Bizigarrien efektuak, bistara

'Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia' erakusketa zabaldu dute Tabakaleran, urteko lehena. Kafeak, kakaoak, tabakoak eta drogek gizarte modernoetan duten eragina du ardatz

Heroina eta beste substantzia batzuei buruzko bideo bat ikus daiteke heroinaren osaera kimikoa irudikatzen duen oihalaren barruan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Zigarro bat piztetik, kafe bat hartzetik, edo hori goxatzeko azukrea botatzetik hasten den harreman sarea» du oinarrian Donostiako Tabakaleran estreinatu duten Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketak, Oier Etxeberria komisarioak azaldu duenez. Kafeak, kakaoak, tabakoak eta drogek, besteak beste, gizarte modernoetan dituzten eraginak ditu ardatz. Hainbat ekitaldi egingo dituzte ekainaren 11ra arte ikusgai egongo den erakusketa horren inguruan.

Hainbat erakundek, bildumagile pribatuek eta Gipuzkoako beste museo batzuek utzitako lanak daude erakusketan, baita horretarako propio sortutako bost ere. Guztira, hogei inguru lagunen obrak bildu dituzte. Jakintza arlo ugaritan sortutako lanak dira, Etxeberriaren arabera: «Ikuspuntu anitz eta perspektiba oso desberdinak lantzeko aukera ematen du gaiak, eta eremu askotako jendeak parte hartu du: medikuntza, filosofia, antropologia, literatura, arte garaikideko lanak...». Guztiek dute bizigarriekin zerikusia, era batera edo bestera.

Zazpi ataletan banatu dute erakusketa, eta aipatu lehengaien hiru zirkulazio bildu dituzte: biologikoa, ekonomikoa eta kosmikoa. «Harreman sare horri nerbio sistema deitzea gustatzen zaigu, eta, nolabait, gure gorputza gainditzen du; kanpoaldearekin harremanetan jartzen gaitu, landareekin, mineralekin, beste pertsonekin eta munduarekin», azaldu du Etxeberriak.

Hiru zirkulazioek bat egiten dute erakusketako lehenengo atalean. Mark Lombardiren, Santiago Ramon y Cajalen, Jorge Oteizaren eta Maruja Malloren obrak biltzen dira. Finantza sistemaren jarduera irudikatu zuen Lombardik marrazki metodikoen bidez; pertsonen nerbio sisteman bizigarriek dituzten eraginak erretratatu zituen Ramon y Cajalek, eta gizakia kosmosera begira jarri zuten Malloren irudiek. Horiekin batera ageri da Oteizaren altzairuzko eskultura bat, Circulación en redondo con signos en el paisaje vasco (Zirkulazio biribila zeinuekin euskal paisaian).

Gorputzez harago

Tabakalera zirkulazio horien barruan kokatzen du bigarren atalak, horien ondorio izan baitzen. Garai bateko Donostia erakusten duten koadro batzuk eta Tabakalera tabako fabrika zeneko bideo bat daude. Dena den, deigarriena erdi-erdian dagoen instalazio bat da, Alice Creischerren Why not Lobby Today; marrazkiek, collageek eta audioek bat egiten dute bertan, besteak beste.

Arte surrealista du ardatz hirugarrenak. Henri Michaux eta Antonin Artauden lanak daude, Eric Beltranen Las cuentas del collar lanaren inguruan. «Oinarrizko indarrekin konektatzen duten agerpenak, objektuak eta sinboloak dituen lepokoa da», azaldu dute antolatzaileek. Lamina batzuetan jaso dituzte azalpenak, baina espazioan bertan berreraiki dute lepokoa.

Ines Doujak eta John Barker artisten The Devil Opens a Night School to teach the secrets of success and failure obrak hartzen du laugarren atalaren espazio osoa (Deabruak Gau Eskola ireki du arrakastaren eta porrotaren sekretuak irakasteko). Heroinaren osaera kimikoa irudikatzen duen oihal handiaren barruan eserleku bat dago, eta heroinaz, morfinaz eta laudanoaz hitz egiten dute aktore bik bideo batean.

Mapa nautikoak ikusgai daude bosgarren atalean. Tartean dira Caracasko Gipuzkoar Konpainiarenak ere —besteak beste, kakaoa eta tabakoa ekartzen zituen Venezuelatik XVIII. mendean—. Iñigo Aranzadiren Fang artearen bilduma etnografikoa ere bertan da; deigarriena kolonizatzaileak sinbolizatzen dituen Ngong Tangan izeneko maskara da.

Mural handi bat dago seigarren atalaren erdian. Fernando Palma artista mexikarrarena da, erakusketarako propio sortua. Azaldu duenez, kakaoa oso lehengai garrantzitsua da bere eskualdean, San Pedro Atocpanen. Industrien ehuneko handi batek erabiltzen du. Muralean, zuri-beltzean zein koloretan egindako marrazkiak daude: kolonizatzaileak, errepideak, armadak dira zuri-beltzean ageri direnak; kolore biziz, aldiz, Palmaren jatorria islatzen dutenak, natura errespetatuz.

Jose Miguel Prada Pooleren lana nabarmentzen da erakusketaren azken zatian. Kafearen ondorioak hautemateko, esperimentu bat egin zuen. Armiarma batek nolako sareak ehuntzen zituen ikustea kafea hartuta eta gabe: kafea hartu ostean osatutako sarean antzematen da ez dela funtzionala. Atal berean, kafeak gizarteko zenbait sektoretan izan zuen prestigioa irudikatu du Patricia Gadeak, Van Gogh y su amigo koadroan (Van Gogh eta bere laguna).

Erakusketaz kanpo, Lorea Alfaroren bi bideorekin topo egingo du bisitariak. Osaba baten tatuaje bat dute oinarrian, eta bizigarriek kaleko kulturan eta belaunaldi berrietan izan duten eragina erretratatu nahi izan du. Laugarren eta bosgarren atalak lotzen dituen audioa ere Alfarok sortua da.

Urte eta erdi inguru lehenago hasitako izen bereko proiektuaren parte da erakusketa: «Eztabaida leku bat izan da orain arte, eta erakusketa, nolabait, horren fruitu da». Hainbat ekitaldi eginak dituzte, eta horietan bildutako materialak bildu dituzte erakusketan bertan.

Zenbait ekitaldi egingo dituzte, proiektuaren osagarri gisa. Hitzaldi bat, performance bat eta nazioarteko sinposio bat eskainiko dituzte, eta kontzertu batekin bukatuko dute erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.