Bilbo, Europako soinu bandan

Depeche Modek abiatuko du bihar Bilboko BBK Live jaialdiaren hamalaugarren aldia. Guztira, 70 talde batuko ditu programak; The Killers, Primal Scream eta Brian Willson tartean

The Killers. DOMENECH CASTELLÓ / EFE.
Inigo Astiz
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europa Hegoaldeko udako musika jaialdien merkatuko erreferentziarik garrantzitsuena bihurtzea da Bilboko BBK Live jaialdiko antolatzaileen asmoa. Eta anbizio horren araberakoa da bihar hasiko den hamalaugarren aldiaren antolaketa eta programazioa ere. Depeche Mode, The Killers, Die Antwoord, Justice eta Primal Scream batuko ditu, besteak beste, eta 70 talde baino gehiago bilduko ditu, guztira, jaialdiko bost guneetan. Urteak dira Kobetamendik gehienez ere har ditzakeen 120.000 ikusleren bueltan dabiltzala, eta hurrengo urteetan ere zenbaki horri eustea da Last Tour enpresaren eta Bilboko Udalaren erronka. Publiko zabalarentzako pop eta rock talde entzutetsuak eta adituentzako gutiziaren bat tartekatzen dituen egitaraua da jaialdiaren arrakastaren giltza nagusietariko bat, baina erakunde publikoen babesak —1,4 milioi euro jarri ditu Bilboko Udalak—, eta Iruñeko sanferminen gertutasunak ere laguntzen dute jaialdia bertakoentzat eta atzerriko bisitarientzat erakargarri bilakatzen. Argi, beraz: kontinentea dute amets bihar entzuten hasiko diren doinuek.

«Kartelburua». Kakotxen artean baino ez dute erabili hitza Last Tour enpresakoek aurtengo komunikazioetan, baina, zalantzarik gabe, Depeche Mode taldea izango da aurtengo jaialdiko eskaintza erakargarrienetariko bat. Izan ere, hamalau estudio diskoko ibilbidearen ondoren, 100 milioi disko saldu ostean, eta 30 milioi pertsonaren aurrean aritu eta gero, britainiarrek aldi berean jokatzen dituzte aitzindari eta beterano rolak.

Hamarkadak daramatza Dave Gahan eta Martin Goreren taldeak popa eta elektronikaren uztartzen, eta ereserki bilakatua da jadanik haien Enjoy the Silence abestia ere. Baina Depeche Modekoak ez dira iraganeko errentei esker bizi zaleak, eta kritika onak jaso ditu aurten kaleratu duten beren azken lanak ere: Spirit. James Ford ekoizlearekin osatu dute diskoa, eta ukitu soil eta iluneko kutsu elektronikoa dute abesti gehienek, eta hitzetan ere etengabeak dira munduaren egungo egoerari buruzko kritikak ere.

The Killersen berriena

Doinu dirdiratsuko leloak izan dira hasieratik The Killers taldearen espezialitate nagusia. 2001ean sortu zuen taldea Brandon Flowers abeslariak. Las Vegas sorterriko kasinoetariko batean Oasis taldearen kontzertu bat ikustean eragin zion zirrarak eraginda, iragarkiz bete zituen kaleak, bateria eta baxu jotzaileak bilatzeko. Mr. Brightside eta Somebody Told Me abestiek eraman zituzten mundu osoko irratietara 2004an, eta jaialdiz jaialdi mantendu dira geroztik beren disko bakoitzarekin. Bidean dute laugarren estudioko diskoa orain, eta hasiak dira emanaldietan kanta berri gutxi batzuk ere eskaintzen. Larunbateko egitarauan haien izena da nabarmenenetariko bat. Baina izango dira gutizia minoritarioagoak ere, besteak beste, Explosions in the Sky post-rock talde estatubatuarrak ere egun horretan izango baitu emanaldia.

Partekatuago doa larunbateko karteleko protagonismoa. Die Antwoord hegoafrikarrak nabarmendu dituzte, esaterako, Last Tourrekoek. Haiek izendatu dituzte kakotx arteko kartelburu. Izan ere, nazioarteko eszenan beren lekua egin du taldeak bere rap, disco eta house erritmo uztarketa bereziarekin. 2009an jarri zuten doan jaisteko moduan beren lehen diskoa, eta, beren estetika deigarriaren ondorioz, askok urrunegi eramandako broma modukotzat hartu zituzten arren, harrera ona egin die publikoak zuzenekoetan.

Pet Shop Boysen doinuak

Primal Scream eta Brian Wilson ere izango dira zuzenean larunbatean. The Beach Boys taldearen sortzaile izan zen Wilson, eta Pet Sounds diskoa eskaintzen izango da oholtzan musikaria. Harrera hotza izan zuen lan hark bere garaian, baina izugarria izan zen haren eragina. Paul McCartneyk ere onartu zuen, esaterako, disko hura izan zuela inspirazio iturri Sgt Peppers sortzerakoan.

Euskal Herriko musikariak ere izango dira. Zazkel taldea, esaterako, bihar izango da Heineken gunean, 17:45ean, bere pop eta rock doinuekin. Vulk taldekoak arituko dira bihar, eta, etzi, berriz, Izaro, Empty Files eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira oholtzan. Gauerdia pasatuta igoko da bikotea Starman guneko agetokira bere stoner kutsu argiko kantak eskaintzera, eta Kokoshca iruindarrek larunbatean joko dute, 21:00etan, Ron Matusalem gunean.

Esku dirurik ez da izango aurten jaialdi gunean. Hori da aurtengo jaialdiaren nobedade nagusia. Ordainketak jaialdiko eskumuturrekoaren bidez egiteko sistema bat jarri dute martxan antolatzaileek. Nahi beste diru sartu ahalko du jendeak eskumuturrekoak izango duen txipean, eta harekin erosi ahalko ditu edari, janari eta arropak. Joera hori ari da zabaltzen nazioartean, eta, Azkena Rock jaialdian proba egin ostean, asmakizuna Bilbora ere ekartzea erabaki du Last Tour enpresak.

Hirira ere zabalduko du bere eskaintza jaialdiak. Bereziak izeneko zikloak BBK Live hirigunera gerturatu du. Kobetamendiko jaialdiaz gain, hiriko hainbat gunetan kontzertuak prestatu dituzte, eta, besteak beste, Nudozurdo, eta Delorean ikusi ahalko dira.

Eta zabaltze hori da jaialdiaren etorkizuneko erronketariko bat.

Txiki gelditzen hasi zaie Kobetamendi, baina Last Tour enpresako zuzendaritzak ez du jaialdia beste inora eramateko asmorik. Argi azaldu du hori Alfonso Santiago presidenteak egunotan hedabide batean eta bestean eskainitako elkarrizketetan. «Kokatzen diren lekuari estu lotuta doa maiz jaialdien arrakasta». Horregatik, leku handiagoen bila joan beharrean, jaialdiaren presentzia zabaltzea da antolatzaileen asmoa. Urte osoan ere ekitaldiak antolatzea da buruan darabilten formula, eta orain hilabete Bilboko Bilbo Zaharrean antolatu zuten Hirian izeneko kontzertu sorta jarri dute jarraitu beharreko adibidetzat. Kexu azaldu ziren auzoko bizilagunak, ordea, udalak halako ekitaldi pribatuak bultzatzen dituelako, eta, aldiz, oztopatu egiten dituelako herri ekimeneko egitasmoak.

Iaz sexu eraso salaketa bat izan zen jaialdian, eta erasoen aurkako kanpaina bat antolatzeaz gain, Kartelean txertatu dute Ez beti da ez leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.