Bilduma ari da apurka osatzen

Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok euren hirugarren komiki albuma egin dute: 'Museo Bilduma'

Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado, Donostiako Komikigunean egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ikastolen Elkarteak Xabiroi komiki aldizkariaren barruan urtero kaleratzen duen komiki albumak ikusi du argia aurten ere. Harkaitz Cano idazlearen eta Iñaki Holgado ilustratzailearen arteko elkarlanetik dator —aurrez beste bi eginak dituzte elkarrekin: Zebra efektua, 2013an, eta Piztia Otzanak, 2008an—. Bilduma moduan kaleratu arren, 2012tik 2015era bitartean Xabiroi aldizkariak jaso ditu bertako istorioak.

Museo bitxi batetik bestera eramango du irakurlea museoak ehizatzen edo bildumatzen aritzen den Valeriak. Zalantzara ere eramango du, ehiztaria emakumea ala museoa bera den duda egiteraino. «Museoak bisitatzen dituen pertsona bat izan daiteke espioi bat. Baina, beharbada, espioia desterratuta dagoen norbait da. Hori orrialdeek aurrera egin ahala ikusiko da». Donostiako Komikigunean egindako aurkezpenean egin zituen hitz horiek Canok, urri erdialdean, istorioa gehiegi ez biluzteko ahaleginean.

«Denok bildumatzen dugu zerbait, gizakiaren berezko zerbait da». Hala azaldu zuen, berriz, pertsonaia nagusiaren afizio edo betebehar xelebrea. Xelebrea Valeriaren eginbeharra, eta xelebreak, aldi berean, ibilbide horretan aurkituko dituen museoak ere. Izan ere, badira halakoak, hiriz hiri errepasoa eginez gero. Adibidetzat jarri zituen Canok bi: erlazio hautsien museoa Zagreben (Kroazia), zeina jendeak harreman horiekin lotzen dituen objektu, gutun eta abarrekin osatzen den; eta Istanbulen (Turkia) dagoen Orhan Pamuk idazlearen museoa. Museo bihurtutako nobela da bigarren hori; hain zuzen ere, idazle turkiarraren Inozentziaren Museoa lanean oinarritua. Nobelako pertsonaia batek bere bizitza fikzionatuan erretako zigarro guztien zigarrokinak aurkitzen dira, besteak beste, bertan. Eta zigarrokin horiek aurki daitezke Museo Bilduman ere. «Hori da, guk dakigunez, errealitatetik jasota dagoen istorio bakarra», gidoigileak azaldu zuenez.

«Museoak asko ugaldu dira gure inguruan», Canoren arabera. Horietan publikoak jokatzen duen rola, baina, aurrez bideratua edo baldintzatua dagoela uste du: «Museoak oso otzan egiten gaitu neurri batean: badauka ibilbide gomendatu bat, zeharkatu ezin den marra bat, ordutegi bat, ezin da ukitu... Hemen badago horren inguruko hausnarketatxo bat. Baita museoan zerbait askeagoa egiteko aldarrikapen bat ere, Godardek Bande à part filmean egin bezala, zeinetan ikus daitezkeen hiru protagonistak Louvre museoa korrika zeharkatzen».

Erreferentziak ere ez ditu falta, zientzia fikzio edota futurismoko klasikoenak, gehienak. «Badago George Orwell, badago Aldous Houxley, badago Ray Bradburyri egindako omenaldirik... Horrelako keinu asko aurkituko ditu irakurleak», adierazi zuen Canok.

Idazlearen gidoia ondo xehatuta jaso du Holgadok. Sortze prozesua, ordea, biek batera egin dute. Une oro ikuskatua izan dela ezin izan dute uka bi egileek. Detaileek garrantzi handia dute, eta hori nabarmendu du Holgadok: «Gauza txiki asko daude binetetan, detaile asko. Irakurketa desberdin asko egiteko bide ematen dute». Detaileei garrantzi handia ematen diela aitortu du Canok, eta, bereziki, bizidunak ez diren horiei: «Saiatzen naiz elkarrizketak testu asko ez dezan izan, baina bai gidoiak. Hau da, marrazkian zerk agertu beharko lukeen. Pentsatu nahi nuke komikiko figura humano guztiak kenduko bagenitu, istorioa objektuekin bakarrik kontatuta, istorioaren zati bat berdin-berdin ulertuko litzatekeela».

Donostiako aurkezpen labur baina azalpenez beteak askorako eman zuen, eta hitz onak nahiz eskerrak ez ziren falta izan. Dani Fano ilustratzaile eta egitasmoaren bultzatzailea izan zen horretan lehena. Binetako bikote moduan izendatu zuen bi egileek osatutakoa. Cano «oso kontalari grafikoa» dela azpimarratu zuen, eta Holgado, berriz, edozer marrazteko gai dela. «Perla zoragarriz zipriztindutako bidaia bat» eskaintzen du liburuak haren iritziz, eta publikoa «perla horien jabe egitera» gonbidatu zuen.

Bederatzi ale desberdin

Ikastolen Elkarteak 2005ean sortu zuen Xabiroi komiki aldizkaria, nerabeek eskura duten euskarazko literatura grafikoa aniztu eta, era berean, komikiaren hizkuntza zuzen eta sintetikoaren bidez kalean erabiltzen den ahozko euskara jaso eta hornitzeko. Ordutik, bederatzi komiki album kaleratu dituzte guztira. Horrez gain, hiru zenbaki kaleratzen dituzte urtean zehar: urrian, otsailean eta ekainean argitaratzen dituzte aldizkariak. Albumari erreferentzia eginez, «Fanoren ideia zoroa aurrera eramatea» ikastolentzat ohore bat dela adierazi zuen elkarteko zuzendari Koldo Tellituk. «Goi mailako komikigintza euskal munduari eskaintzeaz harro» daudela gaineratu zuen, aurkeztutakoa bezalako lanekin hori egitea «erraza» dela uste baitu.

Fanok ere balorazio ona egin zuen bildumak egindako ibilbideaz: «Xabiroi apustu berezi bat izan zen, eta album bezala asko irabazi du». Sortzaileen lanak horretan lagundu duela argi du. «Proposamen grafiko aldetik berezia da, sortzaileak askatasun handia duelako», esan zuen. Alde horretatik, bederatzi liburuak euren artean «oso desberdinak» direla azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.