Beste aro batean sartuko da aurten Bilboko Arte Ederren Museoa: bi eraikinen ordez hiru izango ditu aurrerantzean. Horrek erakusketak egiteko ekarriko dituen onurek ez ezik, eraldaketa arkitektonikoak berak ere badu garrantzia. Norman Foster eta Luis Maria Uriarte izan dira museoaren handitze lanaren arduradunak, eta haien proiektuaren lehen mugarria ikusgarri jarri dute jada: Arriaga atari berria, Fosterren aburuz «museoaren bihotza» izango dena.
Eraldaketarako obrak hasi aurretik, Bilboko Arte Ederren Museoa bitan banaturik zegoen: 1945eko eraikina zuen batetik, eta 1970ekoa bestetik. Egungo obren barruan, bigarrenean ere egin dituzte berritze lanak, eta iaz ireki zituen ateak berriro. Bada, museoak kazetarien aurrean aurkeztu du gaur hirugarren eraikina. Beheko solairua izango dena, zehazki. Izan ere, museoaren barruko Eduardo Txillida plaza hartu, eta haren gainean eraiki dute eraikin hori, Agravitas izenekoa. Plaza estali bat sortu dute horrela, hiru eraikinak lotzeko balioko duena.
Hain zuzen ere, hiru eraikinen arteko lotura izatea da eraikuntza berriaren ekarpen nagusietako bat, Miguel Zugaza museoko zuzendariaren arabera: «Museoa konektatzeko beharraren ondorioz sortu da proiektua. Orain arte, nolabaiteko deserosotasuna zegoen, 1970eko eraikina ez baita handitze bat bere horretan, baizik eta arte garaikiderako beste museo bat. Atari berri honi esker, lehen aldiz ulertu ahal izango da museo bakarra dela hau, bi espaziotan —denbora gutxi barru hirutan— antolatutakoa».
Ataria ez da edonolako gunea izango, gainera. 1945ean eraiki zen museoa, eta, hain zuzen, orduko ideiari eutsiko diote, Zugazak jakinarazi duenez. Hau da, ataria espazio publiko bat izango da. Bertaratutakoak sarrerarik ordaindu gabe sartu ahalko dira, eta han dauden hiru eskulturez gozatu. Hala ere, museoko zuzendariak esan du, umoretsu esan ere, «espero» duela behin atarian sartuta jendea museoa bisitatzera animatzea: «Atarian dauden eskulturak museoan aurkituko den horren aitzinsolasa dira».
«Atarian dauden eskulturak museoan aurkituko den horren aitzinsolasa dira»
MIGUEL ZUGAZA Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria
Denera hiru eskultura daude atarian: Juan Crisostomo Arriagaren Monumentua, Topaketa lekua IV eta Bilbo. Lehenengoa Francisco Durriok egin zuen, Arriaga musikariaren jaiotzaren mendeurrena oroitzeko. 1906an hasi, eta 1933an amaitu zuen, eta, behin amaituta, Casilda Iturrizar parkean jarri zuten. 1945ean, ostera, parketik mugitu eta Bilboko Arte Ederren Museora mugitu zuten, hura artean sortu berria zela. Baina eskultura horretan Euterpe musikaren musa biluzik egoteak hautsak harrotu zituen, eta, beraz, musa jantzita irudikatzen zuen bertsio batekin aldatu zuten jatorrizkoa 1949an. Ordu hartatik 1975era arte museoan gordeta egon zen, inork ikus ez zezan.
Topaketa lekua IV eskultura, bestalde, Eduardo Txillidak 1972an egindakoa da. Hormigoi armatuz eginda dago, eta altzairuzko hodi tiranteen bidez airean edukitzeko sortua izan zen. Donostiako artistak 1982an eman zion dohaintzan eskultura hori museoari, baina, handitze lanak zirela medio, azken hiru urteak Txillida Lekun egin ditu, Hernanin (Gipuzkoa).
Hirugarren eta azken arte pieza Richard Serrak 1983an egindakoa da. Artista estatubatuarrak urte hartan Arte Ederretako Museoaren Korrespondentziak: 5 arkitekto, 5 eskultore erakusketan sartzeko sortu zuen Bilbo. Hamasei tona inguruko burdinazko bi totxok osatzen dute obra: bata bestearen gainean jarriak daude, itxuraz ezegonkor, baina orekan.

Horiek izango dira, printzipioz, atarian egongo diren arte piezak. Hala ere, museoko zuzendariak ez du baztertu aurrerago beste batzuk ipintzea ere. «Museoan hamaika pieza ditugu; beraz, horiek jartzeko aprobetxatu behar dugu hirugarren eraikina», azaldu du. Gainera, Arriaga plazan egondako zenbait eskultura Berreginen Museoan daude, baina esan du balitekeela horietakoren bat behin-behinean jatorrizko lekura ekartzeko «saiakera» egitea.
Edonola ere, hiru eskultura horiek, «hiriarentzat esanguratsuak direnez gero», galeria eskultoriko bihurtzen dute Arriaga aretoa, museoko ordezkarien aburuz. Bide horretatik jo du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura sailburuak ere. Izan ere, aurkezpenean adierazi duenez,  «pozgarria» da ataria ireki izana: «Gaurkoa berezia da kulturarentzat, Bizkaiarentzat, Bilborentzat eta Euskadirentzat».
«Museoak gizartearekin batera egin du aurrera, eta legatu hori itzuli nahi diogu»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura sailburua
Museoaren handitzea «Euskadi gaur den horren eta izan nahi duenaren» isla da, sailburuaren hitzetan: «Museoak gizartearekin batera egin du aurrera, eta legatu hori itzuli nahi diogu». Horiek horrela, Bengoetxeak herritar guztiak gonbidatu ditu hasi berri den etapan parte har dezaten.
Gaur aurkeztutako atariaren gainean, Agravitas eraikina egongo da. 2.500 metro koadro baino gehiagoko eremua hartuko du, bi solairutan banatua, eta sei metroko diametroko idi-begi bat ere izango du, modua emango duena eguzki izpiak sartzeko eta hala Arriagaren omenezko pieza argitzeko. Efektu hori, ordea, ezingo da ikusi oraingoz, estalia baitago behin betiko irekiera egin arte.
Publikoaren bisita
Hori guztia ikusteko lehen aukera etzi izango dute bisitariek. Izan ere, asteazkenerako jardunaldi berezia antolatu du museoak Arriaga atarian. 10:00etatik 20:00etara irekiko dituzte ateak. Gainera, 1970eko eraikinaren kristalezko gelatik ikusteko aukera ere egongo da. Gela horretan, ikusgai izango dira ikus-entzunezko hiru pieza, erakusten dutenak eraikuntza lanak nola eraman diren aurrera.
Handitzearen aurreneko pausoa ikusteko, ez da sarrerarik eskuratu edo aurretiko erreserbarik egin beharko. Eta joaten diren lehenengoek opari bat jasoko dute: poster bana. Amaitu arte banatuko dituzte. Baina, erlojuak arratsaldeko zortziak jotzean, bisitariek museotik irten beharko dute. Ordu horretan hasiko baita eguneko bigarren ekitaldia: Lau Agravitas, Arriagaren omenezko kontzertua.
Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrenaren harira, Bilboko Elkarte Filarmonikoak kontzertua emango du musikari bilbotarraren abizena daraman atarian. Hari laukote baten kontzertua izango da; Gabriel Erkorekak, Zuriñe F. Gerenabarrenak, Isabel Urrutiak eta Javier Quesadak konposatu dituzten obrez gain, Arriagaren zenbait lan ere entzungo dira emanaldian.
Bigarren jarduera horretarako sarrera ez da librea izango. Museoaren Lagunentzat soilik antolatutako ekitaldia da.
Inaugurazioa, oraingoz ez
Obrak oraindik ez dira amaitu, ordea. Atari berria kazetariz eta ordezkari instituzionalez lepo egon arren, bazen besterik ere han: alde batera eta bestera zebiltzan zenbait langile eta garbitzaile. Izan ere, oraindik badute lana. Etziko ate irekiera, hala, mokadu bat baino ez da izango. Behin gauean ateak itxita, luzaroan ez dira irekiko berriro.
Urriaren 5ean izango da museoaren berrinaugurazioa. Egun horretatik aurrera, Bilboko Arte Ederren Museoak hiru eraikin izango ditu ikusgai, eta orain arte baino erakusketa gehiago hartuko ditu. Lanak bukatu arte, ordea, iazko urritik duen estrategiarekin jarraituko du museoak. Handitze lanen ondorioz, eraikin zaharra ez dute erabiltzen, eta erakusketa denak 1970ean eraikitakoan egiten ari dira. Eta beste horrenbeste egingo dute hurrengo hilabeteetan ere.
Euterpek, hortaz, ilunpetan jarraituko du, zain, Museoa guztiz ireki eta eguzki izpiek zuzenean bere lira argitu arte.