Bilboko Zinebi jaialdia euskal zinemagileen lanekin hasi da
Luis de Pablo ezin izan da galan izan, eta Marta Cardenas emazteak jaso du haren partez Ohorezko Mikeldia
Zinema Labur eta Dokumentalaren 52. Zinebi jaialdia euskal zinemagileen lanekin hasi zen atzo. Sail ofizialean aurkeztu zituzten lehiaketarako hautaturiko lanak; besteak beste, Asier Altunaren Artaldea, Borja Kobeagaren Un novio de mierda eta Angel Aldarondoren Ondar ahoak. Arriaga antzokian egin zuten inaugurazio gala, iluntzean. Eta Luis de Pablo konpositoreak ez zuen egoterik izan, osasunez makal dago eta. Hala, Marta Cardenas emazteak jaso zuen, haren partez, Ohorezko Mikeldia. Zenbait filmen musika ondu du De Pablok, hala nola Carlos Sauraren Peppermint frappé eta La caza eta Jose Luis Borauren Crimen de doble filo filmena. Nicolas Roegek ere jasoko duOhorezko Mikeldi saria. Erresuma Batuko zinemak itzal handia izango du aurten. Irina V. Evteeva, Emily Wardill, Luis Marias, Natalia Marin eta Ana Cacopardo zinemagileek osatuko dute epaimahaia. 73 film lehiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu