GALek hildako Mikel Goikoetxea Txapelaren eta haren alaba Haizeren istorioa jaso zuen Itsasoaren alaba dokumentalean (2009). Sao Tomen deportaturik bizi den Alfonso Etxegarai eta haren bikotekide Kristiane Etxaluzi buruzko lana, Sagarren denbora zuzendu zuen hurrengo urtean, Txaber Larreategirekin batera. Lehen lana estreinatzerako errepresioaren inguruko trilogia bat osatuko zutela esateko «arduragabekeria» egin zuen Josu Martinezek (Bilbo, 1986), orain aitortzen duenez. Emandako hitza betetzeko asmoa du, eta euskal presoen inguruko dokumentala prestatzeko lanetan hasia da dagoeneko. Beste lau zuzendarirekin batera onduko du lana. Haien izenak oraindik ez ditu aurreratu nahi izan, lanak zehazteke dituztelako. Baina bidea hasia dute, eta filma heldu den urtean aurkeztea da asmoa. Kartzelako poemak behin-behineko izenburua jarri diote oraingoz.
Martinez izango da zuzendarietako bat, eta gainerakoen arteko koordinazio lanak ere egingo ditu. Zuzendari bakoitzak, nork bere ikuspuntutik, euskal preso baten istorioa jasoko du filmerako.Bost preso izango dira, beraz, filmeko protagonistak, euskal presoen errealitatea ezagutarazteko. «Zergatik bost? 700dik gora preso baldin badaude, 700dik gora istorio daude, eta iruditu zitzaigun dokumentalerako pertsona bakarra aukeratuz gero ez zela nahikoa izango errealitate hori bere osotasunean islatzeko», azaldu du Martinezek. «Unibertso hori ahalik eta modu zabalenean islatzeko», bost protagonistek askotariko soslaiak izatea hobetsi dute, adinari, jatorri sozialari, akusazioari, bizi izandako egoerei edo zigorraren urte kopuruari dagokienez, besteak beste. «Bost istorio ezberdin izango dira, baina istorio guztiekin pelikula bakarra osatuko dugu».
Zuzendari bakoitzak bere begirada eskainiko dio lanari, eta horregatik, presoekin egin bezala, belaunaldi eta jatorri ezberdinetako zinemagileengana jo dutela azaldu du Martinezek. «Oraingoz, jarri dudan irizpide bakarra gaiak ez errepikatzea da, ahalik eta zabaltasun handiena lortzeko». Aurrerago erabakiko dute istorioen arteko lotura nola egin; elementu poetiko baten bitartez, estilo aldetik edo bestela egingo duten. Bost presoen soslaiak zehaztuta dituzte jada, eta hortik aurrera zuzendari bakoitzak nahi dituen gaiak mahai gaineratzeko eta istorioari nahi duen ikuspegia emateko «askatasun osoa» izango du, «betiere giza ikuspegi horretatik, pertsonak jarriz erdigunean». Aurreko lanetan bezala, pertsonak jarri nahi dituzte lehen planoan. «Hori da gako nagusietako bat; epika guztien azpitik ibili nahi dugu. Orain arte halako gaietan diskurtsoa beti izan da edo heroiena edo hiltzaileena; guk pertsonak atera nahi ditugu».
Zailtasunen aurrean, sormena
Filmeko protagonistak presoak izanik, grabazioak egiteko zailtasunak izango dituztela jakitun da zuzendaria. «Oinarrizko kontraesan bat da guk pertsonak atera nahi izatea eta presoengana ezin iristea». Sormenean ikusten du aterabidea. «Sartu berri den presoa agian grabatu ahal izan dugu lehenago, edo agian ateratzen den presoa geroago, baina kasu gehienetan ezingo dugu grabatu, eta hor malabarismoak egin beharko ditugu. Saiatuko gara kartzelara sartzen eta presoekin egoten, baina badakigu oso zaila izango dela». Oraindik zehaztuta ez badute ere, «ausentziekin jokatzea» izan daiteke aukera bat, edo presoei hitza beste modu batean ematea, gutunen bidez, ahotsaren bidez... «Pentsa nola dagoen kontua, presoen argazkiak ere ezin direla berez atera, delitua omen dela. Orduan, horren aurrean zer? Ba sorkuntza, ikusiko dugu».
«Gauza txikiren bat» grabatu badute ere, orain preprodukzio fasean daudela azaldu du Martinezek: presoekin harremanetan jartzen, haien senideekin egoten, aurretiazko elkarrizketak egiten eta bakoitzak istorioa nola kontatu nahi duen pentsatzen. Talde teknikoa, kameraria barne, berbera izango da bost istorioetan, eta, horregatik, grabaketa modu mailakatuan egingo dute. Datorren urtearen erdialderako amaitu nahi dute lana. «Uste dugu presoen gaia mahai gainean egongo dela ordurako, eta film honek bere txikitasunean lagun dezakeela prozesu horretan, ikusgai jartzen, ikuspegi independente batetik betiere; gu ez gara inoren bozeramaileak izango, zuzendari bakoitzak askatasun osoa izango du».
Jauzi bat, bi mailatan
Maila artistikoan «jauzi bat» egin nahi zutelako aukeratu dute bost zuzendari eta bost istorio elkartzearen formula trilogiako hirugarrena egiteko. Baina azpiegitura mailan ere egin nahi zuten salto hori, eta, horretarako, elkartea sortu dute Martinezek eta kulturaren, ekoizpenaren eta komunikazioaren munduko hainbat lagunek. Zinez jarri diote izena, zinemarekin edo «benetakotasunarekin, bihotzetik aritzearekin» lot daitekeen hitza delako.
Aurreko filmak aurrekontu oso txikiarekin eta «erabat auzolanean» egin zituztela eta oso harrera ona izan zutela dio Martinezek, baina emanaldietara «jende mota bat erakartzeko arazoak» zituztela jabetu ziren. Halaber, «auzolanean aritzeak «izugarrizko sinergiak» sortzen dituela eta maila askotan oso alde onak dituela dio, baina «lantzean behin jendeari apur bat ordaintzea ere» ez dagoela gaizki, «azkenean beti mesedeak eskatzen zabiltzalako».
Oraingoan Zinez izango da filmaren «sostengua», baina ez da ohiko ekoiztetxe bat izango, erdibideko zerbait baizik. Halako egitasmoek bide ofizialetatik diru laguntzak lortzea zaila dutela jakinda, herritarrengana joko dute babes eta diru eske. Gogorarazi duenez, euskal zinemagintzan badira aurrekariak: «Amaiur, esaterako, herri harpidetzekin finantzatu zen erabat». Sostengu kanpaina bat martxan jarriko dute, eta, herritarrak pelikularen parte hasieratik sentiarazteko, hainbat kultur ekitaldi ere egingo dituzte.
«Benetakotasun horretatik, herritik, bestelako istorioak kontatzeko» plataforma gisa ikusten du Martinezek Zinez, eta ez daki film hau egingo duen bakarrik edo aurrera begira ere lanean jarraituko ote duen. «Jendearen partetik erantzun ona badu, zergatik ez».
Bost begirada, film bakarra
Euskal presoei buruzko dokumentala egingo dute Josu Martinezek eta beste lau zinemagilek. Zinez elkartea sortu dute horretarako, herritarren laguntzaz «bestelako istorioak» kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu