Txuma Murugarren: «Bizitzak ez dizula ezer zor ohartzea; hori dago diskoan»

‘Hemen beharko luke’ disko berria osatu du Murugarrenek, zazpi kanturekin. Etsipen puntu baten eta aurreranzko indar baten artean dabiltza abestiak, eta urrats bat egin du elektronikarantz. Kexu da zuzenekoetarako zirkuitua murrizten ari delako.

Txuma Murugarren musikaria, promozioko irudi batean. ENDIKA LEKUBE
Txuma Murugarren musikaria, promozioko irudi batean. ENDIKA LEKUBE
itziar ugarte irizar
2025eko abenduaren 4a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada abesti klase bat Txuma Murugarrenek bereziki maite duena. «Abesti naifak, apurkorrak, ez dakit nola esan». Gordinak, agian, soilak; ez zaienak, bederen, muturreko distira teknikorik interesatzen. Dioenez, gertatu izan zaio estudiora kantu maketa sorta batekin iritsi, eta horiek «gehiegi hazten» ikustea han, eta, hori ekiditeko, beste bide bat hartu du oraingoan: kasik osorik etxean landu ditu kantuak, eta kasik nahasketa lana baino ez du utzi estudiorako. «Ni ez naiz oso musikari trebea tresna bat jotzen, ez pianoa, ez gitarra, baina dakidan apurra baliatzen dut abestia egiteko, eta batzuetan nire trakeskeria horrek uste dut lagundu egiten diola abestiari. Izpiritu apurtu horrek. Horregatik, oraingoan esan nuen: ‘dagoena hemen dago, ez diot inori eskatu behar ebaluatzeko nire trebetasuna instrumentu batekin; hemen dago bere esentzia’. Eta hori izan da abiapuntua».

Abiapuntu horrekin, bada, zazpi abesti berri bildu ditu Hemen beharko luke diskoan (Gaztelupeko Hotsak). Lana osorik entzunda, ugaritasuna da nabarmendu daitezkeen ezaugarrietako bat; energia handiz hasten baita diskoa —Ez naiz abesti gordineko «Ni ez naiz poeta, ni harakina naiz» hitzekin—; eta balada gisako pieza lasaiagoetara egiten baitu gero (Ezer ez da berez; Lagunak joan), pop melodikoenetik (Lizar bat) eta elektronikak pisu handia duen abestietatik igaro (Dena amildu), eta indarrez amaitzeko berriro (Ez eman amore).

«Ugaritasun hori ez da gauza kontziente bat izan, ez pentsa», aitortu du, ordea, musikariak. «Abesti bat lantzen hasten zarenean, bere bidea hartzen du hark, eta horrek zerikusi handiagoa du, askotan, zure egoerarekin, zuk benetan nahi duzunarekin baino». Atsegin duen zerbait da: «Gustatzen zait inprobisazio puntu hori; abestiak eramatea ni eta ez nik abestia. Iruditzen zait nire partetik gehiegi jartzen badut iruzur egiten ari natzaiola abestiari».

«Gustatzen zait abestiak eramatea ni eta ez nik abestia. Iruditzen zait nire partetik gehiegi jartzen badut iruzur egiten ari natzaiola abestiari»

Diskoa bada ugaria, zehazki, erritmo aldetik, baina, lanean ia beti etxean aritu izanaren ondorio ere bada hori musikariarentzat. «Hainbat baliabide probatu ditugu, hainbat tresna erabili». Sintetizadoreak, perkusio elektronikoa, eta baita, ahotsaren kasuan, autotunea ere. Harridura sor liezaioke entzuleari, baina ez zaio hain elementu aipagarria iruditzen Murugarreni. «Egia da elektronikarantz egin dudala pixka bat salto, eta hor erabili ditudan baliabideen artean dago hori. Autotunea aspalditik da ezaguna, eta azkenen ez da besterik ahotsa tonu batean edo bestean jartzea baino. Gertatzen dena da gaur egun erabiltzen den autotunea oso bortitza dela, aurre-aurrean dago efektua; nik modu disimulatuago batean erabili dut».

«Amorratu ordez, esatea: ‘Aizu, hemen gaude»

Kantuak banaka landu ohi ditu Murugarrenek —«abesti bakoitza beti da bilaketa bat, besteen lanean beti eta zure lanean inoiz topatzen ez dituzun abesti perfektu horiena»—, eta, dioenez, disko berri baterako abestiak biltzen hasten denean hasten da ikusten zer izan dezaketen komunean. «Sortzen zauden bitartean, jarraitu beharreko bidea nahiko lausoa izaten da, baina hamar bat kantu biltzen dituzunean, konturatzen zara badutela euren garaiko zigilu bat-edo, kronologian anai-arrebak direlako, eta horrek ere ematen diela batasun bat».

Kasu honetan, kontraste bat ikusten du diskoaren ardatzean. «Mundualdi honetan, azkenean konturatzen zara bizitzak ez dizula ezer zor, eta hori dago diskoan; ohartzea bizitzak ez dizula ezer emango, ez pentsatzen duzun hori, ez merezi duzula uste duzun hori... Horrek badakar etsipen bat, baina era berean dakar esatea: ‘Aizu, hemen gaude eta aurrera egin beharko da’. Nolabait, bi puntu horietan pibotatzen du diskoak».

Kantuen aldartean antzeman daiteke hori, bai hitzetan ere. Iñigo Aranbarri idazlearenak dira Lizar bat kantuko berbak, eta Murugarrenek idatzi ditu gainontzeko guztienak. Bada pasarte goibelik —«Sumatzen duzu etsipena», edo «Amets egin dut hurrengo bihurgunean eroriko ginela amildegitik, eta esnatzean mindua neuzkan eskuak eta bihotza»—, baina bada lelo argitsurik ere, zeinarekin lana mezu baikorrez itxi duen musikariak: «Ez da amore emateko ordua, pasa dugun guztiaren orduan, ez da burua jaisteko unea».

«Zirkuitua asko murriztu zaigu»

Murugarrenekin batera hartu dute parte diskoan Miguel Ramirezek (gitarrak eta baxua), Rafa Acevesek (piano akustikoa), Natxo Beltranek (bateria) eta Ekaitz Hernandezek (mellotrona, sintetizadoreak, bateria, programazioa, baxua, loop-ak, zaratak). Eta, batik bat, Ramirezekin eta Hernandezekin aritu da kantuak biribiltzen abeslaria. Aparteko gonbidatu bat ere izan dute: Juan de Diego tronpeta jotzailea. Gautegia diskoaren —Nick Caveren Nocturama diskoaren euskarazko bikia— Bilboko aurkezpen kontzertu batean, haiekin pare bat kantu egitera animatu zen De Deigo, eta orduan geratu ziren hurrengo lanean ere egin beharko zutela zerbait batera. «Eta hala izan da», ospatu du Murugarrenek. «Badakizu? Askotan pentsatzen dut izugarrizko zortea daukadala horrelako musikariak ezagutzeagatik. Ekaitz, Miguel, Rafa, Natxo, Juan, Angel Unzu, Asier Ituarte... zerbait behar duzunean esan ahal izatea: 'Aizu, hau egingo didazu?'. Hori gauza handia da».

«Kontzertuak antolatzeko orduan, ez da begiratzen proiektua interesgarria den edo ez den: proiektu horrekin aretoa beteko duten edo ez begiratzen dute»

Zuzenekoetan ere Ramirezekin eta Hernandezekin arituko da Murugarren, eta «ikuskizun itxura» ematea da haien asmoa. «Proiekzio batzuk ere badauzkagu, eta osotasun bat bezala ulertu nahi ditugu kontzertu hauek», esan du. Dena den, badu kezkarik zenbaterainoko aukera izango duten lana erakusteko, garbi sumatzen baitu milaka entzule biltzen ez dituzten taldeentzako plazak urrituz joan direla: «Euskal Herriko zirkuitua asko murriztu zaigu. Egiten dira kontzertuak, baina batez ere like asko dituzten proiektuak bistaratzen dira, eta xumeagoak edo diskretuagoak direnak pixka bat ahaztuta gelditzen ari dira. Azken urteetan nabarmen ikusi dugun zerbait da. Kontzertuak antolatzeko orduan, ez da begiratzen proiektua interesgarria den edo ez den: proiektu horrekin aretoa beteko duten edo ez begiratzen dute. Horren arabera programatzen da gero eta gehiago». Eta horrek «aberastasun galera nabarmena» dakar, Murugarrenen iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.