BILL CALLAHAN
'My Days of 58'
Diskoetxea:ÂDrag City
.
Galderak, beldurrak, kexuren bat edo beste, baita baikortasun eta bizipoz adierazpenak ere. Bill Callahanek 60 urte beteko ditu, eta adinak hala aginduta-edo, heriotzari —edozein momentutan irits daitekeen egitate gisa— baina bizitza berari ere aipamen ugari egiten dizkion diskoarekin itzuli da urte hasiera honetan: My Days of 58. Izenburutik bertatik asko —baina ez dena— esaten duen lana.
Callahan dagoeneko ez da 1990eko hamarkadaren hasieran Smog izenarekin ezagutu genuen gazte hiperherabe hura; ez da, lo-fi espirituaz zipriztinduta, gaur egun nekez entzun daitekeen disko zakarren bat grabatu zuena (Sewn to The Sky, 1990), baina ezta Wild Love (1995) maiestatiko bezain soilarekin liluratu gintuena ere. Smogen azken diskoekin, iluntasunaren eta argitasunaren artean kokatzen den norabide bat hartu zuen Callahanek: goxoa, neurritsua, estridentziarik gabekoa, baina beste ezeren gainetik, sarritan hunkigarria. Eta horretan segitzen du Woke on a Whaleheart (2007) diskoarekin bere izenpean argitaratzen hasi zenetik ere.Â
«Iluntasunean gidatzen/ euripean iristen naiz/ berriro/ nire kantuak kantatzeko». Hitz horiekin hasten da  Why Do Men Sing? Callahanen azken diskoa hasten duen pieza, gerora galdetzeko ea zergatik kantatzen duen gizakiak, eta Lou Reedi ere dei egiteko: «Lou Reed nire zain zegoen/ Zuriz jantzita/ Nik esan nuen: ‘Lou, Lou, Lou, Lou, Lou, Lou / Lou, Lou, Lou, Lou, Lou/ Nora eraman nauzu?/ Lou, Lou, Lou, Lou, Lou, Lou, Lou/ Nora eraman nauzu?’». Ez dirudi ausaz hautatutako erabakia Berlin eta Transformer-en egilearen aipamena, Callahanen kantatzeko moduak haren manerak ekartzen baititu gogora bai kantu horretan bai diskoko beste hainbatetan.
Zuzeneko emanaldietan lagun izan dituen musikariekin grabatu du diskoa Callahanek. Jim White bateria jolearekin hasi zen lanean eta gerora batu ziren entseguetara besteak: Matt Kinsey gitarrista eta Dustin Laurenzi saxofoi jotzailea. Guztien artean inprobisatzen hasi ziren, kantuak «bizi» mantentzeko asmoarekin; izan ere, kantariak berak adierazi du bere Bandcamp-eko profilean My Days of 58 «egongelako diskoa» dela, nahiz eta grabazioan beste hainbat lagunek ere parte hartu duten: Richard Bowden (biolina), Pat Thrasher (pianoa), Chris Vreeland (baxua), Mike St. Clair (tronboia), Bill McCullough (pedal steel gitarra) eta Eve Searls (ahotsak).
Callahanen ibilbidea segitu duenak ez du ezusteko handirik aurkituko diskoan, baina bai, ordea, oso berea duen kantu molde baten adibide bikain ugari, baita bere ahots sarkorra, intimoa bezain adierazkorra ere. Gainera, azken urteetako haren beste disko batzuekin alderatuta, lan biziagoa da, neurri batean, My Days of 58; dinamika handiagokoa. Horren erakusle da Pathol OG jostalaria, eta baita Why Do Men Sing? bera ere.
Badira pasarte ilunagoak ere, baita egonezin pixka bat eragiten duen kantu bat ere: Computer. Pieza horretan teknologia deshumanizatzailearen kontra kantatzen du Callahanek, eta bere jopuntuan jartzen du autotunea («Autotunea? Ez dut hori entzun nahi», «Ez naiz robota, eta ez dut inoiz izan nahi»). Eta bada, era berean, country ukituak dituen kantu bat ere, musikariaren bizimodu errariari aipamena egiten diona (Highway Born)
My Days of 58, finean, Callahan gaur egun denaren eta pentsatzen duenaren argazki bikaina da. Aspaldi musikari klasikoen kategorian sartu zen artista erraldoi baten disko aparta.