Literatura

Bizitzaren aldeko poema liburua ondu du Oihana Aranak: 'Zerua hemen'

Aitaren heriotzak eragindako dolutik abiatu, eta minetik pozerako bidaiaren kronika egin du egileak, baita hiritik landa eremurakoa ere. Zerua sinbolo «orohartzaile» gisa darabil.

Oihana Arana, 'Zerua hemen' poema liburua eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oihana Arana, 'Zerua hemen' poema liburua eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko martxoaren 24a
18:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lazunak azkazaletan argitara eman eta bost urtera plazaratu du Oihana Arana idazle, bertsolari eta BERRIAko zutabegileak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) bere bigarren poema liburua: Zerua hemen. 74 poema batu ditu bertan, ataletan banatu gabe eta kronologikoki, aitaren heriotzaren ondorenak markatutako denboraldiaz mintzatzeko. Ez da, ordea, doluari buruzko liburu bat. Kontrara, urradurei aurre egiteak eta bizi grinak ardazten dute liburua. Susa argitaletxearekin karrikaratu du.

Erabili dituen sinboloen artean zerua litzateke nabarmenena, liburuari izenburua emateraino. Horrekin adierazi gura izan duena azaltzeko, Aranak pasadizo bat ekarri du gogora. Triste zegoen batean, «zurrunbiloan ez da ikusten, baina zerua hor dago», esan omen zion lagun batek, eta hortik heldu dio Aranak ere. Zerua «elementu orohartzaile bat» da haren poesian: «Zerua beti dago hor, eta aldiro diferentea da. Iruditzen zait horrek garenaren gaineko kontzientzia hartzen laguntzen digula, gure pozei eta minei leku jakin batetik begiratzeko tresnak eskaintzen dizkigula». Alde erlijiosoari ez dio tokirik eman nahi izan, halere: «Niretzat ez dago zerurik. Gure aita ez dago zeruan. Eta zerurik balego ere, ez litzateke han egongo».

«Zerua beti dago hor, eta iruditzen zait horrek garenaren gaineko kontzientzia hartzen laguntzen digula»

OIHANA ARANA Idazlea

Halaxe laburbildu du Aranak liburuaren mamia: «Gure aita hil da, eta erosketak egitera joaten jarraitu behar dut». Baita horrela ere: «Gure aita hil da eta etxeko alokairuak oso-oso karua izaten jarraitzen du». Izan ere, egunerokoaren kadentziak aparteko garrantzia du liburuan; harremanek, maitasunak, partekatutako uneen edertasunak zein garraztasunak. Kronika gisa definitu du Zerua hemen: «Pare bat urteko biziaro baten kronika posibleen artean bat litzateke, ez zintzoena, ez ederrena, ez eta txukunena ere. Bat. Atera zaidana». Biziaro hori, nolanahi ere, oroitzapenetatik eraikita dago, garai hartako tristurari buruz gerora idatzitako testuekin ondu baitu, aita hil eta berehala idatzitako testuekin baino gehiago.

Sasoi jakin bati ez ezik inguru bati ere errotuta dago liburua, poetaren hitzetan: «Etxe izandako lekuetan gertatutako eszenak ageri dira: Eskoriatza, Donostia, Aretxabaleta, Usurbil». Halaber, urratutako bi bide aipatzen ditu: «Batera egin ditut hiritik landa eremurako bidaia, eta minetik pozerakoa». Eta bidaia bikoitz hori etenik gabeko prozesu baten gisan hautemango du irakurleak, poemen artean ez baitago bereizketarik, ez atalik, ez bestelako «arnasa hartzeko tarterik», ezpada besteen aldean narratiboagoak diren zenbait poema. Oinazeari estuen lotzen direnak izanik, kontakizunaren hezurdura moduan funtzionatzen dute. Nolanahi dela ere, poema guztiak laburrak dira.

Poema motzak eta motzagoak

Badira, bestalde, bost lerrotik beherako poemak ere, liburuan barrena estrategikoki kokatuta: «Kolpe bakarreko poemak dira, intuizio txikiak biltzen dituztenak, burutazio motzak, arnasestuen neurrikoak. Ni poetikoak egiten duen bidaia hori irakurleen gorputzetara transferitzeko daude».

Eboluzioa errazago agertze aldera, poemen alderaketara jo du Aranak: «Hasieran astunagoak dira, motel doaz, lurretik gertuago. Bukaeran agerikoagoa da jolasa; poemek salto egiten dute».

«Ematen du poetak galdetzen diola munduari zer egin behar duen gertatzen diren gauza guztiekin; nola egin negar berria, nola egin barre orain, zeru zabal honen azpian beti»

LEIRE LOPEZ ZILUAGA Editorea

Eta bada arreta ematen duen beste elementurik ere: «ez dakit» sintagmaren errepikapena. Ez da, ordea, ahots poetikoaren zalantzaren adierazle. Hura «kursia bezain gogorra» eta «ironikoa» baita Aranaren aburuz: «Gauza asko zelan azaldu ez jakiteak ezkutuko zaurien berri ematen du, bere biziaroa hain modu gordinean kontatzen duen ahotsak kontatu nahi ez dituenak ere badituela azaldu gurako balu bezala».

Susako editore Leire Lopez Ziluagak liburuaren «bizi indarra» nabarmendu du, eta poetaren asmoaz ere mintzatu da: «Ematen du honako hau galdetzen diola munduari: zer egin behar duen gertatzen diren gauza guztiekin; zer egin ez daudenekin, elkarrizketan jarraitzeko, krabelinak banatzen segitzeko; nola egin negar berria, nola egin barre orain, zeru zabal honen azpian beti». Esan du poemak idaztea «helduleku malgu bat» dela Aranarentzat, ihes egiten duen horren guztiaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!