Pablo Trapero zuzendariarekin lan egiteaz «oso harro» dago Martina Gusman (Buenos Aires, 1978). Lan ederra egin du Carancho filmean.
Zein da zinemarekin loturik daukazun lehen oroitzapena?
Dumbo filma da lehen oroitzapena. Emanaldi jarraituak izaten ziren Buenos Airesko areto batzuetan, eta oroitzen naiz pare bat aldiz-edo jarraian ikusi nuela lehen lerroan eta negar malkotan amaitu nuela.
Beharrezko duzu zinema?
Zinemarik gabe ez dakit, baina istorioak kontatu gabe ezingo nuke. Bizitza asko batean bizitzeko aukera ematen du zinemak. Pertsonaien bitartez errealitate bat azal nezake, eta nik neuk errealitate hori ezagutu. Oso aberasgarria da.
Zinema, jaialdietan edo jaialdietatik kanpo?
Jaialdietan oso film gutxi ikusten ditut, epaimahai kide ez banaiz, behintzat.
Filmak, telebistan, DVDan ala zineman?
Zinemara dexente joaten naiz, egia esan. Film bat ikusteko gogo bizia badut, zinemara noa. Etxean bideoteka dezentekoa daukagu.
Kursaala ala Viktoria Eugenia?
Kursaala izugarrizko aretoa da, baina Viktoria Eugenia hain da ederra!
Sinopsia jakitea gustatzen zaizu film bat ikusi aurretik?
Ez, nahiago dut ezer ez irakurri; gainera, sinopsi asko gaizki idatziak egoten dira eta dena kontatzen dute.
Film bat ikustean, zuzendarien edo aktoreen lanari erreparatzen diozu gehiago?
Zuzendariaren lanari eta filmari berari, bere osoan. Aktoreen lana hor egoten da txertaturik.
Martina Gusman. Aktorea
«Bizitza asko batean bizitzeko aukera ematen du zinemak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu