Zinema estreinaldiak

Bizi oso bat

'Train Dreams', Clint Bentley zinemagilearen azken filma, Robert Grainierren bizitzaren kontakizun bat da; XX. mendearen hasieran AEBetan trenbidea egiteko lanetan aritu zen gizon bat izan zen Grainier.

'Train Dreams' filmeko irudi bat.
'Train Dreams' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XX. mendearen hasiera da Ameriketako Estatu Batuetan. Robert Grainierrek zuhaitzak mozten lan egiten du, trenbidea eraikitzeko eremua prestatzen. Lana oso gogorra da, ez soilik fisikoki, baita mentalki eta emozionalki ere. Trenbidearen eraikuntzan lan egiten duten gizonek denboraldi luzeak igarotzen dituzte etxetik kanpo, eta bakardadeari eta nekeari lanaren arriskua gehitzen zaie: moztutako zuhaitz bat norabide okerrean erortzeak heriotza ekar dezake. Era berean, Grainierrekin maiz lan egiten duen Arn Peeplesek dioen bezala, 500 urtez zutik egon den zuhaitz bat botatzen duten bakoitzean langileen arimaren zatitxo bat apurtzen da. Robertek Gladys ezagutuko du, eta bizitza bat eraikiko dute elkarrekin, gizonaren lan jardunaldi luzeek baldintzaturiko bizitza bat.

Clint Bentley zinemagile estatubatuarrak 2011n irakurri zuen Denis Johnsonen Train Dreams eleberria. Robert Grainierren bizitzari buruzko kontakizun harekin gelditu zen denbora luzez, baina ez zuen film eran irudikatu. Urte batzuk igaro ondoren, eta Johnsonen eleberria pantailara eramateko proposamena onartuta, gurasoak galdu zituen Bentleyk, bata bestearen atzetik. Doluan bete-betean zegoela jaio zitzaion lehen semea, eta zinemagilea Train Dreams-eko protagonistarengandik inoiz baino gertuago sentitu zen, oinaze bizia eta erabateko zoriontasuna sentitzen zituela. Filma Sundace jaialdian aurkeztu zuten.

Train Dreams bizitza oso bati buruzko kontakizuna da. Bizitza bat osatzen duten une txikiei buruzkoa. Bentleyren erretratuak bakardadea erakusten du, dolua, oinazea, baina baita elkartasuna, erresilientzia eta naturak eskaintzen duen edertasuna ere. Narratiba eta poesia nahasten dituzten eszenak Grainierren mundua osatzen duten geruzak arakatuz doaz, eta bidean topatzen dituen pertsonaiek mundu ikuskera berri bat ematen diote. Adolpho Veloso argazki zuzendariak pantailaratutako irudi zoragarriek naturaren handitasuna erakusten dute, eta gizon bakar baten bizitza perspektiban jartzen dute.

Joel Edgertonek Robert Grainierren larruan egiten duen lana goraipatu du kritikak, orain arte egin duen lanik onena dela esanda. Edgertonek oinazez, haserrez edo zoriontasunez beterik dagoen baina horiek hitzekin komunikatzen ez dituen gizon bat pantailaratu behar izan du, eta trebetasunez bete ditu filmak proposatzen dituen isiltasunak, hitzen beharrik ez duen bizi oso bati eusten dion antzezpenarekin.

'TRAIN DREAMS'

Beste estreinaldi batzuk:

L'empire filmeko irudi bat
L'empire filmeko irudi bat

'L'EMPIRE'

Opaloko kostaldean, Frantziako iparraldean, arrantzaleen herri lasai eta bitxi batean, zerbait gertatuko da estreinakoz: haurtxo berezi bat jaioko da. Ongiaren eta gaizkiaren indar estralurtarren arteko isilpeko gerra pizten duen haur berezi bat izango da.

'SIEMPRE ES INVIERNO'

Miguel, paisaia arkitektoa, Belgikara joango da bere neska lagun Martarekin, kongresu batean parte hartzera. Han, harremana amaituko dute, eta, bikotekidearekin hautsi ondoren, Miguelek beste egun batzuetan bakarrik geratzea erabakiko du, bere etorkizuna berregiten saiatzeko. Minduta eta lekuz kanpo, Miguelek Olga ezagutuko du, arkitektura kongresuan boluntario lan egiten duen emakumea. Haren ondoan, bere bizi proiektu berria zertan datzan ulertuko du.

'BUGONIA'

Bi gazte konspiranoikok konpainia handi bateko presidente boteretsua bahituko dute, Lur planeta suntsitu nahi duen estralurtar bat dela sinetsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.