Zinema zuzendaria

Sara Fantova: «Bizitza bera azaleratu nahi izan dugu, oso-osorik»

Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan Sara Fantovak zuzendutako lehen film luzea: 'Jone, batzuetan'. «Min egiten duten gauzez» hitz egin nahi izan du zinema zuzendariak, publikoak bizitzaren beraren «gertutasuna» senti dezan.

Sara Fantova. HIRUDIKA DISEINU GRAFIKOA
Sara Fantova. HIRUDIKA DISEINU GRAFIKOA
edurne begiristain
2025eko irailaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitak gaztetan idatzitako egunerokoetan topatu zuen Sara Fantovak (Bilbo, 1993) bere bakarkako lehen film luzea egiteko inspirazioa, eta 2018an sortutako ideiatik ondu du Jone, batzuetan, bizitza, heriotza, zaintza eta maitasuna ardatz hartuta Bilbon grabatutako pelikula. «Bidaia luzea» izan dela aitortu du zinema zuzendariak, baina pozik dago emaitzarekin.

Dagoeneko hainbat jaialditan erakutsi dute filma, eta, harrera ona izateaz gain, sariak ere jaso ditu: Malagako Zinema Jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, Bartzelonako D'A festibalean pelikula onenaren saria, eta Nazioarteko Deluxe Saria REC Zinemaldiko laborategi profesionalaren esparruan. «Gurea bezalako film batentzat oso garrantzitsua da ibilbide bat egitea jaialdietan eta sariak jasotzea». 

Lehen film luzea duzu. Nolakoa izan da erronka?

Konplexua izan da. 2018an sortu zen ideia, 2019an hasi ginen pelikula martxan jartzen, eta ordutik urte batzuk igaro dira, eta askotariko gorabeherak izan ditugu. Prozesua luzea baina oso positiboa izan da. Zorionez, une oro lantaldearen laguntza izan dut, eta horrek bidea askoz politagoa eta errazagoa egin du.

Zure aitarentzako mezu bat agertzen da kredituetan: «Eskerrik asko zure egunerokoengatik, aita». Hortxe dago filmaren hazia?

Bai. 2018ko Gabonetan, aitak bere gaztetako egunerokoak utzi zizkidan irakurtzeko. Oso luzeak ziren, informazioz beteak, eta han ez nuen topatu errebelazio handirik, baina bai bere burua azaltzeko modu bat, bere zaurgarritasuna erakusteko modu bat… Ni ez nintzen garai hartan jaio, eta ezin izan nuen garai hori harekin bizi izan, baina eguneroko horiek nire bizitzako une horretan irakurtzeak zubi bat sortu zuen, eta hor hasi ginen pelikula idazten. Gero filmak buelta asko eman ditu, baina egunerokoak izan ziren lehen harria.

Filmean Joneren istorioa kontatzen duzu, 20 urteko neska batena, nerabezaroaren eta heldutasunaren arteko trantsizioan dagoena. Zergatik hautatu zenuen hori kontatzea?

Gidoilarion bizipenetatik abiatu ginen. Ez dugu Joneren adina, baina gurasoen zahartzaroari buruz pentsatzen hasi gara: aldatzen ari garela, rolak aldatzen direla, gero eta zaurgarriago garela… Istorio honetan, Jonek eta aitak ez dute komunikatzeko ohiturarik, familia horretan trauma bat dagoelako, ongi kudeatu ez zen dolu bat. Pertsonaiak egoera batean jarri nahi genituen, non derrigor komunikatu behar duten, beste aukerarik ez dutelako. Hori interesatzen zitzaigun: intimitate prozesu hori, min egiten duten gauzez hitz egitea, heriotzaz, gaixotasunaz, zaintzaz… Gai horiek mahai gainean jarri nahi genituen, bazterrean utzi gabe.

Bizitza, heriotza, gaixotasuna eta zaintza dira filmaren hari nagusiak.

Pelikulan bizitza bera azaleratu nahi izan dugu, oso-osorik. Eta hori kontuan izan dugu gidoia idazterakoan, aktoreekin lan egiterakoan eta grabatzerakoan. Une oro presente izan dugu hori dena, publikoak bizitzaren beraren gertutasuna senti dezan eta emozio horiekin bat egin dezan.

«[Bilboko jaiek] Energia berezia dute, eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan Aste Nagusia beste toki batean antzeztea. Bertan grabatzeak errealismo handiagoa eman zion lanari, eta aktoreentzat ere askoz errazagoa izan zen une hori bizitzea»

Hainbat eszena 2023ko Bilboko Aste Nagusian grabatu zenituzten. Erronka handia izan zen?

Bai, oso handia. Nik betidanik bizi izan ditut Bilboko jaiak, eta pelikula batean islatzeko gogoa nuen. Energia berezia dute, eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan Aste Nagusia beste toki batean antzeztea. Bertan grabatzeak errealismo handiagoa eman zion lanari, eta aktoreentzat ere askoz errazagoa izan zen une hori bizitzea. Jakina, kontrolaezinak diren gauza asko izan ziren: jendez betetako kaleak, musika, zarata, alkoholaren eragina… Horrek prestaketa tekniko handia eskatu zuen. Konpartsekin urtebete lehenago hasi ginen hitz egiten, Kaskagorrirekin elkarlanean aritu ginen, eta haien laguntza funtsezkoa izan zen. Batzuetan ustekabeak ere izan ziren —Aiora Renteriak txupinazoa bota zuenean, esaterako—, baina horrek ere magia berezia eman zion. Zaila eta neketsua izan arren, oso pozik gaude emaitzarekin.

Kontrasteak azaleratu dituzu pelikulan: heriotza eta bakarrik geratzeko beldurraren iluna batetik, eta Bilboko Aste Nagusiaren ospakizunaren argia bestetik. Propio ahalegindu zara horretan?

Bai. Gai horietaz hitz egin nahi genuenez, beharrezkoa zen kontrastea ere erakustea. Jone bi munduren artean baitago: familia barruko gatazkan eta kalean, festan. Kontraste horrek laguntzen du haren egoera ulertzen eta harekin enpatizatzen.

Kolektibotasuna eta sarean lan egitearen ideia hasi eta buka dago presente filmean.

Kolektiboak garrantzi handia izan du. Hasieratik erabaki genuen auzoarekin eta sarearekin batera lan egitea. Lantalde txikia ginen, eta horizontaltasunez antolatu ginen; parte hartze hori guztia funtsezkoa izan zen. Horregatik agertzen dira lantalde osoarentzako esker oneko hitzak kredituetan; film hau ezinezkoa izango zen sare horren laguntzarik gabe.

«Euskaraz izan behar zuela erabat argi nuen, baina baita gaztelerak egon behar zuela ere. Film errealista bat nahi badugu, hala behar zuen, Bilbon bi hizkuntzak nahasten baitira, eta gaztelera sartzea naturala baitzen»

Nuria Dunjo eta Nuria Martin Estebanekin batera idatzi duzu gidoia. Inprobisazioak eta intuizioak zenbateko pisua izan dute?

Errealismoa lortzeko, gidoia antzezpenetara egokitu genuen. Entseguetan inprobisazioz lan egin genuen, eta interesgarriak ziren gauzak gidoian txertatu. Ez zen inprobisazio hutsa, baina lortu genuen aktoreek euren modura barneratzea testua. Malgutasun handiz jokatu genuen, aktoreak aske senti zitezen. Horrela lortu genuen benetakotasuna.

Nolakoa izan da Olaia Aguayorekin eta gainerako aktore hasiberriekin lan egitea?

Aktoreak hautatzeko proba handi bat egin genuen Bizkaia osoan, baina ez genuen topatzen gure Jone izan behar zuen hori. Azkenean, Amets Zulueta hautaketa probetako zuzendariak bere lagunak deitu zituen, eta hor agertu zen Olaia; berehala ikusi genuen bera izan behar zela protagonista nagusia. Energia eta ausardia berezia ditu, eta horixe behar zuen pertsonaiak.

Hasieratik zenuen argi Bilbon eta euskaraz grabatu nahi zenuela?

Bai, oso argi nuen. Bilbon grabatu nahi nuen nire sustraiak eta identitatea hor daudelako. Euskaraz izan behar zuela ere erabat argi nuen, baina baita gaztelerak egon behar zuela ere. Film errealista bat nahi badugu, hala behar zuen, Bilbon bi hizkuntzak nahasten baitira, eta gaztelera sartzea naturala baitzen. Aniztasun hori islatu nahi nuen, argi izanda euskarak izan behar zuela pisu handiena.

Hainbat zinema festibaletan egon da filma, eta sariak ere jaso ditu. Bultzada handia izan da?

Asko lagundu digu. Gurea bezalako film batentzat oso garrantzitsua da jaialdietan ibilbide bat egitea eta sariak jasotzea. Azken helburua da jendeak pelikula ikustea eta emozionatzea.

Euskaraz egiten den zinema nola ikusten duzu? Eta etorkizuna?

Guri asko kostatu zitzaigun finantzaketa lortzea eta erakundeek gugan konfiantza jartzea. Uste dut instituzioak oso zorrotzak izaten direla euskarazko pelikulei laguntzak emateko orduan, eta gehiegi erreparatzen dietela erabiltzen den euskara motari, gazteleraren erabilerari… Hori antinaturala iruditzen zait, euskara askotarikoa da eta. Zorionez, guk askatasuna izan dugu pelikula egiteko, eta nahiko nuke askatasun bera izatea gainerakoek ere.

Beste film luze bat egiteko asmorik?

Bai, ideiak baditut, baina apurka arituko naiz. Orain oraingoaz gozatu nahi dut, urte asko behar izan baitira hona heltzeko.

Jone, batzuetan filma
Jone, batzuetan filmaren fotograma bat. Irudian, Josean Bengoetxea eta Olaia Aguayo aktoreak. HIRUDIKA DISEINU GRAFIKOA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.