Hainbat urteren ondoren ogibide bilakatu zen ametsa, zapuztua. Horrelakoa izan zen Bill Bruford bateria jole britainiarraren patua musikaren munduan. 2009an eszenatokietatik aldentzea erabaki zuen, musikak zekarkion «neke fisiko eta emozionala» zela medio. Hamahiru urtez hara eta hona ibili zen, eta unibertsitatean graduondoko bat ere ikasi zuen; baina ez zuen bateria «inolaz ere» jo nahi. «Ez nuen alde egin musikaren konplexutasunagatik, baizik eta jazz musikariek managerrik ez dugulako eta, beraz, nire kabuz erabaki asko hartu behar nituelako», azaldu du. 2022an, ordea, estudioan zuen bateria ikusi, eta agertokietara itzultzea erabaki zuen: «Gorputzak, buruak eta bihotzak eskatu zidaten». Donostiako Jazzaldia saria jaso du gaur goizean, eta «harrituta» baina «pozik» sentitzen dela adierazi du. Gaur, 22:15ean, kontzertu bat emango du Fnac gunean.
Bateria joleak iragarri du gaurko kontzertua «inprobisatua» izango dela, eta entzuleei esan die prest egoteko «espero ez dutena entzuteko». «Gaur egun kontzertuetara doan jendeak produktu bat espero du, eta geroz eta garestiagoa baldin bada produktu hori, gehiago jakin nahi dute zer entzungo duten; baina jazza ez da hori». Pete Roth Trio featuring Bill Bruford talde berria aurkeztuko du, eta Peter Roth gitarra jolearekin eta Mike Prat baxu jolearekin arituko da. Bill Bruford «irrikan» dago entzuleen momentuko erreakzioak ikusteko.
«Lakuaren beste aldea»
Rocka eta jazza XX. mendean sortu ziren, eta Brufordek azaldu du orduan bateraezinak zirela; «gaur egun, ordea, rocka eta jazzak garrantzi txikiagoa dute, eta hip-hoparen eta jazzaren arteko bidegurutze bat bilakatu dira». 30 urtez rock munduan murgildu zen arren, jazzean trebatzeko erabakia hartu zuen azkenean. «Lakuaren beste aldera joateko alde bat atzean utzi behar duzu, eta niretzat rocka zein jazza gehiegi zirela iruditzen zitzaidan; outsider bat nintzen». Artistak, gaztea zenetik, hiru bateria jole izan ditu erreferente: Max Roach, Art Blakey eta Joe Morelo. «Bateria jole on batek dituen ezaugarriak biltzen dituzte hirurek: elegantzia, erraztasuna eta errentagarritasuna».
Duela hamasei urte eszenatokietatik alde egin zuenerako, Bill Brufordek ibilbide handia egina zuen musikan. 1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitartean hainbat musika taldetan parte hartu zuen, besteak beste, Yes eta King Crimson taldeetan —Fragile eta Close to the Edge kantuengatik ezagunak dira—. 1986an, Earthworks taldea osatu zuen Django Batesekin eta Iain Ballamyrekin batera; Earthworks album homonimoa urteko hirugarren jazz album onena izendatu zuten, eta haren bateriaren doinuak mundu osoko musika jaialdi ugaritara zabaldu ziren, etena egin zuen arte.