Urdaibaiko biosferan Guggenheim berri bat eraikitzeko plana ataka gaitzean da aspaldian. 2023ko abenduan, Bilboko Guggenheim museoko patronatuak bi urteko epea markatu zuen Urdaibaiko proiektuaren bideragarritasuna neurtzeko, eta oraintxe bete dira bi urteak. Tartean, besteak beste, manifestazio jendetsuak egin dira hura geldi dadila eskatzeko, eta entzuketa prozesua ere egin da; hartan, herritarrek garbi utzi dute ez dutela begi onez ikusten proiektua. Hain zuzen, gaur bilduko dira museoko zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia arre edo iso egiteko, eta, gero eta zabalduago dagoen susmoa betez gero behintzat, Urdaibaiko proiektua bertan behera uzteko erabakia hartuko dute. Behin-behineko erabakia izan liteke, edo behin betikoa.
Erabaki hori hartzeko arrazoien artean, konplexutasun administratiboak zama handia luke, baita prozesuan ez atzera eta ez aurrera gelditu diren zenbait puntu erabakigarrik ere, hala nola Muruetako ontziolarenak. Bizkaiko Foru Aldundiak bi urte pasatxo eman ditu orube hori erosteko ahaleginetan, baina ezer lortu gabe. Planaren arabera, toki hori ezinbestekoa litzateke Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko. Gune horretan, bestalde, Greenpeacek Espainiako Auzitegi Nazionalera eramandako auzi bat dago zabalik, eta ez dirudi epaia laster ebatziko denik. Nolanahi dela ere, sententzia Greenpeaceren aldekoa balitz, Guggenheimek ez luke tokirik izango hor, eta ordura arte egindako guztia desegitera kondenatuko luke.
Proiektuak, bestalde, mugimendu sozial gero eta handiagoa izan du aurka. Erakunde eta kultur munduko eragile askok jarri dute proiektua ezbaian, besteak beste hura geldiarazteko Guggenheim Stop plataformak deituta. Horren adibide da, esate baterako, 2024ko urriaren 19an Gernikan egindako manifestazio zaratatsu eta jendetsua.
Otsailean, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Diputazioak entzuketa prozesu bat jarri zuen martxan, kontrako mugimendu horri neurria hartzeko eta eskualdeko jendearen iritzia jakiteko. Metodologiaren «gardentasuna», «zorroztasuna» eta «neutraltasuna» bermatze alde, Agirre Lehendakaria Center eta Columbiako Unibertsitatea izendatu zituzten prozesuaren gidari, eta eskualdeko mila bat lekukotzako lagin bat jasoko zutela agindu zuten. Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde Ibone Bengoetxea halaxe mintzatu zen entzuketaz: «Prozesu neutrala izango da. Gure helburua ez da inor konbentzitzea, baizik eta batzen gaituzten elementu komunak identifikatzea, erabaki hobeak hartu ahal izateko». Elementu komun bat identifikatzekotan, hain zuzen, proiektuak eskualdean dauzkan aldeko eskasak lirateke, horixe utzi baitzuen agerian entzuketa soziologiko horrek. Entzuketa ez zuten loteslea izateko diseinatu, baina emaitzak azken erabakian pisua izan duela ematen du.
Patronatuak 17:00etan hasiko du bilera, eta bertan hainbat gai tratatuko ditu, eta besteak beste, 2026ko programazioa onartuko du. Nolanahi ere, Urdaibaiko proiektuaren gaineko erabakia izango da bilerako gai zentrala, eta bistan da horrek bilera bera baldintzatuko duela. Guggenheimen patronatuak urtero egin ohi du urteko azken egunetan bilera bat, baina bertan hartutako erabakiak ohar baten bidez jakinarazten ditu. Gaurkoan, ordea, prentsaurreko batera deitu dituzte komunikabideak 18:30ean. Eta agerraldi horretan Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Miren Arzalluz Guggenheim museoko zuzendaria izango dira.