Aditu aitzinetik aurreikus zitekeen maila handiko saioa izanen zela gaurkoa, eta, hori nahikoa presio bada ere, ez dute huts egin bertsolariek. Finalaren aitzinetik azken-aurreko saioa izan da, Bermeon, eta, era berean, finalaurrekoen bigarren bueltako lehendabizikoa. Balio erantsi bat zuen, gainera: irabazleak zuzenean lortuko zuen finalerako txartela. Lanak txukun eginda eta 664 puntu bilduta, Aitor Bizkarra Ruiz nagusitu da Bermeon, eta, hortaz, hura da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehendabiziko finalista. Puntuazio hau eman diete epaileek gainerako bortzei: 641,5 Aitor Etxebarriazarraga Gabiolari, 632 puntu Onintza Enbieta Maguregiri, 608 Aissa Intxausti Aburruzari, 599,5 Unai Mendiburu Valorri, eta 599,5 puntu Ibai Amillategi Omaetxebarriari. Bizkarrak ez ezik, Etxebarriazarragak ere matematikoki ziurtatua du finala, eta hark ere hirugarren aldiz kantatuko du han. Gainerako bertsolariek hurrengo asteko saiora arte itxaron beharko dute, eta, hura bukatzean, lehen bueltako eta bigarren bueltako puntuazioak batu eginen dira. Bi batuketa horietan zenbakirik handiena lortzen duten seiak pasatuko dira finalera, gaurko bi finalistez gain. Enbeitak hagitz hurbil du Casilla, eta, han izanen balitz, hamargarren aldiz sailkatuko litzateke Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako.
Ederki aritu dira seiak, eta nola puntuek hala Artza frontoiko txaloek adierazi dute hori. Fasez aldatu direnez, ariketak ere aldatu dira, baina, hasteko, ohiko zortziko handian jarri ditu lanean Leire Garatxenak. Serio hasi ondotik, umorea etorri da. Denak aritu dira arin-arin txikian, eta asmatu dute eskatutako tonuan erantzuten. Irri anitz eragin ditu, kasurako, Etxebarriazarragaren eta Amillategiren ofizioak. Barraka batean zeuden biak, baina matxura bat zela medio, buruz beheiti gelditu dira, ez aitzinera eta ez gibelera. «Ezin al dogu egin/ plan normal bat be ez/ gaur be eskatu dozu/ barrakak mesedez/ ta hemen gerau gara/ Musolini legez/ zugaz beti ikusten dot/ mundua alrebes», bota dio Etxebarriazarragak, eta zera erantzun Amillategik: «Ta gainera atzetik/ kantuan Camela/ gitxienez musika/ kendu dabiela».
Bi ertzainen rolean abestu dute Bizkarrak eta Enbeitak. Radar berri batzuk jarri zituzten, eta hara nor ziren abiadura muga gainditu duten lehen hiru autoen jabeak: familiako hiru kide. «Nire anaiak Rayo/ McQueen ematen du/ karnetik ez dauka ta/ ezin diot kendu», erran du Bizkarrak irriz, eta halatsu erantzun dio Enbeitak ere: «Kuadrillakoren bat da/ falta dan bakarra/ nahikoa egin dogu/ amatau radarra».
Hainbat berrikuntza
Iritsi da ariketa berria: sei puntuko motza. Bizi-bizia da ariketa, eta lantsuagoa da bertze ofizioak baino, zortzi lerrotik seik errimatu egin behar dutelako. Lagunak izan dira Intxausti eta Bizkarra, eta hogei urteren ondotik kartzelatik atera berri da azkena; gurasotasunaz aritu dira. Hala hasi da saioko irabazlea: «Propiorik ez edukitzeak/ sartzen dit eztena/ lehen dena zen salbuespena/ aldatu nahi dut eskema/ haur bat nahi nuke inoiz kartzelan/ sartuko ez dena». Animatzen ahalegindu da Intxausti: «Bizirik gaude ni ta zu/ eta egidazu kasu/ bizitzak gauza asko ditu ta/ probatu itzazu».
Koplaka ere agudo-agudo aritu dira ondotik, eta denek asmatu dute eskatutako umorez erantzuten. Bi puntu bertzerik ez ditu koplak, eta, hortaz, bi bertsoren balioa du puntuatzeko orduan.Â
Berehala iritsi da ganbara, eta ohiko puntu erantzunik gabe egin dute jauzi hiru bertso osatzeko ariketara. Hala zioen gaiak: «Platera erdizka utzi dozu; altxatu eta alde egin dozu». Etxebarriazarraga eta Bizkarra aritu dira distiratsuen, eta bereziki bero erantzun du publikoak.
Abadiñon egin zuen gisan, bederatziko moldean osatu ditu Etxebarriazarragak hiru bertsoak, eta horrek errimekin lan handia egin dezan eskatu dio berriz ere. Baina egin du, eta txalo zaparradaz baloratu lana publikoak. Haur baten larruan kantatu du, eta jangelan kokatu du bere burua. «Lehendabiziko/ burlak broma tonoan/ ez ei dire ikusten/ ta neu be enaz ausartu/ minik erakusten/ baina noa husten/ ez lagun ez uspen/ jeusten eta jeusten/ ta inok enau eusten/ ba ete daki ze min/ emoten deusten». Nazkatuta agertu da azkenerako: «Jangelako kantoi/ hontan barnerakoi/ zin ein deutzet otoi/ bi begi bustioi/ naizena erakustera/ noa guztioi».
Bederatzikorik gabe, baina hunkituta utzi ditu ikusleak Bizkarrak bakarkako lanean. Aitaren tratu txarrak agintzen duten etxe batean bizi ziren hura eta anaia txikia, eta handik alde egitea bertze aukerarik ez dutela ebatzi du anaia nagusiak. Errima sorta zabala eta zehatza erabili ohi du beti Bizkarrak, eta molde horretatik josi du azken bertsoa ere: «Nire aitarekin bizi osoan/ jardun dugu eztabaidan/ bere iritzia ematen digu/ zaplaztekoen mintzairan/ gaur afaritan ai zenbat gudu/ anaiak ta nik ikusi dugu/ aita zertarako gai dan/ ez dut sinesten jada famili/ zoriontsuen kondairan/ beraz bagoaz kamuflaturik/ bisera ta gafa Ray-Ban/ utzi ditzagun hainbeste maina/ nora joanik ez dugu baina/ joan beharra dugu aidan/ ea zerbait otzen zaidan».
Etxeko girora jo du Intxaustik ere: familiako bazkarira. Pentsa zenbateraino zegoen deseroso, alde egin behar izan baitu handik. Osabaz eta koinatuaz jardun da gehien-gehienean: «Hizketan hasi ohi dira/ bape tapujorik gabe/ guztia jarri ohi dute/ ia infernuaren pare/ badaezpada ez dute ukitu/ ez zartagin ta ez labe/ komentatu Zupiriaren/ azken hiru nobedade/ ta arrazismotik bota/ beste hiru kontu grabe/ ni hainbeste aldatu naiz/ ta eurak berdin-berdin daude».
Intxaustik egin duen moduan, Enbeitak ere familia bazkari batean kokatu du bere burua, eta aitortu du: ezin du gehiago. Ez dute den bezala onartzen, eta altxatu egin da mahaitik. «Ia arroza atragantetan/ jaken danei eurenez/ euren kontuak nire eztarrian/ atasketan diren legez».
Erizain batek rolean kantatu du, berriz, Amillategik, eta aitaren alzheimerraz aritu da Mendiburu: «Kostata irentsi ditut/ hiruzpalau espageti/ ez genuke solasaldi/ berbera izango beti/ egunero-egunero/ joaten naizela baleki».
Norberak azken agurrak kantatuta, bukatutzat eman dute gaurko saioa. Heldu den astean elkartuko dira berriro, larunbatean, Markina-Xemeinen.Â