Borrokarako enbaxada

Eresoinkak euskal kultur nortasunaren berri eman zuen 1937tik 1939ra Europan. Egitasmoari buruzko erakusketa jarri dute Donostian

Jesus Elosegiren argazkiak dira erakusketaren ardatza. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko irailaren 7a
00:00
Entzun
«Beharbada, ezin izango gara hemendik atera, baina ez dugu horregatik gure borrokan amore emango. Eta alor artistikora ere eraman nahi dut borroka. Hona, bada, nire enkargua: zoaz berehala Frantzia aldera, eta osa ezazu gure errefuxiatuen artean ahalik eta koru onena, gure melodien bitartez munduan barna zabal dezagun askatasunaren alde hiltzen ari den herri baten gogoramena, atzerrian oraindik ez baitakite borrokan gabiltzala askatasunaren alde». Jose Antonio Agirreren hitzak dira, 1937an Bilbo tropa frankisten esku erori eta euskal gobernua Santanderrera (Espainia) mugitu ondoren, paperera eraman eta Gabriel Olaizola musikariari gutun bidez bidalitakoak. Eskaera hark emaitza izan zuen, Eresoinka, 1937tik 1939ra bitartean euskal kulturaren berri Europan eman zuen enbaxada, sortu baitzuen Jaurlaritzak Olaizolaren eta gerra garaian erbesteratutako dantzari, kantari eta artistekin elkarlanean. Kultura, politika eta borroka uztartu zituen egitasmo haren lekukotasuna jaso du orain Okendo kultur etxean, Donostian, paratu duten erakusketa batek. Eresoinka 1937-1939-k bi urte haien nolabaiteko kronika egiten du, batik bat argazkien bitartez, baina baita kartel, jantzi eta marrazkiekin ere. Erakusketa Donostia 2016k sustatu du eta hainbat erakunde eta elkarteren laguntza izan du, tartean Eresbil, Sarako Ondarea, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea eta Dantzaz konpainiarena.

Argazkiak dira erakusketaren ardatza, Jesus Elosegi Eresoinkako kideak bi urte haietan egin zituenak. 1937ko uda-udazkenetan Saran (Lapurdi) egin zituzten entseguenak jaso zituen aurrena, eta azaroan Parisera lehen bidaia egin zutenekoak ere ugari dira. Eresoinkak Parisko hainbat aretotan eman zuen bere ikuskizuna eta harrera beroa jaso. Gerora etorri ziren Belgikara, Herbehereetara, eta, azkenik Londresera eginiko bidaiak, guztiak ere erakusketan ondo ordezkatuak.

Bira hartan hainbat ikuskizun taularatu zituen enbaxadak, guztiak ere Euskal Herriaren eta Euskal Herria bizitzen ari zen egoeraren berri eman nahi zutenak: Akerlanda, Gernika —bonbardaketaren urte bera zen—, Kaxarranka, Larru kresala —garaiko herri euskaldun bateko egunerokoa jasotzen zuena—, Kalez-kale...

1938ko uztailetik 1939ko uztailera Belloyko gazteluan bizi izan ziren Eresoinkako kide guztiak, komuna batean bezala, eta Amerikarako bidea hartu zuten urte hartan bertan. Bigarren Mundu Gerraren hasierak, ordea, behartu egin zuen kultur enbaxada kontinente berrira zeraman ontzia itzultzera. Han amaitu zen bi urte iraun zuen kultur egitasmoaren ibilbidea.

Izen handiak

Eresoinkak kultur proiektu gisa izan zuen garrantziaren berri ere ematen du erakusketak. Erbesteratutako euskal herritarrek osatzen zuten, eta haien artean izan ziren gerora sona handiko artistak izango zirenak, Luis Mariano eta Pepita Embil, besteak beste. Baina enbaxadako kide izan ziren guztien argazkiak egin zituen Elosegik, eta guztiak ageri dira erakusketan.

Egitasmoa ez da mugatu Donostian jarritako erakusketara, eta hainbat emanaldi antolatu dituzte osagarri modura. Hala, urriaren 22an Eresoinkaren itzalak ikuskizuna taularatuko dute Angelun (Lapurdi) Dantzaz konpainiak, Kea abesbatzak eta Inesfera artistak. Urriaren 29an haur abesbatzen saioa izango da Musikeneren egoitzan, Donostian, eta azaroaren 5ean, berriz, erlijio musikan oinarritutako saioa egingo dute Donostiako Santa Maria basilikan.

'ERESOINKA 1937-1939'

Lekua: Okendo kultur etxea, Donostian.

Noiz arte: Urriaren 22ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.