Bilbo musikaz blaitzeko prest

Ehun musika taldetik gora bilduko ditu Bilboko BBK Live jaialdiak bihartik larunbatera arte. Florence and The Machine, Phoenix, Pavement eta The Chemical Brothers dira talde nagusietako batzuk

BBK Live jaialdiko txosnak, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Udako musika jaialdien zirkuituan leku garrantzitsua du Bilboko BBK Live jaialdiak. Hamazazpigarren aldiz egingo dute bihar, Kobetamendin, eta, larunbatera bitarte, ehun musika talde baino gehiago izango dira hamabi agertokitan banatuta. Publiko zabalarentzako pop eta rock talde entzutetsuak bildu dituzte aurtengo egitarauan, baina egongo da bestelako estilo batzuk entzuteko aukera ere. Tartean, punka, trapa, reggaetona eta musika urbanoa. «Esperientzia ahaztezina bizitzeko osagai guztiak ditu jaialdiak: musika ona, askotariko publikoa eta dibertsioa naturagune paregabe batean», aurreratu dute antolatzaileek.

Hamabi agertokietatik zazpi egongo dira Kobetamendiko eremuan. 17:00etan irekiko dituzte ateak hiru egunetan, eta ordu horretan piztuko dira Basoa agertokiko mahaiak ere —musika elektronikoari gordetako gunea da—. Bertan ariko dira, besteak beste, Anz, Call Super, Sherelle eta Young Marco. Tempo motela nahiago dutenentzat, aldiz, 19:00etan hasiko dira kontzertuak Lasai agertokian —minutuko 100 beat ez gainditzeko premisak ezaugarritzen du eremu hori—. Kasurako, Xamana Jonesek, Malibuk, Tenguerenguek eta Fantasilandiak joko dute bertan. Bestalde, aurten ere erabilgarri egongo da Arraiz mendiko kanpina: 12.000 lagunentzako tokia atondu dute.

Florence and The Machine taldea izango da nagusietako bat bihar, jaialdiaren lehendabiziko egunean. 2007. urtean sortu zuen taldea Florence Welch abeslari eta liderrak Londresen, eta indie rocka egiten dute. Dance Fever euren ibilbideko azken diskoa aurkeztuko dute Kobetamendin.

Hala ere, ez da bakarra izango: The Chemical Brothers ere egun horretan ariko dira. 1991n sortu zen taldea, eta musika elektronikoaren arrakastaren aitzindari izan dira. Harenak dira, besteak beste, Hey Boy Hey Girl eta Galvanize abestiak. Bi horiez gainera, Arca, Fever Ray, M83, Delaporte, Desire, Dry Cleaning eta RY X taldeak entzuteko aukera ere izango da, beste batzuen artean.

Pavement izango da ostiraleko egitarauko talde nagusia. 1989an sortu zuten taldea Stocktonen (AEB), eta, hamar urteko ibilbidean, bost disko luze argitaratu zituzten. Slanted and Enchanted (1992) eta Crooked Rain, Crooked Rain (1994) diskoekin pop eta rock independentearen ordezkaririk garrantzitsuenetakoak bilakatu ziren, eta mundu osoko taldeetan izan zuten eragina. 1999an utzi zioten jotzeari, baina, orduz geroztik, noizbehinka elkartzen dira.

Frantziako Phoenix pop banda ere egun horretan igoko da taula gainera. Thomas Mars buru duen taldeak hainbat kantu gogoangarri utzi ditu bere ibilbidean, hala nola If I Ever Feel Better, Everything is Everything eta Lisztomania. Alpha Zulu azken lana ari dira aurkezten orain. Baina izango dira maila bikaineko talde gehiago ere. Kasurako, The Blaze bikote frantsesa, Jamie XX artista eta The Murder Capital post-punk taldea, besteak beste.

Jaialdiaren azken egunean izango da Arctic Monkeys taldearen txanda. Talde ingelesak 2006an argitaratu zuen Whatever People Say I Am, That's What I'm Not bere lehendabiziko diskoa, eta berehala lortu zuen ospea mundu osoan. The Car zazpigarren diskoa kaleratu zuten joan den urtean, eta horixe aurkeztuko dute Kobetamendiko taula gainean.

Letra larriz dator, halaber, Love of Lesbian taldea ere. 1997an sortu zenetik, estudioko hamar disko plazaratu ditu Espainiako taldeak. 2005ean eman zuten ingelesez kantatzetik gazteleraz aritzerako jauzia. Pop melodia eta konponketa gardenak lantzen dituzte, eta beti izan dute hitzak zaintzeko joera. V. E. H. N. (Viaje Épico Hacia la Nada) euren ibilbideko azken diskoa aurkeztuko dute larunbatean Kobetamendin, eta, oraingoan ere, poesiaren eta solasaldiaren arteko mugan dabiltza kantuak. Bi horiez gainera, Idles, Perfume Genius, Royksopp, Leftfield eta Young Fathers taldeak ere igoko dira oholtza gainera, besteak beste. Egun horretarako sarrera guztiak amaituta daude dagoeneko.

Nazioarteko eskaintzatik harago, Euskal Herrian sona duten proposamenetako batzuk ere bilduko ditu jaialdiak. Besteak beste, Amaia, Bengo, Merina Gris, Hofe x 4:40, Ben Yart, Rudiger eta Eneritz Furyak ariko dira. Baita Txopet ere, Gaztea Irratiaren azken maketa lehiaketa irabazi duen taldea.

Autobusak Bilbotik

Mundu osoko musikazaleak erakarri nahi ditu jaialdiak aurten ere. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ehun herrialdetan baino gehiagotan saldu dituzte sarrerak, eta 120.000 zale inguru bertaratzea espero dute.

Egoera hori kudeatzeko asmoz, joan den urtean abiatutako erreserba bidezko autobus zerbitzua ezarri du BBK Live jaialdiko antolakuntzak. 3,5 euroren truke, San Mamestik Kobetamendiraino igoko dira autobusak jaialdiak irauten duen hiru egunetan. Horrez gainera, BECeko aparkalekutik ere irtengo dira autobusetako batzuk, aurreko urteetan egin legez.

Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute jaialdiaren gunean ez dela eskudirurik erabiliko. Eskumuturreko baten bidez egingo dira ordainketa guztiak. Nahi beste diru sartu ahalko du jendeak eskumuturrekoak izango duen txipean, eta harekin erosi ahalko ditu edari, janari eta bestelakoak. 2017an jarri zuen martxan sistema hori Last Tour enpresak, eta, ordutik, funtzionamendu bera erabili dute.

Bilbo erdigunean ere bai

Kobetamendiko zelaietan ez ezik, Bilbon ere izango dira kontzertuak. Bereziak izeneko zikloaren barruan, agertoki bana jarriko dute Isozaki dorreetan, Albia lorategietan, Areatzan eta Kale Nagusian. Jaialdiaren «espiritua» hirira biltzea da asmoa. Askotariko proposamenak entzuteko aukera izango da. Tartean, Saramalacara, Quitapenas, Laguna Goons, Andrea Santiago eta 31 Fam. Doakoak izango dira emanaldi horiek guztiak.

Atariko kontzertuak ere egin zituzten ekain hasieran Basurton, Lekeition eta Mungian (Bizkaia), Herrian izenburupean. BBK Live jaialdiaren «espiritua eta esperientzia» Bilbotik Bizkaia osora zabaltzea izan da helburua.

BBK Live jaialdiaren antolakuntzak eta Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako ahalegin berezia egingo dutela aurreratu dute aurten ere. Hala, jarraipena emango diote 2017an martxan jarri zuten sentsibilizazio kanpainari, eta Ezetz beti da ezetz goiburua jaialdiko karteletan zein objektuetan ikusi ahal izango da. Bestalde, BBK Live «jasangarri» bateranzko urratsak egiten ari direla ere esan dute antolatzaileek, eta hainbat neurri ezarri dituzte norabide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.