Zubigintzan artista izan delako, bertso munduari egindako ekarpena handia izan delako eta plazaz plaza aritzeari utziko diolako, omenaldia egingo diote datorren larunbatean Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarrari. Goierriko Bertso Eskolak antolatuta, Ordizian izango da saioa —18:00etan, Majori kiroldegian—.
Etzi Azpeitian egingo duen kantaldia izango da Lazkanok jendaurrean egingo duen azkena, ia urtebete inguru esan baitzuen plazaz plaza bertsotan aritzeari utziko ziola. Urte askoan bertsolari erreferentea izan da, eta ez bakarrik plazan, Bertsozale Elkartean lehendakari gisa egindako lana ere handia izan baita.
Ibilbide horri guztiari aitorpena egiteko saioa izango da Ordiziakoa, eta hainbat bertsolari igoko dira oholtzara, batzuk bat-batean aritzera eta beste batzuk bestelako bertsoaldietan. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ariko dira bat-batean. Haien ustez Lazkanok bertsolaritzari egin dion ekarpenik handiena zein izan den azaldu dute bost bertsolariek.
ANDONI EGAÑA (bertsolaria)
"Zulo guztiak oso ondo bete izan ditu, eta alde horretatik eskertzen diot"
"Ni hasi nintzen garaian, 80. urtean edo, plazaz plaza zebilen sasoiko bertsolari onenetakoa zen, onena ez bazen, eta txunditzen ninduen bertsoa egiteko bere moduak". Egañaren ustez, bertsoa beti "mimo handiz" kantatu du Lazkanok: "Gauzak modu batera edo bestera esan, ez zitzaion berdin, eta bertsoa betetzen batez ere oso ona izan da, bertsoa osatzeko garaian. Batez ere lehen bi-hiru puntuak kargatzen saiatzen da, eta ez du arinkeriazko punturik botatzen".
Lagun ere egin ziren denborarekin Egaña eta Lazkano, "bai plazetan eta bai elkarteko bileretan", eta bietan egindako elkarlanaren emaitzatik osatu da harremana. Lazkano bertsolaria ezagutu du Egañak, eta miretsi ere egiten du. "Baita Imanol pertsona ere, besteekiko beti daukan jarrera batez ere". Belaunaldien artean "porlan lana egin duena" izan da Lazkano Egañarentzat: "Zulo guztiak oso ondo bete izan ditu, eta alde horretatik eskertzen diot".
Zubigintza horretan egin duen lana nabarmendu du zarauztarrak, Lazkano bera baino 20-25 bat urte gazteagoak diren bertsolariekin eta hurrengo belaunaldiekin beti izan baitu harremana. "Beti ikusi izan dut eskolarteko txapelketan epaile eta halako lanetan, bera baino 50 urte gazteagoak zirenak epaitzen, babesa ematen, oholtzatik jaisterakoan animoak ematen...".
SEBASTIAN LIZASO (bertsolaria)
"Bertsolaritza baserritik hiritartzeko bidean katebegi garrantzitsua izan da"
Sebastian Lizasoren ustez, omenaldiko leloak —Zubigintzan artista— garbi esaten du Lazkanok ondo asmatu duela "bertsolaritza baserritik hiritartzeko bide horretan, eta oso katebegi garrantzitsua izan dela". Lizasok azaldu dunez, Inazio Eizmendi Basarri bertsolaria hasi zen baserri girotik antzokirako pausoa ematen, "baina orduan oraindik nagusi ziren baserri giroko plazako bertso saioak, eta Imanol izan da plazatik hiritartzean, bertsolaritza urbanorako bidean, basotik porlanerako bide horretan ekarpenik handiena egin duena".
Elkarteko lehendakari gisa egindako urte luzeetan ere bide horretan ahalegin handia egin duela azaldu du Lizasok; "eta jakin du bertsolari handi (Uztapide, Basarri...) haiengandik jaso zuena guri transmititzen, bertsoaren bertsio modernizatua ekartzen".
Azpeitiarraren ustez, "bere garaian bertsolari erreferentea" izan zen Lazkano; "bertsoarekin itsua izan da, asko eskaini dio bertsolaritzari, eta bertsoa iritsi den lekura iritsi da gauza guztien gainetik bertsoa zeukalako". Lazkanok urte askoan bertsotarako afizio ikaragarria izan duela azpimarratu du Lizasok, eta "afizio horren poderioz erreferentea izatea lortu duela".
XABIER AMURIZA (bertsolaria)
"Izen erreferentziala izan da, bai bertsolarientzat eta baita elkartearentzat ere"
"Erantzun bakarrean zaila da horren ibilbide luzea laburtzea, baina nik Imanol Lazkanoren izaeran pare bat arlo bereiztuko nituzke". Bertsolari moduan eta Bertsozale Elkarteko lehendakari gisa egindako lana bereizi ditu Xabier Amurizak.
"Lazkano, aspalditik, beti puntan ibili den bertsolaria da, bertsolari plazetan, bat-batean eta txapelketetan". Bertsolari "handia" izan da, Amurizarentzat, "ez bakarrik ibilbide luzeagatik, bere inprobisatzeko moduagatik eta kalitateagatik ere bai. Eskola klasikoaren irudirik aurreratuenetakoa bera izan da". Bertsolaritza klasikotik etorri arren belaunaldi berrietara egokitu izana azpimarratu du Amurizak.
"Kontalari moduan, saioetan eta saioaren ondoren Lazkano artista ikaragarria izan da, ipuinak, kontakizunak, pasadizoak, gertakariak... kontatzen. Jartzailea ere handia izan da" Lazkano, Amurizaren ustez, eta Andoni Egaña ere bat dator horretan.
Antolatzaile moduan Euskal Herriko Bertsozale Elkartean urteetan egin duen lanari buruz, "oso ondo egin duen lan bat" izan dela dio Amurizak. "Izen erreferentzial bat da, bai bertsolarientzat, bai elkartearentzat eta bai elkarteak izan dituen kanpo harreman guztietan". "Lazkanorekin, elkartea hazi eta garatu egin da, eta bide horretan etorri da azken urteetaraino". Amurizarentzat, "figura klabea" izan da Bertsozale Elkartearen sortze eta eboluzio guztian, eta, hain zuzen, Ordiziako omenaldia ere bide horretan antolatu dutela zehaztu du, "egin duen lan hori aitortzeko".
Lazkanok ipini duen "sua eta pasioa" nabarmendu du Amurizak. "Militantzia guztia ondo egiten eta eramaten jakin du, presidente gidari izaten jakin du; eta nolako konpromisoarekin, nolako gaitasunarekin, elegantziarekin egin dituen gauzak. Eta nola eraman duen kargu hori, bai barruan eta bai kanpoan". Hori da Amurizak Lazkanori egiten dion aitorpena.
AMETS ARZALLUS (bertsolaria)
"Bertsoaren transmisioaren balioa guri helarazi diguten bertsolarietako bat izan da"
Lazkanoren bertso ibilbidearen kronologiari begiratuta, "oso berandu" iritsi da bertso plazara Amets Arzallus; harekin plaza batzuetan aritu da, baina gehiago ezagutu du Lazkano Bertsozale Elkarteko lehendakari gisa. Baina Arzallusek bertsozale gisa baditu gogoan azpeitiarrak bertsogintzari utzitako hainbat ale: "Adibidez, eta bereziki, Joxe Agirrerekin puntuka egiten zituen saioak. Halako printzak dauzkat gogoan".
Lazkanok "bertsoaren transmisioan egin duen lana" azpimarratu du Arzallusek; "eta norbere ekarpen pertsonala baino ikuspegi iraunkorrago batekin, besteenganako harremanean eta eraginean, eta bertsoaren hariaren luzapenean egin duena". "Lazkanok, Joxe Agirrerekin batera, adibidez, balio hori oso txertatuta eduki du, eta hori guri helarazi digute bertsolari helduagoek; horietan bat izan da Imanol".
Plazan baino gehiago ezagutu du Arzallusek Lazkano Bertsozale Elkarteko lehendakari gisa, eta figura horrek bertsolaritzari utzi diona "oso emankorra eta oso handia" izan dela dio.
MAIALEN LUJANBIO (bertsolaria)
"Hitzen jira-bueltetan sortutako bertsogintzaren ordezkaria da"
Maialen Lujanbioren ustez, kronologikoki bertsolari gazteagoek Lazkanorekiko izan duten harremanak asko esaten du Lazkanori eta bere ekarpenei buruz. Berak, adibidez, eskolarteko txapelketan ezagutu zuen, epaimahaikide ibiltzen zelako. "Horregatik, gazteenek beti ondoan izan dugun pertsona izan da Imanol, beti erreferentzia hurbila izan da, gaztetxotatik ezagutu izan dugulako".
Gerora, harekin bertsotan aritzeko aukera ere izan du Lujanbiok, eta bere ustez, "bertsogintzari dagokionez, garai bateko bertsogintzaren lekukoetako bat da". "Hitzen gozamenean eta hitzen gaineko jira-bueltetan sortutako bertsogintza horren ordezkarietako bat". Bertsolari gazteentzat erreferentzia hurbila izan da Lazkano, eta "bertsokeraren ezaugarriak haren bidez ezagutzeko suertea" izan dutela azaldu du Lujanbiok.
Gazteak zaindu eta babestu ditu Lazkanok, eta "transmisio sen bat izan du gazteekiko; esparru guztietan egon da, eta bertsolari guztientzako figura bat da".
Bertsogintzaren alorrean, elkartetik Lazkanok egin duen lana ere nabarmendu du Lujanbiok: "Bertsogintzaren inguruan lan handia egin duelako eta ondare zabala utzi duelako".