Txesma Lasa. 'Simple Graces. Delorean' lanaren egilea

«Bira bat lan bat da, eta lan gogor bat»

G.E. Donostia
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Lehen film luzea du Txesma Lasak (Donostia, 1981), Deloreanek 2010eko martxoan AEBetan eta Kanadan egindako birari buruzkoa.

Nola sortu zen Deloreanek AEBetan egindako bira jarraitu eta grabatzeko aukera?

Deloreanekoen laguna naiz, eta ikus-entzunezkoen munduan nabil. Haiekin hitz egin genuen, akordio batera iritsi ginen eta aurrera egin genuen.

Musika taldeen biren inguruko ohiko dokumentaletatik aldendu nahi izan duzu. Zer transmititu nahi izan duzu?

Talde bat biran. Horixe azaldu nahi nuen, bere hutsean. Sarri askotan estereotipotara jo izan da rock taldeen biren inguruko erreportaje edo dokumentaletan: backstage-eko kontuak, kontzertu osteko festak, taldekideen borrokak… Baina horren gainetik bira bat, lan bat da, eta lan gogorra, batez ere hegazkinean edota autobusean bidaiatzen ez duzunean.

Zuk zeuk zer ikasi duzu furgoneta horretan bizitakotik?

Adiskidetasuna zein garrantzitsua den horrelako bidaia batek ongi funtziona dezan, eta errespetua oinarrizko elementu bilakatzen dela hainbeste pertsonak eremu murritz batean elkar bizi behar dutenean. Horrez gain, AEBak hobeto ezagutzeko ere balio izan digu. Sarri pentsatzen dugu Europa dela herri kultua eta AEBetan inozo koadrilabat bizi dela, baina herrialde hura oso handia da, eta denetariko jendea dago, denetariko paisaiak… Oso ondo hartu gaituzte, gainera.

Nola ezkondu dira AEBetako paisaiak eta Deloreanen musika?

Ondo uztartzen dira. Furgonetan ordu asko igarota, musika asko entzuteko aukera izan genuen batetik. Eta, bestalde, taldekoek berek egin dute dokumentalarentzako musika, filmaturiko irudietan oinarriturik. Eta irudi asko eta asko errepidearenak eta furgonetatik ikusten diren paisaienak dira; beraz…, nahiko ongi uztartuak daudela uste dut.

Zuk ezer iradoki al zenien filmeko musikarako?

Batetik, taldearen zuzeneko pare bat kantu eta beste taldeentzat egindako beste bi remix daude, eta, bestetik, musika bera. Haiek dira musikariak, eta ez nien inolako iradokizunik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.