez du, baina, damurik. Kontrara, harro eta gozamenari konektatuta sentitzen da.

Bi pertsonaiek topo egingo dute halako batean, eta haien artean sortuko den solasak osatzen du antzezlanaren muina. Bestelako planorik ere bada ugari, sarri egiten baita jauzi pertsonaien barne gatazkak sortzen diren une eta tokietara. Mutiloak jarri ditu adibideak: «Joango dira, esate baterako, Eneritzen logelara, hura bere frustrazio sexualaz jabetu zen unera. Edota Josuren etxera, gimnasio batera, sexu klub batera....». Gojenolak gehiago zehaztu du: «Ez da kontakizun lineala; behar den heinean, atzera eta aurrera egiten dugu, eta horretarako egokia da antzezlan musikala».

Bestela ere, ez da kasualitatea musikak hartzen duen garrantzia. Mutiloa: «Ilusio handia egiten dit honek. Hasteko, halakorik gutxi dagoelako Euskal Herrian, eta are gutxiago euskaraz». Aktore eta zuzendariaren arabera, gainera, Elur Etxea konpainiak antzerki sozialaren ezaugarriak gehitu dizkio «oro har istorio nahiko arinak» taularatzen dituen genero horri.

Batez ere, dibertitzeko

Oroz gainetik dibertitzeko antzezlan bat dela nabarmendu du Gojenolak: «Abestiekin eta dantzekin jolas egitea da helburua». 1980ko hamarraldiko pop estiloko kantuak sortu dituzte horretarako. Mutiloa: «Abestien bidez beste toki batera bidaiatzen dugu, eta niretzat hor dago magia eta sortze prozesuko momenturik ederrenetako bat: bururatzen zaizkigun ideiak nola ari garen gauzatzen». Alde horretatik, Santosi «artisauaren lana» egitea egokitu zaio antzezlana ontzeko prozesuan: besteak beste, Mutiloak sortutako kantuak estudioan janztea eta forma egokia ematea. Oholtzan, berriz, pianoa jo baino gehiago egin beharko du: «Zenbait eszenatan malabarak egin beharko ditut argiztapena eta soinua biak batera gobernatzeko», esan du. Halaber, argiztatzeak, musikak bezala, aparteko garrantzia duela nabarmendu du: «Abestiek askoz kolore gehiago izango dute elkarrizketa hutseko eszenek baino».

Baina «bikotekideari ere esaten ez zaizkion sekretuak» oholtzaratzea berez da konplikatua, dibertitzeko helburuz izanagatik ere. Halaxe dio Curielek: «Andonik proiektuan parte hartzeko deitu zidanean, ilusioa egin zidan, eta erronkatzat hartu nuen kantatzea eta dantzan egitea, baina lotsa ematen zidala ere esan nion. Aktore naizen leku horretatik aritu behar dudala ulertzen dut».

Dantzak biribiltzeko eta espresibitatea hobetzeko, Hodei Iriarte Kaperotxipi koreografoaren aholkua izan dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.