Euskal Herrian rock kontzertuak oso ohikoak ez ziren garai batean, 1975eko azaroan, Blue Oyster Cult taldeak Bilbon jo zuen, Casilla kiroldegian, eta emanaldi hark lorratz sakona utzi zuen orduko zaleen oroimenean. 50 urte geroago, New Yorkeko taldea Bilbon egon da berriro, BBK Music Legends jaialdian, eta berretsi dute rockaren historian eskuratu duten lekua.
Ia sei hamarkada iraun duen ibilbidean, denetarik egiteko astia izan du taldeak. Heavy metalaren aitzindariak izan ziren, harik eta Motorheadek munduko talderik ozenenaren garaikurra kendu zien arte, baina jakin dute pop abesti perfektuak eta zapore lisergikoko balada ederrak ere egiten; eragin zuzena izan zuten punk belaunaldian, baina AOR eta estadioko rock talde ere izan da urte askoan; haien abesti batzuk oso ezagunak dira, rockaren historiako klasiko ukaezinak, eta, aldi berean, kultuko talde ilun eta madarikatuaren ospea gainetik kendu ezinik egon dira beti.
Alderdi asko izan ditu Blue Oyster Cultek bere ibilbidean, eta azken urteotan, bat gailendu zaie gainerakoei: rockaren historian izan duen garrantziaz kontziente den talde klasikoarena, hain zuzen. Eta alderdi hori erakutsi zuten atzo Bilbo Arenan; garai bateko oldarkortasuna atzean utzi dute, eta orain abilezia teknikoa eta perfekzioa lehenesten dituzte, baina, hala ere, ez dute galdu entzuleak hunkitzeko gaitasuna. Piztia bizirik eta osasuntsu dago, letaginak hain zorrozturik ez dituen arren.
Oso atzera jo zuten taldekideek emanaldiari hasiera emateko. 1973an argitaratu eta euren bigarren diskoa izan zeneko The red & the black abestia jo zuten lehenik, eta urtebete lehenago plazaratutako estreinako laneko Transmaniacon MC eta Before the kiss, a redcap egin zituzten segidan. Taldeko lider eta hasieratik gelditzen diren bi musikari bakarrak, Buck Dharma (77 urte) eta Eric Bloom (80 urte), pozik eta eroso zeuden agertokiaren gainean, eta soinua bikaina zen.
Golden age of leather eta a cappella abestutako sarrera ezaguna izan ziren hurrengoak, eta, gero, taldearen kanturik arrakastatsuenetako bat iritsi zen: Burnin’ for you pop harribitxia.
Taldeak jarraitu zuen kantu klasikoak (Hot rails to hell, Extra Terrestrial Intelligence) eta abesti berriagoak tartekatuz (estudioan grabatu duten azken diskoko Tainted blood). Zoritxarrez, ez zen ezusteko handirik izan: taldeak estudioko hamasei disko luze argitaratu ditu, zuzenekoak eta bildumak albo batera utzita, eta, beraz, badu non aukeratu kontzertu bakoitzeko abestien zerrenda osatu behar duenean; horregatik, aldaketak egin ohi dituzte emanaldi guztietan, eta beti harritzen dituzte entzuleak espero gabeko kanturen batekin. Baina BBK Music Legends talde asko biltzen dituen jaialdia izanik, denbora mugatua zuten, eta errepertorioa Europako gainerako emanaldietan jotakoaren bertsio laburtua baino ez zen izan.
Amaiera aldera, urrats batzuen hots ozenak eta piztia baten orro beldurgarriak entzun ziren bozgorailuetatik. Entzuleek bazekiten zer esan nahi zuen horrek: Godzilla. Blue Oyster Cultenbeste klasiko bat, eta fantasia eta zientzia fikzio gaiekin beti izan duten zaletasunaren adierazlea. Bukatzeko, taldearen kanturik ezagunena, Don’t fear the reaper, eta bisetan, Cities in flame with rock’n’roll mitikoa. Horrekin, emanaldi borobila ondu zuen New Yorkeko taldeak, duela mende erdi bat Bilbon egindakoarekin zerikusi gutxi izan arren.
Bestelako proposamenak
Bestelako proposamenak ere egon ziren BBK Rock Legends jaialdiaren estreinako egunean. Samantha Fish izan zen lehenengoa, eta blues elektrikoz beteriko emanaldia egin zuen. Kontzertua hasteko, MC5 taldearen Kick out the jams klasikoa egin zuen. Bitxia da: 1978an, kantu hori jo ohi zuen Blue Oyster Cultek zuzeneko emanaldietan.
Lita Fordi buruz hitz egitean, beti aipatzen da Runaways talde mitiko eta aitzindariko kide izan zela 70eko hamarkadaren amaieran, baina bakarkako ibilbide luzea ere egin du, heavy metalera askoz lerratuagoa, eta horixe eskaini zuen Bilboko emanaldian: erritmo astunak, gitarra epikoak, bateria soloak eta heavy imintzioak. Cherry bomb eta Black leather izan ziren Runaways taldearen ondaretik erreskatatutako kantu bakarrak. Heavy klasikoan hain ohikoak diren power ballad izenekoei ere tartea utzi zien, eta, esaterako, 1989an Ozzy Osbournerekin batera grabatutako Close my eyes forever jo zuen. Sex Museum madrildarrei egokitu zitzaien jaialdiaren lehenengo gauari amaiera ematea.

Euskal Herriko taldeek ere maila ona eman zuten ostiralean, agertoki txikian jo behar izan bazuten ere. Colajets barakaldarrak oso ondo aritu ziren, New York Dollsen eta Burningen eskolan ikasitako rock-and-roll klasikoa eginez, Talking Headsen Psycho killer kantuaren bertsioa eta guzti. Sonic Trash ez dira hasiberriak, eskarmentu luzea bildu dute urte hauetan guztietan, eta hori argi gelditu zen egin zuten kontzertu laburrean. Eta, azkenik, Head Holes talde gazteak freskotasuna ekarri zuen, eta erakutsi zuen rock-and-rolla ez dela soilik hirugarren adineko zaleen kontua. Oraindik badago itxaropenik.
Gaur du jaialdiak bigarren eta azken eguna, eta ondorengo taldeak izango dira oholtzan: Alan Parsons Live Project, The Dead Daisies, Eric Bibb, Errobi, Los Retros, The Cherry Boppers eta Ziraun.