Udako narrazioak

Bizi-pedalei emanka

Mikel Taberna Irazoki
2026ko abuztuaren 16a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
(ID_17847996391785) Mikel Tabernaren narraziorako ilustrazioa
EXPRAI

1972an ginen. Gurasoek separatuko zirela jakinarazi zidaten. Ez nintzen sobera harritu. Etxean usatuak ginen josteta hartara. Bertzetan ere aldrebestu ziguten bizitza, baina aldi hartan ederki izorratu behar ninduten. «Xole, fabrikan hasi beharko duzu», bota zidan aitak. Akabo nire ametsak. Oficialía eskolan hasi behar nuen ikasturte hartan. Hegalak nahi nituelakoz, ama ez-bezala ez izateko gizon baten kapritxoen meneko huts. «Zuk ekarri beharko duzu sosa etxera, ama eta ahizpak bizi ahal izateko». Ni bainintzen alaba zaharrena. «Biba Che Guevara!», pentsatu nuen neure baitan, aita iraultzailea baikenuen, etxetik kanpora zenean.

Hilabetea pasa baino lehen elkarrekin ziren berriz ere. Banekien hala gertatuko zela, baina ordukotz berandu omen zen: ez nintzen lanbide-eskolara joanen. Ama eta ahizpak bueltatu ziren aitarekin. Ni ez. Etxetik alde egin nuen. Amona-aitonek adoptatu ninduten.

14 urte beteko nituen agudo. Lau falta nituen libre izateko. Atzera kontatzen hasi nintzen. Zin egin nuen ez inork ez deusek ez nindutela lotuko orduan.

Amonak lagundu ninduen lehenbiziko egunean lantegira. Oinez joan ginen Lizarrako bertze puntaraino. Goizeko seietan hasten zen lan-txanda. Ordu bat lehenago hantxe ginen biak ate ondoan kieto, ilargi beteari begira.

Hogeita hamar bat neska aritzen ginen Plastiegan. Ni nintzen mukizuena, baina denak ere gazte, denak ezkongabe, hura esposatu arteko denborapasa balitz bezala. Gizaseme bakarra, enkargatua. Denetik bazen gure artean, baina nahiko ongi moldatzen ginen bata bertzearekin. Lotsagabe samarrik ere ez zen falta. Beharrik haiei, nahitaezko malezia zerbait erakutsi ziguten gainerakooi.

Bizikleta gorri xarmant bat erosi zidaten, tikia, nire tamainarako espezial. Gurpil gainean eta auzoko bertze lankide baten konpainian eginen nituen joan-etorriak. Josefina beteranoetakoa zen; gizongaia soldaduskan zuen, Saharan, «basamortuan!». Gorputzez ere ni halako bi bederen bazen. Haren izterrak! Ni, berriz, zikoina nintzen, halaxe erraten zidan aitonak xango mehe-luxeak nituelakoz. Haren aztalak! Bizikleta ere araberakoa zuen: haren pedalkada bat berdintzeko, hamar eman behar nituen nik.

Fabrikan, katean aritzen ginen, eta kantari ere bai frankotan. Tarteka, musika paratzeko eskatzen genion enkargatuari. Kasu egiten zigun; ongi moldatzen ginen harekin. Simon eta Garfunkelenak maite genituen bereziki, eta boz guziek bat egiten genuen koruan.

Nagusiaren semea paratu ziguten begirale haren unibertsitateko udako bakazioetan. Plastikoa mozteko makinan aritzen nintzen ni: pieza sartu behatz punttekin bulkaka marka bateraino, eta orduan eskua bildu eta pedalari eman, tzasta jaisteko gillotina. Mantsoegi ari nintzela, hark niri. «Zuk erakusten badidazu nola egin... Etorri, jarri nire tokian», erran nion. Bai, no! Lotsagorriturik alde egin zuen, esku zuriak sakeletan, «ai, nere juaneteak!», xuxurlaka.

Baina miseriazko jornala ordaintzen ziguten astero.

Noizbait ere jakin genuen bilera klandestinoak egiten zirela Egako putzu gaziaren gaineko Santa Barbarako pinudian. Sindikatu ilegal baten deia omen zen (legalik ez zen). Eta gu ere harat, mendi buelta egitera bezala. Ordu jakin batean halako tokitan, itsu-itsuan. Mutil bizardun batek predikatzen zuen bitartean, neska batek orri multikopiatu batzuk partitu zituen. Ordu erdia exkax, eta denek ospa, bakoitza bere aldera, paper zimurtu bat kuleroaren barrenean.

1975eko irailean fusilatu zituzten bortz mutil, ETA eta FRAPekoak. Azaroan hil zen Franco. Hainbertzek hil nahi izan zuena ospitaleko kamainan hil zen.

Guk segitu genuen hondartzako baloiak josten, baina fabrikako leihotik bertze kanta batzuk hasi ginen aditzen, gure irrati-kaseteko musikaren gainetik: «Amnistia eta askatasuna», denek ikasi genuena, eta inguruko enpresetako langileen oihu gero eta ozenagoak.

1976ko urte berria hastearekin, Salvateko lantegian piztu zuten sua. Grebarako deia egin zuten, soldata eta lan-baldintza duinak ekarriko zituen konbenioaren alde. Luze iraun zuen eta Lizarran fuerte sumatu zen, 600 lagun baitziren hainbertze egunez xentimorik kobratu gabe.

Greba hark zabaldu zuen atetik sartu ginen gero eskualdeko lantoki gehienak: Canasa, Agni, Dilu, Renolit, Curtidos, Carrocerías... Plastiega ere bai. Langile gehienen jornala arrunt meharra baldin bazen, gurea are kaxkarragoa, emakumeak ginelakoz. Lan egiteari uko egin genion, eta zigortu egin gintuzten. Eta berriz ere greba guk, zigorren kontra.

Aitaren arreba batek kargu hartu zidan karrika erdian. Ea zertan nenbilen bazterrak nahasten. Kontatu ziotela ni ari nintzela jendea xaxatzen. Señora hark —ez bainioke izeba deitu nahiko— kafea hartzen zuen goizero gure nagusiaren emaztearekin. Isilik gelditu izatera ez zituen aditu izanen erran nizkionak. Espantuka joan zen, permanenteari kea zeriola.

1976ko otsailaren 28an, San Joan eliza okupatu genuen Lizarraldeko oihalgintzako 70 andre langilek, ia erdiak gure fabrikakoak. Aitzin hartan alfonbra lantegian bederatzi lagun despeditu zituzten. Ez ginen aterako haiek denak berriz ere euren lanpostuetan hartu arte. Elkartasuna. Don Esteban erretoreak tenpluko ateak ireki zizkigun zabal-zabal. Ustezko santuen artean txoko bat egin genuen sorgin deabruek. Batzarrak egiten genituen, eta don Karlos apez gazteak arrazoi ederrez kargaturiko doinuak kantatzen zizkigun ilunabarrero gitarra ere joz.

Martxoaren 3an, asteazkena, hantxe segitzen genuen firme. Arratsean hil-ezkilen danbadak ailegatu ziren Gasteiztik, tragedia ikaragarriaren berri ematen zutenak. Gu bezalatsu entzerratuak zeuden han. Gure artean zalantza ere hedatu zen, baina ez geunden amore emateko prest. Kanpoaldean, tiro-soinuek eta jeepen sirenek ez zituzten isilarazten ahal jendearen amorraziozko garrasiak.

Ondoko egunak nolabait ere joan ziren eliza barrenean, zainak tenk eta odola bor- bor. Larunbat eguerdian, ordea, handik ateratzea erabaki genuen. Etxekoak ere ez genituen batere lasai, ikusten baitzuten han ere bagenuela arriskua. Bertze manera batean segituko genuen.

Urte hartan berean, izugarriak gertatu ziren, gaur bai eta bihar ere berdin. Maiatzaren 9an, nire adineko mutil bat hil zuten faxistek Montejurran, gure auzoko Ricardo Pellejero. Zer izan zen hura! Baina nire egutegi partikularrean egun bat nuen gorri biziz markatua: urriaren 27a. Egun hartan eginen nituen 18, eta lau urte lehenago eman nuen hitza beteko nuen.

Ailegatu zen noizbait ere, eta kito egitekoa eskatu nion nagusiari. Irri egin zidan lana uzten nuelakoz, eta burla-keinua egin nion nik.

Egunak sekula baino ederrago argitu zuen. Erromako zubiaren koloreak zituen jertsea jauntzi nuen, amonak bere esku artetsuekin egina; bizkarreko zakuan gauza beharrezkoenak sartu nituen, aitzineko irailean fusilatu zuten mutil zarauztarraren posterra ahantzi gabe; motots dotorean bildu nuen ilea eta koroa modura paratu nuen zinta morean luma komantxe bat txertatu nuen. Basabehor pikart bat esperoan nuen etxeko atean. Haren gainean jarri nintzenean, irrintzi egin nion Estellesa buseko txoferrari. Abiatzeko prest nintzen.

MIKEL TABERNA IRAZOKI

(Lesaka, Nafarroa, 1957). Zenbait libururen egilea da: Mendearen ilunabarrean (Arabako Foru Aldundia, 1996) eta Arkanbele kantak (Susa, 2021) poema liburuak; Errege eguneko panpina (Kutxa Fundazioa, 2000) eta Txokolatezko dinamita (Susa, 2001) narrazio bildumak; eta Alkasoroko Benta (Susa, 2013) eleberria plazaratu ditu gaurdaino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA