Landscape Together proiektuak gizarte eta ingurumen arazoei irtenbideak ematea du helburu, eta, horretarako, arte garaikideetan, hezkuntzan, garapen jasangarrian eta kultur bitartekaritzan diharduten artistak zein erakundeak uztartzen ditu. Portoko (Portugal) MAG arkitektura estudioak jarri zuen proiektua martxan, lurralde jakin batzuen arteko elkarlana eta aldaketa positiboa lortze aldera, eta proiektuko kide da Txillida Leku ere. Hain zuzen, klima krisiak, suteek eta despopulazioak jotako Portugalgo eskualde batekin ia lau urtez izandako hartu-eman artistikoa jaso du museoak, Bitartekaritza partekatuak izenburupean. Hemezortzi artistak esku hartu dute prozesuan, eta Nagore Legarreta argazkilariak eta Beñat Iturrioz bideogileak ilustratu dute egindako bidea. Apirilaren 13ra arte egongo da ikusgai, Hernaniko (Gipuzkoa) museoko Pilar aretoan.
Hainbat etapa izan ditu proiektuak. 2024an Txillida Lekun hiru egunez jarraian egindako arte ekintzen sorta bat izan zuen abiapuntua, eta orduko ekintzen, artisten eta metodologien ikus-entzule berezi gisa berrogei lagun heldu ziren Portugaldik. Arte ekintza horiek guztiak Portugalera, MAG arkitektura estudioak hainbat eskultura ezarri dituen gunera eramatea eta hango ezaugarrietara egokitzea izan zen hurrengo pausoa. Nausica Sanchez erakusketako komisarioak bi lurraldeen arteko aldean jarri du arreta: «Txillida Leku naturagune batean dago, baina hiritik oso gertu. Han, berriz, despopulazioa eta klima krisia nabarmenak dira. Erronka handia izan da lurraldea ulertzea, gure moduak hara egokitzea eta narratiba berriak sortzea».
Euskal Herriko hemezortzi artista aritu dira Bitartekaritza partekatuak erakusketa osatu duten ekintzetan: Itziar Insausti (Baso bainua, Shinrin Yoku teknikaren bidez naturarekin berriz konektatzeko saioa), Olatz de Andresen Lokke dantza konpainia (Doppelgänger), Itziar Unzurrunzaga (Land Art tailerra), Miriam Perez Cazabon koreografoa eta Neri(h)ari dantza konpainia (Iceberg performancea), Maushaus-eko Anabel Marona eta Carlos Arruti (Bibak, familientzako arte eta arkitektura tailerra), Janire Etxabe Dimegaz dantzaria eta Nahia Zubeldia musikaria, eta Ane Zelaia performerra (Amimona), besteak beste.
Argazkilarien begirada
Proiektu osoko etapak Nagore Legarretaren fokupetik ageri dira erakusketan, harenak baitira paneletako eta paretetako argazki guztiak. Sanchezek haren begirada nabarmendu du: «Oso poetikoa eta pertsonala da». Bi argazki mota egin ditu Legarretak. Artisten parte hartzeak koloretan ilustratu ditu, eta kamera digitalaz eginda daude. Eta horiez gain, badira zuri-beltzeko argazkiak ere, kamera analogiko batez eginak. Sanchezen esanetan, «artistikoagoak» dira azken horiek: «Erregistrotik kanpoko gauzak erakusten dituzte, gertatzen ari denaren lekuko isilak balira bezala».
«Harrigarria izan da esperientzia, eta, gainera, artearen ahalmen eraldatzailea berretsi du. Ederra izan zen Portugalen biztanleek gure jolas guztietan parte hartu nahi zutela ikustea»
MIRIAM MASSAGUE Erakusketako zuzendaria
Legarretaren irudiek ez ezik, Beñat Iturriozen ikus-entzunezko piezak ere ilustratzen du proiektua. Berez lekuko gisa joan zen Txillida Lekura eta Portugalera, baina prozesuan gertatu den hibridazioaren parte bilakatu da azkenerako: «Gauzak begiratzera joan nintzen, eta, horretan ari nintzela, konturatu nintzen hibridazioak sortzen direla jendea, artea eta natura nahastean. Erakusketa honetan ere ari dira beste elkarrizketa batzuk sortzen. Hibridazio hori ez da bukatzen».
Miriam Massague erakusketako zuzendaria proiektuaren muinaz mintzatu da: «Harrigarria izan da esperientzia, eta, gainera, artearen ahalmen eraldatzailea berretsi du. Ederra izan zen Portugalen biztanleek gure jolas guztietan parte hartu nahi zutela ikustea».