Entzutea praktika artistiko gisa ulertzen du Ixiar Rozas idazle, arte ikerlari eta irakasleak. Dena da entzungarri, dena da soinua, dena da arte bihurtzeko gai. Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras (Consonni, 2022) liburuan gai horri tiraka egindako lanketen testuak plazaratu zituen, eta bide hori jorratzen jarraitzen du egun. Bide horren emaitza da Narrugorrik liburua, hainbat urtetan sortutako testuen bilduma. Consonni argitaletxearekin kaleratu berri du, eta gaur bertan aurkeztu dute, Donostian.Â
«Kosta egiten zait sailkapenetan sartzea; gu gauza asko gara, eta, era berean, liburua ere gauza asko da», aipatu du egileak liburuaren inguruko azalpenak ematen hastean. Izan ere, lan hibrido bat sortu du Rozasek; fikzioa, saiakera, egunerokoa, poesia... denetarik lantzen du. Testuak aurkezteko moduak ere askotarikoak dira: estrofak, esaldi solteak, irudietan ezkutatutako hitzak... Narrugorrik ez da gauza bakarra, baina, zehazki, idazleak sortu nahi zuena da: «Momentu honetan esan nahi dudan guztia hemen dago», esan du liburua seinalatuz.
Biluztasun uneak eta moduak jaso ditu idazleak liburuan. Zortzi ataletan banatuta daude testuak, eta bakoitzak biluz hitzaren sinonimo edo aldaera bat du izenburutzat —biluzik, narrubixik, narrugorrik, biloxik, larruhas, larrugorrin, pikarrai eta bĂ¼lĂ¼zgorri—. Gainera, beste lau atal labur ere baditu liburuak, eta, besteak beste, eskerrak emateko testuak jaso ditu bertan. Rozasek Bigara taldeko Itziar Aranbururekin eta Jon Ander Garciarekin egin du lan Narrugorrik sortzeko. Hori dela eta, testuak aurkezteko hainbat modu topa ditzake irakurleak; egileak ateratako argazkietan ezkutatutako hitzak —larruhas atalean— edota irudiekin osatutako mapa kontzeptual gisakoak.
Zaurgarritasuna
Idazleak uste du biluztasuna arropa gabe egotea baino gehiago dela, eta bere testuetan biluztasun fisikoaz harago joan, eta zaurgarritasunari heldu nahi izan dio. Hainbat zaurgarritasun egoera identifikatu ditu, baina ez ditu ahuldadearekin lotu. Bestalde, entzutearen bideari jarraituz, hainbat pasarte entzumen ariketekin hasi ditu. «Zentzumen irekia da entzumena, biluztasun mota sakonagoa eskaintzen du». Bere herrian, Lasarten (Gipuzkoa), egin du entzute ariketa horietako bat. Bertan solasaldi bat egin zuen, parte hartzaileekin herriaren memoria hurbilaz hitz egiteko. Kontatu duenez, 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan erakundeek «erabat abandonatuta» izan zuten Lasarte, eta garai hari erreferentzia egiten dioten hainbat testu aurkitu daitezke liburuan.
«Arrazoitik eta lerro zuzenetik ateratzeko gonbita da liburua. Aurreko liburuan egitera ausartu ez nintzen hori egin ahal izan dut»
IXIAR ROZASÂ Idazlea
Hitzei geruzak kentzen aritu da Rozas —«azala kendu eta esanahia biluzten»—. Modu horretara hitzaren izatea hobeto ezagutzeko aukera eman nahi dio irakurleari. Nolabait esanda, horiek «erotizatu» egin nahi izan dituela ere gaineratu du: «Hitzak ahora eraman, eta hitzekin biziago egiteko aukera baliatu dut». Maria Mur Consonniko editoreak aipatu du hitzekin paisaia propio bat sortzeko gai dela egilea: «Hizkuntza materia bihurtzen du; arnasa, listua... dena da hitz, esanahiaren gainetik».
Liburuko orrialde bakoitza «eskaintza bat» da egilearentzat: pasaia bati, leku zehatz bati, oroitzapen bati... baita pertsona jakin batzuei ere. Hain zuzen, lanaren azkeneko orrialdeetan esaldi eta testuetako batzuk nori zuzenduak izan diren dago idatzita. «Joan-etorri hori interesatzen zait, nik eman egin dut, gero jaso ahal izateko. Irakurleekin ere berdin izatea nahiko nuke». Narrugorrik idazten ari zen bitartean irakurlearengan etengabe pentsatu duela adierazi du.
Ahots goran
Urtarrilean irakurri zuen Murrek lehenengoz Narrugorrik. Hobe esanda, irakurri baino, entzun egin zuen liburua. Rozasek talde baten aurrean aurkeztu zuen ordura arte idatzita zuena —argitaratu den bertsioaren oso antzekoa—, «beste entzumen batzuk» jaso nahi zituelako. Horren ondoren editoreak bitan irakurri zuen liburua: lehenengo isilik, eta gero, ahots goran. Haren ustetan, liburuak ozen irakurtzea eskatzen du, irakurlea egileak sortutako erritmoez jabetzeko. Rozasek azaldu du liburua irakurri duen lagun batek baino gehiagok hori bera aipatu diola.Â
Duela 25 urte kaleratu zuen egileak bere lehen liburua: Korronteak (Kutxa, 2001). Gaur liburua aurkeztu duen leku berean aurkeztu zuen lan hori ere, eta esan du orain dela 25 urte zeukan jarduteko modu hori bera jaso duela Narrugorrik-en. Esaterako, horren adibide dira egin dituen ispilu-jokoak; beste lan batzuetan erabilitako lekuak edo kontzeptuak berreskuratu ditu. Adibidez, liburuko lehen eszenan aipatzen den iturria Beltzuria-ren (Pamiela, 2014) amaieran aipatzen den iturri bera dela kontatu du.
Nahiz eta liburua idazteko prozesua luzea izan den, Rozasek askatasunez lan egin ahal izan du: «Arrazoitik eta lerro zuzenetik ateratzeko gonbita da liburua. Aurreko liburuan egitera ausartu ez nintzen hori egin ahal izan dut».